Goierriko Trail Kopa antolatu dute aurten lehenengo aldiz, inguruko mendi lasterketetan goierritarren parte-hartzea areagotzeko helburuarekin. Lau mendi lasterketak osatu dute kopa: Gabiriako Leharrei lasterketa, Segura-Zeraingo Sanson, Urretxu-Zumarragako UZ Trail eta Idiazabalgo Axari Trail. Lau probetatik, hiru proba onenetako denborak hartu dituzte kontuan azken sailkapenerako. Lasterketa luzeetako gizon eta emakume azkarrenak saritu dituzte batetik, eta proba motzetako azkarrenak bestetik. Eta gauza bitxi bat gertatu da: bi emakume irabazleak Zaldibiakoak dira, eta bi gizonezkoak Zumarragakoak. Bikotasunaren aitzakiarekin, lauak elkartu ditu GoiBerri-k lehen aldiz antolatutako egitasmoaren inguruko iritzia emateko.
Juanjo Igartzabal
Zumarraga, 1977
«Baserrian behorren atzetik joaten ginenetik egin dut korrika mendian»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Juanjo Igartzabal eta Imanol Intza dira Zumarragako lasterkariak. Igartzabalek urteak daramatza mendian korrika, eta lasterketa luzeen kategorian irabazi du, trail motan. Intza, berriz, krosean ibili izan da, eta aurten hasi da mendian entrenatzen. Probatzeko, Gabiriako lasterketan parte hartu zuen, eta garaipena lortuta, gainontzekoetara ere animatu zen. Lasterketa motzen kategorian irabazi du, esprint izenekoan. Biak ala biak gustura agertu dira garaipenarekin.
Harrera ona Kopak
Lehenengo urtez antolatu duten Goierriko Trail Kopak lasterkarien artean harrera ona izan du. Intzaren ustez, «polita da horrelako ekimenak antolatzea, inguruko jendea mendian korrika egitera animatzeko». Igartzabalen iritziz, gainera, Goierriko korrikalariek elkar ezagutzeko balio du, baita eskualdeko lasterketetara parte-hartzaile gehiago batzeko eta bertako korrikalariei aipamen bat egiteko ere. «Bizitasuna eman die hemengo lasterketei; beste urte batzuetan errepikatzeko moduko ekimena da», adierazi du.
Bestalde, lasterketetan izan den antolakuntza nabarmendu du Igartzabalek. Goierrin mendiko lasterketetarako afizio handia dagoela adierazi du, eta, ondorioz, antolatzaileak ere mendian korrika ibiltzen diren lagunak izaten dira. «Ezagutzen dituzte lasterketak, eta badakite zer behar den; ez da mendian ibili gabeko jendea». Esperientzia hori, antolamenduan nabaritzen dela adierazi du Igartzabalek.
Imanol Intza
Zumarraga, 1994
«Herriko mendietan entrenatzen dut, Izazpi inguruan edo Irimon»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Goierriko Trail Kopako lau lasterketetatik bi lehen aldiz antolatu dituzte: Segurakoa eta Gabiriakoa. Intzak Segurakoan parte hartu zuen. Oso ongi antolatuta zegoela adierazi du, baina, bere gusturako, «pista gehiegi» zuen. «Mendiko lasterketa bat izateko, ez zuen ia jaitsierarik; korrika asko egitekoa zen», esan du.
Igartzabalek, berriz, Gabiriakoan parte hartzeko aukera izan zuen. Ibilbidea «oso polita» iruditu zitzaion. «Eguraldi txarra egin arren, bidea nahiko garbi eta egoera onean zegoen. Gainera, amaierako aldapak bizitasuna eman zion lasterketari, eta jende asko bildu zen bertan korrikalariak animatzera; giro ederra sortu zen».
