Ez da sekretua naturaz inguraturik egotea oso onuragarria dela osasunarentzat. Hala ere, anbulatoriotik errezetarekin ateratzen garenean, errezetan inoiz ez da horrelakorik ageri: mendian paseatu, atseden etxe batean igaro egun batzuk naturaz inguratuta, zuhaitzak besarkatu, hankutsik ibili belar gainean… Medikuntza naturalak aspalditik erabiltzen ditu terapia gisa sendabelarrak, elikagaiak edo ura, baina naturak guregan efektu terapeutikoa izan dezan, nahikoa da zementua alde batera utzi eta landare, animalia eta lurrarekin kontaktuan egotea, arnasa hartzea, paseatzea eta menteari noraezean ibiltzen uztea. Frogatua dago ospitaleko leihotik zuhaitzak ikusteak gutxitu egiten duela zirujiaren ondoren suspertzeko behar den denbora.
Albiste ona izango litzateke medikuntzak naturaren terapia txertatzea bere protokoloetan. Japonian bada Basoko Medikuntza izeneko diziplina bat, akademikoki arautua eta erabilera klinikoa duena. Diziplina horretako aditu bat da Qing Li, eta berak frogatu du basoko aireak modu iraunkorrean gutxitzen dituela kortisola eta adrenalina, gorabehera immunitario eta metabolikoekin lotzen diren estresaren hormonak hain zuzen.
Gizakiok gure ingurunearekin lotura estua dugu; gure sistema immunea sentsoriala da, eta etengabeko truke-harremana du nerbio –eta hormona– sistemekin, eta ingurunearekin. Neurri handian, harreman horien baitan dago gure osasuna.
Naturak minak goxatzen ditu eta lehenago sendatzen laguntzen digu. Naturaz inguratuta paseatzen dugun bitartean edo egun batzuk naturan igarotzen ditugunean, estresa, min sentsazioa eta ardurak nabarmen gutxitzen dira. Erlaxazioak gorputza berritzeko aukera ematen du. Giza gorputzaren eta ingurune naturalen arteko harreman sakon hori ezagutzen hasi baino ez gara egin; Qing Li-ren esanetan, badakigu naturaz inguratuta egoteak DHEA (sexu-hormonen aitzindaria) maila handitzen duela, eta hori lagungarria da bihotza babesteko, diabetesa prebenitzeko eta gizentasuna gutxitzeko.
Gure burmuineko zenbait egiturek etengabe interpretatzen dute ingurunean gertatzen dena, modu inkontziente eta autonomoan. Gure burmuinarentzat ez da gauza bera lorez betetako zelaian ibiltzea edo hiri erdigunean; horren arabera, gure burmuinak agindu desberdinak ematen ditu, gaixotasunak agertzea edo sendatzea erraztu dezaketenak. Eta gainera, gorputzaren erantzuna bakoitzaren gustu pertsonaletatik kanpo geratzen da, pertsona hirizaleenak ere lotura neurobiologiko saihestezina duelako naturarekin, milioika urteko eboluzioaren emaitza. Lotura hori amak bere haurrarekin duenaren parekoa izan daiteke. Natura gure espeziearen AMA da, bere magalean babestuta sentitzen gara, beragandik urrun, galduta. Naturak onartu egiten gaitu; animaliek, landareek edo lurrak ez digute ezer eskatzen, garen bezalakoak onartzen gaituzte: izaki bizidunak hainbeste biziren artean. Norbera den bezalakoa izateko baimen hori da sendatzeko balio handienetakoa duen efektu psikologikoa.
Gaixotasun gehienen arrazoiak ezezagunak dira, prozesu konplexuen ondorio dira, eta prozesu horiek ez dira soilik gorputz barruan gertatzen. Hartzen ditugun sustantziek ere ez dute dena azaltzen. Gertatzen zaiguna ulertzea errazagoa da kontuan hartzen badugu ingurunea. Izan ere, gure bizi-espazioarekin eta gainontzeko izaki bizidunekin ditugun harremanen xehetasunak oso gutxi ezagutzen ditugu. Sare kimiko eta elektromagnetikoek gure gorputza zeharkatzen dute, eta ziurrenik, baita ezagutzen ez ditugun beste energia batzuk ere. Gizakia bizitzaren sare korapilatsu horren parte dela ulertzea ezinbestekoa da estrategia prebentibo eta terapia eraginkorragoak garatzeko.