Eneritz Gorrotxategi
Iritsi eta pasa zaizkigu 2016garren urteko enegarren, tira, hirugarren hauteskundeak. (Goierritarrok ez dugu ahaztu behar beste hitzordu bat ere izan genuela ekainean, geure iritzia emateko, noski). Eta nork daki, argi ibili akaso laugarrenez ere jo beharko dugu eta hautestontzietara. Herriak eman du bere iritzia, eta orain, Legebiltzarreko mahai jokoa hasiko da piezak atera eta mugimenduak egiten. Ulertzekoa da, behin eta berriz ariketa bera egitea nekagarri suerta litekeela, baina herritarron betebeharra da eta aukera dugun bitartean, geure eskubide horri eusten saiatu beharko dugu. (Bestela nork daki, akaso hori ere kendu egingo digute eta.) Ikusi ditugu irri egiten zuten aurpegiak, aurpegi luzeak, ez irri ez barre egiten dutenak, zurrunak, nahiz emaitza harriduraz hartu dutenak.
Horrelakoetan abstentzioak atentzioa eman izan dit. Pentsatzen dut beti izaten dela egun horretan botoa ematera joan ezin duen jendea, egoera ezohikoak bizi dituelako, edota ezinezkoa zaiolako postara hurbiltzea, hauteslekura joatea, hamaika egoera, ulergarriak guztiak. Baina, botoa emateko aukera izan, ahal izan eta ez ematea, harritzekoa egiten zait. Uler dezaket hauteskundeekiko intsumiso deklaratu direnek ariketa hori praktikara eramatea, baina horrela izan gabe botoa ematera ez joatea, ez dakit bada. Datuen arabera gainera EAEn %4 egin du gora abstentzioaren datuak. Nola ulertzen ote du ondorengo egoera, bozak posizio horretatik bizi dituenak?
Ion Muñoa
Abstentzioaren optikatik emaitzak irakurtzea interesgarria bezain tranpatia izan daiteke. Sistema demokratikoa jendearen parte hartzeak sostengatzen du eta egiten du zilegi, eta abstentzioa ez da azalkeriaz hartzeko zerbait. Neurri batean, sistemaren osasun demokratikoaren sintoma da abstentzioaren datua. Edozein modutan, zaku berean dena sartu gabe, abstentzioaren barnean gutxienez hiru multzo daudela esango nuke: ezinak eraginda botoa ematen ez dutenak, nahita botoa ematen ez dutenak edo paso eginez botoa ematera joaten ez direnak. Bigarren bi multzo horiek aztertzekoak dira: zerk darama pertsona bat sisteman aktiboki ez parte hartzera, sistema bera ez onartzea edo sisteman ez sinestea? Zerk darama pertsona bat bere bizitzaren dimentsio kolektiboan zuzenean eragiten duen zerbaitetan parte hartzeari utzikeriaz uko egitera?
Ez nik erantzunik. Baina uste dut garrantzitsua dela bi elementu kontuan hartzea. Batetik, giro sozio-ekonomiko-politiko orokorrak zeresanik badu. Gogoratu besterik ez dago 2001eko hauteskundeetako %80ko parte hartze historikoa ze momentu eta egoeratan gertatu zen. Giro lasai eta egonkorretan parte hartzea jaitsi egiten dela dirudi. Bestetik, sozializazio politikoarekin eta gizartearen politizazioarekin zerikusia duela ematen du. Politika gertuago bizi daitekeen herri txiki eta ertainetan, oro har, parte hartzea handiagoa da; Goierrin, EAEko %62tik oso gorakoa izan da parte hartzea. Eta abstentzio txikiagoa osasun demokratiko hobearen seinale bada, goierritarrok nahiko pozik egoteko moduan gaude. Alabaina, ez dakit politizazio edo sozializazio politiko altua eguneroko elkarbizitzako beste gauza batzuetarako hain egokia den. Baina hori beste kontu bat da, eta momentuz erantzutetik abstenituko gara.