Kopako beste bi lasterketak, UZ Trail eta Axari Trail, lehendik ere antolatzen ziren. Parte hartzeaz gain, Urretxu-Zumarragakoa antolatzen ere laguntzen du Igartzabalek. Bi lasterkariak bat etorri dira Kopako lasterketarik gustukoena UZ Trail dutela esatean. «Agian ez ditu besteek bezain bista ederrak, baina korrika egiteko politagoa da», adierazi du Intzak. «Nahiz eta motzagoa izan, Kopako lasterketarik gogorrena da, aldapa gehien duena».
Orokorrean, lau lasterketak Goierriko orografiarekin bat datozen lasterketak direla uste dute Igartzabalek eta Intzak. «Entrenatzeko erabiltzen ditugun inguruneak izaten dira; ez dira oso malkartsuak, baina bai gorabeheratsuak. Ondorioz, lasterketa azkarrak dira, baina indarra behar da», dio Igartzabalek. Intzaren ustez, ez da teknika maila altua behar.
Luzeetan maila hobea
Korrikalarien mailari dagokionez, Goierrin maila altua dagoela uste du Igartzabalek, eta Aritz Egea nabarmendu du. Intzaren ustez, ordea, lasterketa luzeetan maila altuagoa izan da motzetan baino. «Agian, izan daiteke lasterketa motzetan ni bezala hasi berria den jendeak parte hartzen duelako; esperientzia dutenek luzeetara jotzen dute».
Goierriko Kopa amaituta, Intzak amaitu du mendiko denboraldia ere. Kroseko denboraldiarekin hasiko da orain, buru-belarri. Mendian zein asfaltoan korrika egitea, biak gustatzen zaizkio: «Niri korrika egitea gustatzen zait, berdin dit non».
Igartzabalek ere, momentuz, ez du beste lasterketarik aurreikusi urtea amaitu bitartean. Gabonak bitarteko epean lan karga handia eta asti gutxi izaten duela adierazi du. Dena den, ez du baztertzen etxetik gertu probaren bat eginez gero parte hartzea.
Amaitutzat jo duten mendiko denboraldiaren balorazio positiboa egin dute nola Intzak, hala Igartzabalek. Zazpi-zortzi lasterketatan parte hartu du Igartzabalek, bere buruari inongo helbururik jarri gabe, eta ongi atera zaizkiola iritzi dio. Ziur, datorren urteko Goierriko Trail Kopan ere zeresana emango dutela Zumarragako biek, beste guztiekin batera.
Emakumezkoen kasuan, Laida Elizegi eta Garazi Golmaio zaldibiarrak dira Goierriko Trail Kopako txapeldunak, trail eta esprint modalitateetan, hurrenez hurren. Elizegik beste bi karrera ditu begiz jota, denboraldia bukatu aurretik: Gorbeia Suzien urriaren 1ean, eta Lanzaroteko mendi lasterketa, azaroaren 19an. Golmaio Bergarako San Silbestrean irtengo da, ohitura duen bezala, urtea bukatzeko.
Garazi Golmaio
Arrasate, 1994
«Eskolatik irten, eta iluntzeetan korrika egitera joatea gustatzen zait gehien»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Gustura dira biak, egin duten sasoiarekin. «Ez nuen halako urterik espero. Martxoan Kanarietako Transgrancanaria irabazi nuen. Goierriko Koparen berri Gabirian izena emandakoan izan nuen, eta datetan ondo zetorkidanez, parte hartu dut. Horko garaipenarekin ere gustura nago», dio Elizegik.
Uztailean Marimurumendi zuen helburu, baina lesio baten erruz ezin izan zen irten.
Golmaiok lehenengo urtea du mendi lasterketetan. Esprint distantzian (15 kilometro inguru) lehiatu da Goierriko Kopan, baina luzexeagoak ere osatu ditu, 25 kilometrora artekoak.
Balorazio ona
Bi neskek Goierriko Kopari buruzko iritzi ona dute. «Polita iruditu zait», dio Elizegik. «Egutegian sakabanatuta zeuden, eta ondo etorri dira», Golmaiok.
