Ramon Esnaola (Urretxu 1916-2013) jaio zela ehun urte beteko dira azaroaren 2an. Bere biografia eskuetan, haurrei irakurtzeko moduko ipuin bat idatz daiteke. Ipuin horrek XX. mendeko historiaren pasarte ahaztezinak gogora ekarriko lituzke, baita garai hartako haur baten bizimoduaren nolakotasuna ere. Ipuin horren muinean Esnaola izan zen gizon eredugarriaren soslaia legoke. Eta ipuin horretan zehar txistuaren eta beste hainbat musika tresnaren doinuak entzungo lirateke, buruan zuen musika guztia litzateke.
Esnaola 1916an jaio zen Urretxuko Goiko Kalen, hangoak zituen haurtzaroko zein eskolako oroitzapenak. Aitak zumegintzan lan egiten zuen eta Esnaolak 7 bat urte zituela gurasoak hamabi seme-alabekin Beasainera bizitzera joan ziren. Esnaola 10 urterekin itzuli zen Zumarragako Eitzaga auzora – aitona-amonak bizi zituen han–. 1932an familia osoa itzuli zen.
Saski fabrikan lanean hasi zen 10 urterekin, enkarguak egiten zituen. Ordura arte, eskolan ibili zen eta, buruargia izanagatik, irakaslearen laguntzaile izan zen; ikaskideei irakurtzen erakutsi zien.
Orbegozo lantegian 15 urterekin hasi zen lanean eta han aritu zen erretiroa hartu zuen arte. Soilik zazpi urtez egon zen fabrikatik kanpo; hain justu 36ko gerrak soldadu bihurtu zuteneko zazpi urteak. 19 urterekin boluntario joan zen eta 26rekin itzuli zen etxera. Loiola gudari batailoian aritu zen preso egin zuten arte. Kantabriako Limpias herrian hartu zuten atxilo eta Laredon zein Castro Urdialeseko eskola batean izan zituzten bera nahiz bere kideak. Ilaran ipintzeko esaten zieten, ilaratik ateratzen zituztenak fusilatu egiten zituzten. Berak ilaran jarraitu zuen.
Preso erromesa
Castrotik Santoñara eraman zituzten lehenengo eta Santoñatik Sevillara (Andaluzia). Sanlucar La Mayor Sevillako herriko errepideek Esnaolaren izerdia gordeko dute haiek egiten jardun zuelako. Cadizen (Andaluzia) eta Badajozen (Extremadura) italiar hegazkinentzat pistak egin zituen.
Gudaroste nazionalean lizentziatu eta etxera bidali zuten arren, azkar asko berriro deitu zuten. Bigarren aldia okerragoa izan zen, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuelako eta Francoren armadak alemaniarren alde egin zuelako. Esnaolak gosea eta gaixotasuna nozitu zituen. Itzuli eta lehenengo egunean lanean hasi zen berriro Orbegozon.
Musika doinuak
Esnaolaren aitak klarinetea jo zuen Urretxuko, Zumarragako nahiz Beasaingo bandetan. Ramon 8 urterekin hasi zen ikasten eta zendu zen arte ikasten eta sortzen jarraitu zuen. Musika barrenean zeraman.
Orbegozon lanean 15 urterekin hasi zenean, lanetik atera eta musika orduak egiten zituen klarinetea jotzen. Los bohemios del Goierri musika taldea, Tolosako Beotibar orkestra, Urola orkestra… Hainbat taldetan jo eta beste hainbat sortu zituen. Garai hartan igande zein jaiegunetan dantzaldiak egoten ziren, eta Goierri garaiko herriez gain, Gipuzkoa nahiz Nafarroako herri askotan jo zuen. Bera, baina, ez zen parrandazalea izan, ezta orkestretan jotzeagatik irabazten zuen dirua zernahi gisaz xahutu zalea.
Utzitako ondarea
Urretxu-Zumarragan 1950eko hamarkadan txistua jotzen zuen hirukoteak kale egiten zuenean txistua desagertuko zela entzun zion behin lagun bati, eta honakoa erantzun zion: «Ez da desagertuko, ni hasiko naiz eta». Bere kasa ikasi zuen jotzen. Hasteko etxekoei erakutsi zien eta ondoren ikasteko grina zuen orori; ikasleen txistuak bere poltsikotik ordaindu zituen behin baino gehiagotan. Sekundino Esnaola musika eskolaren sortzaileen artean dago. Txistua eta solfeoa erakutsi zituen bertan 1995era arte. Legazpiko Musika Bandako zuzendari lanak ere egin zituen 38 urtetan.
Akaso Esnaolaren biografia osoa ez da ipuin bakarrean kabitzen. Zahartzaroan begiak lausotu zitzaizkionean ezin zuen idatzi, baina musikak bere buruan jarraitzen zuen. Txistu irakasle gisa prestatu zituen txistulariez gain, barnean zeraman musika hori guztia ere utzi zuen ondare gisa eta Urretxuko Txistulariek jaso ere. 2010ean Ramon Esnaolaren Musika izeneko disko bikoitza kaleratu zuten. Esnaolaren doinuak dira bere ondarea, eta baita bere biografia ere.