Bazterrak kolorez bete dira, hosto hori-gorri dotorez, orbelak lurra jantzi eta atondu du mendi-basoen bisaia aldatuz eta eraberrituz. Zelaiak gorri eta lehor baziren ere, tanta hezeek berriro busti dituzte, lur pitzaduren zauriak osatuz eta gozatuz . Guztia da eresi, naturaren kantu aske udazkenaren sasoi ederrean. Ibilean, inguruari begira pasiran bazabiltza, harritzeko aukera franko izango dituzu, biziak, beti, bere egunerokotasunean, irakasbide bikainak erakusten ditu eta, hausnartzeko eta barrua ontzeko jardunbide ugari eskaintzen, noski, adi bazabiltza, zeure barruan gertatzen ari denari arreta berezia eskaintzen badiozu.
Arretak hori dakar, gertatzen ari zaizun huraxe ikusi baino, begiratzea, jazotzen ari diren gertaerak entzun baino, aditzea, zure interesa guztia orain horretan erreparatzea, bizidun bezala biziarekin bat eginez, bat izanez. Tamalez, gure orainean konszienteki aritu baino, larridurak eraginda, hainbatetan arreta galtzen dugu, geure orainera, etengabe, bi bisitari ekarriz, iragana eta etorkizuna, gure baitan nostalgia eta antsietatea sortuz.
Orain honetan iraganeko eta etorkizuneko pentsamenduak handik, hemendik geureganatuz, nostaljiaren eta antsietatearen kaiola, unoro, irekiz, ezin, txorien antzera, aske izan, hain zuzen unerik ederrenak pentsamendu gaitzetan ematen ditugulako, indar eta denbora larregi horretan xahutuz; Mark Twain idazleak badu halako aipu zoragarririk: «Hemendik 20 urtetara, egin ez zenituen gauzez atsekabetuko zara. Beraz, sokak, amarrak eta kai ziur hori utzi. Atzeman haizea zure haize-oihaletan. Amets egin. Esploratu. Aurkitu». Pentsatzen jarriz, jarraitu beharreko aholku aparta da hauxe.
Esanak esan gure eskumena da, eta ez beste inorena, geure gogoan gertatzen ari zaiguna geuk aztertzea eta era kontsekuentean eguneroko jardunari ekitea. Buruan ditugun garai bateko pentsamenduetan bizi baino, ez al da emankorragoa biziak eskaintzen diguna eskertuz harengan erreparatzea? Biziak berak baditu esperientzia gozoetan murgiltzeko egokierak, bestela, hitzak, denborak eta aukerak galdu izanaz nahigabetuko gara. Kalkutako Teresaren hitzek egoki baino hobeto adierazten dute orain garaturikoa: «Denbora larregi ematen dugu bizia irabazten, eta ez nahiko berau bizitzen».
Uste dut arrazoi anitz dugula biziaren egunerokoan sentitzeko, bizitzeko, izateko eta garena gure baitan haragitzeko. Argi dago biziaren egoera bakoitzean, oraina bizitzea ez dela erraza, hain zuzen, emozioen ur nahasietan, sarri, galduak gaudelako, inkonszientzia bera bul-
tzatuz eta suspertuz.
Halere, merezi du egunero-koari zein geure buruoi gehiago erreparatzea, guztia gertatzen ari den une horretan arreta jartzea, gogoa bera ekintza horretan bizkortuz. Inertziaz arituz pilotu automatikoa jarri eta geuk lema ez hartuz K.O. egoteak ez garamatza ezertara: presara, nahigabera, egonezinera, haserrera… Horrela bizi nahi badugu gurea da erabakia, gurea jardun horren erantzukizuna. Neuk, filmetan oso miresten nuen artista baten, Charlot-en, hitzok ekarri nahi nituzke gogora: «Bizia antzezlan bat da, entseguak onartzen ez dituena. Hargatik abestu, barre egin, dantzatu, negar egin eta bizi, bizi ezazu zeure bizitzako une bakoitza… txalorik gabeko antzezlana amaitu eta teloia jaitsi baino lehen».
Goza ezazue intentsuki biziaren egunerokoa, ahalegindu zuon barruak ez anubitzen, laiozten, itzaltzen… Zaindu maite duzuen hori, benetakoak egiten zaituzteten zuon egiazko nia, izan ere, ederregia da bizia edozein ontzitan nolanahi galtzeko. Mentura liluragarri horretan, zuongan, atsegin beteena izan dezazuola opa dizuet. Izan ongi!