Landa eremua eta baserri mundua eskoletara gerturatzeko ahalegina aspaldikoa da. Gizarte garapen jasangarriagoa, biodibertsitatea, elikadura jasangarria, naturarekiko harremana… bezalako gaiak geletan lantzeko aitzakia dira, besteak beste. Zentzu horretan, Goimenek, Eusko Jaurlaritzaren baitako Ingurugelak –IIHII Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegia– eta Kristina Enea Fundazioak Nekazal kultura eskoletara proiektua jarri dute martxan.
Proiektua Gipuzkoa mailakoa da, baina Goierrin du sorlekua. Bertako barazki motak ezagutu eta laboratutako biodibertsitatean sakontzeko baliagarri izan nahi du proiektuak. Jokin Zabala Goimeneko teknikariaren hitzetan, eskoletan landa eremuak duen presentzia «eskasa» da gaur egun, horregatik, proiektu honekin eskoletako haurrei baratzeetara joateko aukera eman nahi zaie. Zenbat hazi dauden, nola landatu daitezkeen edo zer zainketa mota behar duten, baserritarrekin edo baratzezainekin zuzenean hitz eginda ikas dezaten, adibidez.
Proiektua behar bezala gauzatu ahal izateko, «irakasleentzako eta LHko eta DBHko ikasleentzako material didaktikoa sortu da Kristina Enean». Irailaren hasieran irakasleentzako formazioa egin zuten Goizanen (Zaldibian). «Gipuzkoa guztiko 25 bat ikastetxeetako ordezkariak batu dira proiektura. Gehienak Tolosaldekoak eta Goierrikoak», dio Zabalak.
Proiektuak bi atal ditu. Lehenengoari Baserrietako hazi ezkutuen bila izena eman diote. Urtarrilera bitartean, ikastetxeek irteeraren bat antolatuko dute inguruko baserri edo baratze batera, eta bertan, ikasleek aurrez gelan landutakoa praktikara eramateko aukera izango dute. Baratzeetan bertako haziak aurkitu beharko dituzte, eta horien gaineko informazioa bildu. «Baserritarrekin edo baratzezainekin hitz eginez hazi horiek nola landatzen dituzten, zergatik, zein garaitan, behar dituzten zaintza motak zeintzuk diren ikasi beharko dute». Jolas moduan planteatu dute ekimena, ikasleentzako erakargarriagoa izan dadin.
Momentuz, Goierriko hiru ikastetxe batu dira proiektura: Lardizabal herri eskola (Zaldibia), La Salle ikastetxea (Beasain) eta Olaberriko herri eskola (Olaberria). Lardizabalgoak aurreratuta dabiltza beren zereginean. Hirugarren zikloko ikasleak hiru taldetan banatuta Zaldibiako hiru eremutara bisitak egin dituztela esan du Tere Ruiz proiektuaren arduradunetako batek. «Hainbat datu bildu ditugu, eta haziak ere bai. Jasotako haziekin erakusketa bat ere egin dugu ikastetxeko sarreran», azaldu du. Zaldibiako haurrak nekazal ingurunean bizi diren arren, «proiektuak kontzientzia pixka bat lantzeko pizgarri gisa» balio izan diela uste du.
Lehendabiziko atal hori ikastetxe guztietara zabalduta dago. Bigarrena, urtarriletik aurrera landuko dute, eta Hazien aterpea izena eman diote. Zabalaren esanetan, helburu nagusia eskolan bertan hazien aterpe bat sortzea izango da, eta horretarako aurretik baratzeetan jaso dituzten haziak gorde beharko dituzte. Beharrezkoa ez den arren, proiektuaren bigarren zati hori egiteko lagungarria izango da eskolek euren baratza propioa izatea. «Goierrin 11 bat ikastetxe daude Eskola Baratza proiektura atxikita», argitu du Zabalak.
Epe luzerako proiekzioa
Aterpea urtetik urtera osatzen eta handitzen joango den espazio fisiko gisa planteatzen da. Proiektu horretatik tiraka beste ekimen osagarri batzuk ere sortu daitezke, hazien erauzketa tailerrak, eskoletako hazien aterpeetara erakusketa ibiltariak…
Proiektua ikasturte berriarekin batera jarri da martxan, baina «epe luzerako» proiekzioarekin jaio dela dio Zabalak. Ikastetxeen arteko topagune izateko ere sortu da, eta horren harira urtarrilean beste bilera bat egingo dute Goimenen bataren eta bestearen arteko esperientziak trukatzeko.
Goierriko 11 ikastetxe ari dira ‘Eskola baratza’ proiektuan parte hartzen
Eskola baratzeen proiektua orain pare bat hamarkadatik dago martxan, baita Goierrin ere. Landa garapen elkarteetatik eskoletan baratzeak jartzen laguntzeko proiektua da. Horretarako, %65ean finantzatzen dituzte garapen elkarteek lanabesak, materialak, haziak, azpiegiturak… Elkarteetatik aholkularitza ere eskaintzen da, zalantzak argitzeko, baserritarrekin zubi lanak egiteko edo formazioren bat antolatzeko.
Ordiziako Urdaneta institutua eta Jakintza ikastola; Beasaingo Andramendi ikastola eta Alkartasuna lizeoa; Idiazabalgo Aita Iparragirre ikastetxea, Itsasondoko Urkipe ikastetxea; Zeraingo herri eskola; Olaberriko herri eskola; Zaldibiako Lardizabal herri eskola; Segurako Laiotz herri eskola eta Urretxu-Zumarragako ikastola dira proiektuan parte hartzen ari diren Goierriko ikastetxeak.