Balio arkitektonikoa aitortu berri diote Legorretako Etxezarreta paper fabrika zaharraren eraikinari, bulegoak hartzen zituen zatiari hain zuzen. Docomomo erakundeak egin dio aitortza eta plaka bat ezarri diote horren lekukotasun gisa.
Mugimendu modernoko ondare arkitektonikoa dokumentatzeko eta babesteko sortutako nazioarte mailako erakundea da Docomomo. Estilo modernoko hainbat eta hainbat eraikuntza, gune eta auzune ditu erakunde horrek jasota bere datu basean, eta duela gutxitik Legorretako paper lantegi zaharraren zati bat dago katalogo horren barruan.
Fernando Redon Huici arkitekto iruindarrak diseinatu zuen papelerako bulegoen eraikina, 1957an, eta urtebete beranduago eraiki zuten. Mugimendu Modernoaren adierazleetako bat da Redon, eta estilo modernoari jarraiki egin zuen, hain zuzen, Legorretako eraikuntza. Paper fabrikaren jabeen babesarekin, nazioarte mailako enpresa baten irudia eman nahi izan zion.
Hiru solairuko eraikina da papelerako bulegoena. Kanpoaldean betegarri eta hutsunekin osatutako joko horizontala zein bertikala da nabarmena. Kanpoko estiloak jarraipena du?barrualdean, non arotzeria azpimarratu behar den.
Ezaugarri horiek guztiak eta askoz ere gehiago, Irati Otamendik jasoak ditu lantegi zaharra gaitzat hartuta egin zuen ikasketa amaierako proiektuan. Docomomoren oroigarria ezartzeko ekitaldian izan zen arkitekto beasaindar hori, herriko alkate Zelai Amenabarro eta Judith Ubarretxena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko presidentearekin batera.
2010etik itxita
Legorretako paper fabrika 1902an jarri zuen martxan Juan Jose Etxezarreta Urkiola ezkiotarrak. Hasieran kartoia ekoitzi zuen, eta 1916an papera egiten hasi zen. Gerra aurretxoan 100 langile zituen. Etxezarreta 1941ean hil zen, eta lantegiari berea alaba Maria Josefarekin ezkonduta zegoen Gabriel Ochoa de Zabalegi suhiak eman zion jarraipena. Horren gidaritzapean eraiki zen bulegoen eraikina 1958an, 223 langile zituenean.
Baina 1962tik langile kopurua jaisten hasi zen eta 2004an Etxezarretak bat egin zuen Villabonako La Salvadorarekin, Paperalia konpainia sortuz. Produkzio osoa Legorretara eraman eta 135 langilerekin hasi zuen bi urte eskas iraungo zuen ibilbidea. Lantegiak 2010ean itxi zituen ateak.