Martin Scorsese, Francis Ford Coppola, Quentin Tarantino eta, orain, KKinzona Productions.Urretxu eta Zumarragako gaztetxean sortutako lan talde horrek pelikulak egiten ditu –besteak beste– eta beraien izaera eta gustuak ikusita, argi zegoen lehenago edo beranduago gangsterrei buruzko film bat egingo zutela. Tarantinorenak bezain zoroa, noski. Gangsterretako bat Joxe Mari Iparragirre dela eta, pelikularen izenburua Iparregarri dela ikustea besterik ez dago.
Honako hau KKinzona Productions taldearen bigarren pelikula da. Duela zazpi urte Ixilik Bang, berunezko justizia western-a egin zuten. «KKinzona irratiko lagun taldea izan ginen pelikula hura egin genuena. Hura bukatu genuenean, beste zer edo zer egitea erabaki genuen. Ezin ezer egin gabe egon…», nabarmendu du Aritz Ormazabalek.
Gogor ekin zioten lanari. «Bigarren pelikula hau gidoi eta guzti egitea erabaki genuen. Bileretan hamar bat lagun elkartzen ginen. Baina talde handia zen, esperientziarik gabea… eta zaila egin zitzaigun gidoia idaztea», azaldu du Ormazabalek.
Hori bai, argi zuten pelikula gangsterrei buruzkoa izango zela. «Western bat egin ondoren, beste genero bat landu nahi genuen. Gainera, gangsterren pelikulak asko gustatzen zaizkigu: Pulp fiction, Reservoir dogs… Ixilik bang-en ere zientoka tiro zeuden. Alde horretatik, gure bilakaera ez da handia izan! Ez gara dialogo mamitsuen zaleak. Izan ere, dialogoak ikasteko denbora asko ere ez dugu. Errazagoa da tiro egitea eta ikuskizuna ematea».
Pelikulako pertsonaia garrantzitsuena Joxe Mari Iparragirre da. «Urretxun Iparragirreri gorazarre egiten zaio eta guk gure ikuspuntua eman dugu. Guri gustatuko litzaigukeen Iparragirre da pelikulan azaltzen dena».
Ardozale kuadrilla
Aritz Ormazabali istorioa azaltzeko eskatu diogu, ahal duen neurrian: ez da komeni estreinaldia baino lehen dena kontatzea eta, gainera, ez da batere erraza KKinzonakoen istorio zoroak lau hitzetan azaltzea. «Iparraldean egiten den Papillon ardoa munduko onena da eta ardo hori lortzeko talde ezberdinen artean sekulako borroka sortzen da: tribu urbanoak, klanak, aberats talde bat… Iparragirre ardozalea da eta bera ere ardo hori lortzen saiatuko da, noski», adierazi du.
Oraingoan ere jende askok parte hartu du. «Aurrekoan tren baten asaltoa grabatu genuen eta eszena horretan jende askok parte hartu zuen. Oraingoan ez dago halako eszenarik, baina eszena asko daude eta pelikulan jende askok parte hartu du. Gaztetxeko jendea, lagunak, Zarauzko gaztetxeko lagunak…».
Irudiak hainbat tokitan grabatu dituzte: Iparraldeko Ibarron herrian, Jon Ander Moratinosek Donostian eduki zuen tabernan, Lezan –bertan trailer bezala erabiliko den bideoklipa grabatu dute–, Beasaingo gaztetxearen kanpoaldean, Gabirian, Labeaga aretoan, Etxeberri hotelean, Florida tabernan, Iparragirre plazan, Sarralden, Ezkioko Argindegi ostatuan, Santa Lutziko elizan…
Ormazabalek aukeraketaren zergatia azaldu du. «Leku urbano bat behar genuen eta horretarako Beasaingo gaztetxera joan ginen. Dirudunen eszenak Etxeberri hotelean grabatu genituen eta ardoarekin lotutakoak Lezako mahastietan eta upategi batean».
Ordubete pasatxo
Horrenbeste eszena grabatu ondoren, pelikula luze samarra atera zaie: ordu bete pasatxoko iraupena du. Lan gogorra izan dela dio urretxuarrak. «Urte asko eman ditugu grabatzen. Grabazioak opor moduan hartzen ditugu eta oso ondo pasatzen dugu, baina oso gogorra da egitasmo bat sei urtean bizirik mantentzea», onartu du KKizona taldeko kideak.
Sei urteko lanak estreinaldi mundiala merezi du. «Sei urte hauetan gauza asko pasa dira. Gaztetxeko neska batzuek, hasi ginenean, zein karrera egin pentsatzen ari ziren, eta dagoeneko karrera bukatu dutela gogoratu digute. Denon bizitzak asko aldatu dira azken sei urte hauetan. Hori dela eta, festa handi bat antolatuko dugu. Estreinaldiaren aurretik bazkari bat egingo dugu. Eta estreinaldia oso berezia izango da». Emanaldia azaroaren 12an izango da, 19:00ak aldera, Urretxuko Labeaga aretoan.
Kanpokoek zer ote diote?
Ixilik bang, berunezko justizia gaztetxe ezberdinetan eman dute dagoeneko, baina pelikula zabaltzea ez da beraien helburua. «Nonbaitetik deitzen badigute, joan egingo gara, baina gure asmoa ez da pelikula zabaltzea. Lagun arteko proiektu bat da eta ez dugu oso argi kanpoko jendeari gustatuko zaion. Askotan pentsatu izan dugu: kanpokoek erotuta gaudela pentsatuko ote dute? Guretzako egindako lan bat da».
Hori bai, estreinaldiaren egunean DVDak salgai jarriko dituzte, pelikulan oinarritutako komiki batekin batera. «Komikia Jordi Bermejok egin zuen, komikigintza ikasten ari zenean. Piforen kuadrillakoa da eta lortuko dugun diruaren zati bat herriko presoen senitartekoei emango diegu», aurreratu du Ormazabalek.
Hurrengo egitasmoa
Sei urteko lanak ez ditu nekatu. Dagoeneko hurrengo egitasmoa nolakoa izango den erabaki dute. «Hiru minutuko film labur bat egin behar dugu. Behingoagatik lan motz bat egin behar dugu. Kalitate handiagoko pelikula bat egin nahi dugu. Gidoia, argia, planoak, dialogoak… hobeto zaindu nahi ditugu». Hori bai, istorioa beti bezain zoroa izango da. Tarantino beti Tarantino eta KKinzona beti KKinzona.