Udaberria eta uda urteko sasoirik emankorrenak izaten dira Euskal Herriko baratzeetan. Produktuen aldetik ere, aukera zabalena izaten da urteko hilabeterik beroenetan. Udazkena eta negua atsedenerako sasoia izaten dira beraz, lur sailentzat. Baratzezainek kanpoko lanak etxe barruko lanengatik ordezkatzen dituzte. Ander Kerejeta Ortu Kontuk kontsumo taldeko ekoizleak udan ereindakotik haziak gordetzen ditu, datorren denboraldian berriz erabiltzeko. Haziak sailkatu, bereizi eta gordetzeko lanetan dabil azaro bete-betean, «kalabaza, ilarra, baba, porrua…».
Azaroa hilabeteak berak, euskalki ezberdinetan dituen formei erreparatuta, Kerejetaren jarduna ez dela berria konturatuko gara. Azaroa hazila edo azilla —hazien hilabetea— baita zenbait lekutan. Hazi batzuk gordetzekoa eta beste batzuk ereiteko hilabetea dela esan daiteke, Kerejetari berari galdetu eta gero. Goierri inguruan, gaur egun oso ohikoa ez den arren, garai batean «asko» egiten zela nabarmendu du. Oloa erein berri du baratzeetako batean. «Ongarri berde bezala erabiltzeko asmoa dut. Oloa hazia ematen hasi aurretik sasi-garbitzeko makinarekin xehe-xehe egingo dut. Gero buelta eman eta lurrari erantsiko diot».
Haziak sailkatu eta gorde
Oloa ereinda, lurra higaduratik eta nahi ez diren belar txarretatik libre mantentzea lortuko du Kerejetak. «Bide batez, lurra galkatuko dut, geldi utziz gero trinkotu egiten baita, eta udaberrian berriz haziak ereiteko prestaketa lan gehiago eskatzen du. Amaitzeko, oloarekin lurra solteago mantentzen da, eta udaberrira lur hobeagoarekin iritsiko naiz».
Lurrak bere zikloak ditu eta horiek errespetatzea ezinbestekoa da baldin eta bertatik fruiturik jaso nahi badugu. Kerejeta orain ari da, adibidez, ekainean ereindakoa jasotzen: «Kalabaza, tipula, porrua, erremolatxa, azenarioa, zerba… hori da neguan kontsumo taldeko saskietan aurkituko duguna». Beranduxeago bilduko ditu uztail, abuztu eta irailean ereindakoak, azakiak, porrua… Orain, berriz, udaberrian jasotzeko ilarra eta baba ereingo ditu.
Udazkenean eta neguan euri asko egin ohi du gurean eta hori «ez da ona» baratzean aritzeko. Baina, negutegian badago, neguan ere, zerbait ereiteko aukera badu: «Udako tomatea- eta kendu, eta negurako prestatuko dugu orain, zerba, letxuga… erein daiteke bertan».
Ekologikoan lan egiten du Kerejetak: «Erositako landareak ekologikoak dira, bertako haziak gordetzen saiatzen naiz eta ez dut kimikorik erabiltzen». Errotazioak ere egiten ditu, landare familiak nahastu eta gaixotasunak ekiditeko.