Hilabetez Kenian bertako haurrekin kooperante lanean ibili ondoren berriz ere Lazkaon da Jessica Cantero. Betidanik erakarri izan du Afrikak Jessica Cantero gazte lazkaotarra. 2012an joan zen lehenengo aldiz kooperante lana egitera, Cineastas en accion elkartearekin. Senegalera joan zen lehenengo aldi hartan ordea ez zen bakarrik joan; etxekoei Senegalera joatekoa zela esan zienean, ama, momentu hartan 12 urte zituen anaia, eta bere bikotea zena ere, berarekin joatera animatu ziren. Esperientzia «ahaztezina» izan zela dio Canterok eta garbi zuen berriz ere bueltatuko zela laster.
Afrikaren deia sentitu duzu berriz?
Bai, eta sekula baino indartsuago gainera. Beti sentitu dut Afrikarekiko lotura handia; musikalki, kulturalki… eta bizitza osoan izan dut bertara joateko gogoa. Gizarte hezkuntza ikasketak egin nituen eta oso arima solidarioa dut.
Orain dela lau urte Senegalera joan nintzen hilabete. Besoak zabalik jaso ninduten eta jendea oso atsegina izan zen nirekin. Esperientzia bikaina baina laburregia izan zen hura, eta berriz ere bueltatu behar nuela garbi nuen.
Eta berriro joan zara…
Hori da! Lehenengo aldian bezala, Interneten Afrikan lanean dauden elkarteak bilatzen hasi nintzen eta Afrikable bilatu nuen. Asko gustatu zitzaidan beraien proiektua; emakumeen ahalduntzea bultzatzen egiten dute lan, Kenian, Lamun hain zuzen ere. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeei, seme-alabekin baztertuak izan direnei… tailerrak eskaintzen dizkiete lanbide bat ikasi eta independiente izan daitezen, haurrek lana egin behar izatearen aurka borroka eginez aldi berean.
Martxoan hasi nintzen tramite guztiak prestatzen eta Lazkaoko Udalean ere aurkeztu nuen Afrikableren proiektua. Aurkeztutakoa gustatu eta beka bat jaso nuen Keniarako.
Zein da zuk han egin duzun lana?
Alor ezberdinak eman zizkiguten aukeran eta nik haurrekin lan egitea eskatu nuen. Eskolan, irakasleari laguntzen egon nintzen; zailtasun gehien zutenekin batez ere. Sei eta 11 urte bitarteko haurren gelan egon nintzen beraiekin marrazten, kantuak irakasten…
Nolako izan da esperientzia berri hau?
Oso aberasgarria! Oraingoan bakarrik joan naiz gainera, nahiz eta ama eta anaia ere desiatzen zeuden berriz ere joateko, baina bakarrik joateko beharra nuen.
Zeintzuk dira ikusten dituzun behar nagusiak?
Garbitasuna eta zapaten beharra dute. Zikinkeria asko dago toki guztietan, eta ez hori bakarrik, Jiga izeneko zizare bat dago. Azalean sartzen da, arrautzak jartzen ditu eta horrek infekzio handiak sortzen dizkie.
Berriz ere bueltatzeko intentziorik bai?
Noski! Azkeneko bidaian ezagututako jendearekin proiektu bat dut esku artean. Amatasun etxe bat egin nahiko genuke; haurdunaldietan eta erditzeetan arazoak ekiditeko.