Aitor Calvillo
Gustukoa al dek gazta, Axier? Ni gazta-jale amorratua nauk, bada! Klase askotakoak, gainera! Hori bai, gazta zaharra nahiago eta aukeran ardi-gazta eta fuertea. Ez omen zegok gazta txarrik, bakoitzaren gustu kontua omen dek! Ikusten dek, gure ohiko jarduna alde batera utzi (euskalgintza, bertsolaritza…) eta lehen sektoreaz aritu nahi diat oraingoan hirekin. Ez nauk hasiko, ordea,hemengo artzainek zein gazta ona egiten duten goraipatzen (jakintzat ematen diat hori). Gaztazalea naizen aldetik hainbat aditurekin izan dizkiaten xexioez aritu nahi diat oraingoan hirekin. Gazta ketua ala ketu gabea? Hor zeok lainoa!
Nik beti pentsatu izan diat, garai batean, baserri nahiz artzain-txaboletan gaztak egiten zituztenean, mantentze aldera ketzen zituztela euren produktuak. Gaur egun, ordea, gaztak egoki mantentzeko egin dira aurrerapenak, eta ustez, ez legoke zertan gazta ketu beharrik. Honek eztabaida luzea eragingo lukeenez, eta ez da hori nire asmoa, noan harira. Ketzeak ez al dik jatorrizko produktuaren berezko zaporea ordezten? Hau da, ketutako gazta jaten ari garenean benetan ba al dakigu gazta nolakoa den? Zer gazta klase den?
Esan bezala, horretan aditu diren batzuen iritziak jaso ditiat eta ia gehienek nabarmendu ziatek ketuak gaztari ematen zioken ukitu berezi hori, ketu guztiak ez direla berdinak… Gazta lehiaketa gehienetan ketuak izaten dira sarituak (2016ko Legazpikoa eta Ordiziakoa kasu). Baina ni nire horretan temati! Ketutako gazta eta ketu gabekoa ez dituk berdinak aho-sabaiarentzat! Madrilgo sukaldari batek esan zidan bezala, zergatik ez bereiztu bata zein bestea eta bi lehiaketa desberdin egin? Nola ikusten duk hik kontua, Axier?
Asier Iriondo
Gure amona ataundarrak semearen gelako leihoan uzten zituen gaztak ontzen. Ez dakit erabakia nola eta zergatik hartuko zuen, baina, ez zuen berehala pentsatuko zer eragingo zuen: osabak bezala, lehengusuen artean hirutik bik gazta gorroto du. Ni hirutik batekoa naiz. Gai zaila da gurean. Ingurukoek ere badakite hori. Zabalondoko gaztazka deitzen diote.
Istiluak saihesteko, oso gutxi hitz egin izan dugu gaztari buruz eta, guztian bezala, hitz egitea da gaia lantzeko eta iritzia sortzeko bidea. Ketua ala ketu gabea? Ez daukat iritzirik, gaztaz ari garenean, behintzat. Keari buruz badaukat iritzia: ke batzuk ez ditut maite. Maite dut kafe, arroz eta gaztaina errearen kea. Ez dut maite bengalen, intsentsuaren eta tabako-belarraren kea.
Familiako argazki zaharretan zenbatu izan dut, hirutik bi zigarroa eskuan ageri zirela. Ni, hemen ere, hirutik batekoa nintzen. Zorionez, gaur egungo argazkietan ez dago arropa keturik.
Ingeles-hiztunek, erretratua egiteko kamera aurrean jartzean, Chesse esaten dute. Gurean hitz madarikatua litzateke, jakina, baina, geuk ere badugu gure hitza: Genobeba esaten dugu, amona zenaren omenez.