Lau probetatik bi —Gabiriako Leharrei eta Segura-Zeraingo Sanson— berriak izaki, gainera, meritua gehitu diote biek, bai parte-hartzaileen kopuruari, bai mailari begiratuta.
Ibilbideen aldetik, esprint luzerako karreren trazatuak hobetu beharrekoak iruditu zaizkio Golmaiori: «Seguran, esprint luzerakoa gehiena pista zen; gehiegi. Mendi gutxi zapaldu izanaren pena geratu zitzaigun. Luzea politagoa zen. Korrika egiteko atseginagoa da goialdean ibiltzea, bistekin».
Laida Elizegi
Zaldibia, 1991
«Zegama-Aizkorri bizitzan behin egin beharrekoa omen da eta, hasi zait harra pizten»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Elizegiri gustatu zaizkio bideak. «Urretxukoan bi mendi igo genituen, eta ondo. Segurako eremua ez dut asko ezagutzen. Axarikoa bai; hirugarren urtea zen, eta ikaragarri gustatzen zait ingurua. Gabiriakoan eguraldi barregarria egin zuen, eta ez nuen paisaiaz asko gozatu».
Gogortasunari dagokionez, berriz, gehixeago eskertuko zuketen. «Askotan, desnibel gutxiagoko karrerak okerragoak izaten dira, erritmo biziagoan joaten garelako», dio Golmaiok. Elizegik ere aldapa nahiago du: «Ibilbidean, tarteka oinez ibili beharra gustura hartzen da. Nik aldapa eskertzen dut».
Lehiatzeko, berriz, nahiago dituzte goizak arratsaldeak baino. «Berez arratsaldean gorputza aktiboago egoten omen da, baina nik nahiago dut goiza. Bestela, egun guztian zain, ez da eguna aprobetxatzen», dio Elizegik.
Urretxu-Zumarragako mendi lasterketan, adibidez, bero handia izan zuten. «Eguzkiak arratsaldean jotzen du gehien;?gogorra izan zen».
Lehia apalagoa nesketan
Emakumeen artean, Elizegik ez du zailtasun handirik izan, lehiakideei dagokienez, Goierriko Kopako txapela janzteko. «Ez zegoen lau karrerak egin dituen neskarik. Urretxuko bat, uste dut. Gainera, goierritarra izan beharra zeukan. Egia esan, ez nekien zein zihoan karrera bakoitzera. Askotan hobe da horrela, bestela zure buruari presioa eransten diozulako, eta kito», azaldu du Elizegik.
Golmaioren kasuan, esprint motan lehiakide gehiago sartu dira jokoan. «Izan ditut aurkari batzuk, karrera denetan atera direnak. Azkeneko proban, Axarin, ez nuen batere gozatu, presioa sentitu bainuen».
Emakumezkoen mendi lasterketetan maila igoera ikusgarria nabaritu dute bi zaldibiarrek. «Oraindik asko dago egiteko, baina badoa. Hobekuntza handia antzematen da. Besteek esandako kontuetatik, orain dela lau urtetik hona ez dago konparaziorik. Orain izugarrizko maila dagoela diote», iritzi dio Laida Elizegik.
Antolakuntzaren arloan ere herrenik gabeko lasterketekin topo egin dute Goierrin. Atzerriko zenbait tokitan baino maila askoz hobea dagoela diote. «Aurten kanpora joatea tokatu zait, eta mendi lasterketen arloan hemen hamar mila pauso aurretik goaz: antolakuntzan, mendian dagoen giroan… Katalunian bi aldiz izan naiz: batean oso ondo, Munduko Kopako proba zen eta; baina bestean mendian tristura zegoen. Gero etortzen zara Idiazabal batera, adibidez, eta hemen festa dago», dio Elizegik.
Mendiko markatze eta seinalizazio lanak ere goraipatu ditu: «Ez dago Altxorraren bila ibili beharrik, beste toki batzuetan bezala».
2017rako helburu zehatzik ez dute jarri. Ibilian-ibilian ikusiko dute. Goierriko Kopan bezala.