Iraia Oiartzabal
Umea nintzenean istorioak entzutea biziki gustatzen zitzaidan, eta afizioari eutsi diot nahiz eta orain fikzioa eta fantasia ez ditudan gehiegi jarraitzen. Zazpi bat urterekin ordea, misterioz jositako kontakizunak ibiltzen genituen lagun artean. Horixe etorri zait gogora Halloween delakoari buruz irakurtzerakoan, egun gutxi barru ospatuko baita jatorriz zelta ei den festa hau. Asko entzuten da Britainia Handitik, Estatu Batuetatik zein Irlandatik inportatu dugun ohitura dela, eta azken aldian gehiago dagoela kontsumoari lotua sinesmenei baino. Neurri batean hala izango da ziur aski. Ez dut Halloween gutako gehienok buruan irudikatzen dugun moduan ospatzen, ezin ukatu ordea, neskato bat nintzenean gertatzen zitzaidan moduan, oraindik ere magia eta misterio kutsua darion orok erakarri egiten nauela. Aste gutxi barru izango dira San Martin auzoko jaiak Ataunen eta bertakoak dira buruan eta bihotzean gordetzen ditudan oroitzapen ederrenetako batzuk. Igandero joaten ginen amonari bisita egitera; kafe eta talo usaina zuten arratsalde horiek. Festa garaian lehengusu zaharrenek eramaten ninduten jentilen etorrera ikustera. Kaleak ilunpean zirela, argi-zuziak eskutan jaisten ziren menditik jentil eta sorginak herrira. Lehengusuari eskua estutu eta begiak zabal-zabalik begiratzen nituen. Ilobekin joan nintzen iaz eta sentsazio horiek bizi izan nituen berriz. Norbaitek esan zuen: «Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar».
Nagore Belastegi
Hildakoak bizidunen mundura etortzen diren urteko unea omen da Animen Gaua. Halloween pelikula estatubatuarretatik etorri zaigun beldurrari lotutako termino bat bada ere, gurean ere badaude heriotzarekin eta haren misterioarekin harremana duten usadioak. Ataun aipatu duzu, adibidez. Mutrikun Gaba Beltza ospatzen dute. Bertan kalabazak jartzen dituzte etxeko atarian Talaixako mamu begi-gorria ez sartzeko. Kondaira bat dago ohitura horren atzean, Estatu Batuetatik edo beste nonbaitetik etorritako edozein ospakizun komertzial baino zaharragoa dena. Mozorrozale amorratua naizenez, aitortuko dizut pozez hartuko nukeela Halloween gurean, baina amerikanizazio guztiak alde batera utzita, gure Halloween ospatzera ere gustura animatuko nintzatekeela. Trapu zaharak jantzi, kandela bat hartu eta gure artean gau horretan ibiltzen diren espirituekin nahastea, Euskal Herriko elezar zaharretatik zein antzineko kultura zeltiar batetik iritsitako Samhain-ari segida ematea. Baina hori gertatzen ez den bitartean, nik nire keinu txikia egingo diot Animen Gauari, urtero bezala. Beltzez jantziko naiz, laranja ukitu batekin, patata-purezko mamuak eta kalabaza bazkalduko ditut eta Hocus pocus edo Nightmare before Christmas bezalako film mitikoren bat berriro ikusiko dut gau hori magikoa dela sinistuz. Horrelakoetan ez dut «trick or treat» eskean ibili beharrik gozokiak jateko.