Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Hizketan aritzea, lagunekin, familiakoekin, adiskideekin, ezezagunekin, hitz egin nahi duenarekin eta entzun nahi gaituztenekin hitz egitea, ariketa sanoa, aberatsa eta polita duk. Bai, noski. Zertaz hitz egin, ordea? Zertaz jardun hizketan? Gai asko dizkiagu aukeran, baina badituk gai batzuk, izkina egin eta aipatu nahi izaten ez ditugunak, ezeroso sentitzen garelako, informaziorik eta iritzirik ez dugulako edota barruak mugiarazten dizkigutelako. Horiek jarri behar dizkiat mahai gainean gaurkoan.
Gaixotasun larriak eta zahartzaroa. Ezinduta, laguntza beharrean, besteen menpeko geratzen garenean, familikoak jarri behar al dizkiagu geure arduradun? Haiek zaintzaile, gau eta egun? Zenbateraino lotu behar dizkiagu? Etxean, familiaz kanpoko laguntzaileekin, ala erietxe eta zahar-etxeetara jo behar diagu?
Heriotza. Norberarena nahiz ondokoena. Nolakoa nahi genukeen heriotza bera, nolako hileta, funtzioa, agurra. «Hil eta gero, salda bero!» ziok esaera zaharrak, baina bizirik geratzen direnentzat izaten dituk buruhausteak. Adibidez: bizi zela sinestuna ez zenari, elizara joaten ez zenari, elizara eraman eta elizkizun kristaua egin behar al zioagu? Aberastasunak eta zorrak: hiltzen garenean, nori banatu edota nori ordainarazi behar zizkioagu?
Horrelako kontuei buruz hitz egin eta nahiak, borondateak eta ahalak argitu ondoren, idatzita eta sinatuta uzteko, Notarioarekin konfesatu behar izaten omen duk. Burua ondo eta osasuntsu daukagunean hitz egiteko gaiak dituk, baina…
Inazio Usarralde
Ez ditun gai kamutsak aipatutako gaixotasun larrien, pertsonon mendekotasunaren eta heriotzaren gaiak. Bakoitzak mereziko liken artikulu hau baino mamitsuago bat, noski!
Baina, aukeran ipinita heriotzaren gaiari heldu nahi zionat nik oraingoan. Hasteko, Pernandoren egia botako dinat: heriotza bizitzaren atal bat dun eta, nahi edo nahi ez, denok iritsiko duguna lehentxeago edo geroxeago. Nola iritsi dun, ordea, kontua!
Denetik ezagutu ditinagu inguruan, nola gazteak hala adinez aurrerago joandakoak: bat-batekoak, istripuz edo osasunak krak! eginda. Denbora bat, laburrena dela ere luze joan ohi dena, gaixo egon ondoren…
Bat-batekoa, ondokoentzat trantzea gogorra dela jakinda ere, askok aukeratuko geniken. Hori bai, gure aitak esaten duen moduan, «segadunak etorri behar badu etor dadila baina, nik gaur atzo baino gogo gutxiago zeukanat joateko, eh!». Hori esateko moduan garen bitartean ez goazen gaizki.
Besterik dun eritasun baten ondoriozkoa izatea. Etxe gehienetan ezagutzen duguna eta, urteak aurrera, molde askotariko eritasunak ezagutzen ari gaitun, gainera. Horrelakoa egokitzen bazait, berriz, garbi zeukanat lehenbizi ahalegin betea egingo dudala gaitzari aurre egiten baina behin irtenbiderik ez bada sumatzen, neu ondo naizela, edo nire izenean nire hurkoek erabakita, bizitza eteteko eskubidea nahi niken.
Azken agurra? Pagadi batean, kantu saio batekin eta sardina janen batekin irudikatzen dinat neurea ametsetan.