Sarah J. Turtle (Croydon, Inglaterra, 1952) Ezkioko muino batean bizi da. Itzultzailea da. Egunero ateratzen da paseatzera. Etxean lan egiten du. Tea, azukrerik gabe, esne laino batekin edaten du. Ez zaio batere gustatzen txakurrak kate motzean lotuta ikustea. 1975etik bizi da Euskal Herrian. Euskadi Saria Iñaki Mendigurenekin batera jaso zuen 2013an. Mendiguren itzultzailea da, eta Turtlen senarra. Euskara eta ingelesa gurutzatzen dira beraien arteko hitzetan.
Aspaldi aukeratu zenuen hizkuntzekin lan egitea.
Filologia alemana eta espainola ikasi nituen. Inglaterran Bradfordeko Unibertsitatera joan nintzen, han itzulpengintzak pisu gehiago zeukalako. Hizkuntza bakoitzak bere soinua dauka. Alemana, erdoilduta daukat, baina daukan doinua asko gustatzen zait.
Baliteke nire zaletasuna nola gaitasuna aitarengandik jaso izana. Gure aitak, atzerrira egin genituen bidaietan, hizkuntzaren kontua prestatzen zuen eta aurrez diosalak nahiz oinarrizko esaldiak ikasten zituen grezieraz edo italieraz.
Egingo zenuke zure hizkuntzen inbentarioa?
Nire ama hizkuntza ingelesa da eta interesagatik edo hobby gisa irakurtzen dudanean ingelesez irakurtzen dut. Unibertsitatean hasi aurretik Alemaniara joan nintzen bizitzera urtebetez; ingelesa eta alemana familia berekoak dira eta ahoskatzeko errazago egiten zait, biek hamabi silaba dituzte. Gaztelaniak bost bakarrik ditu eta euskarak ere bai; batzuetan zaila egiten zait asmatzea! R hizkia ondo ahoskatzea ere ez da gauza erraza. Frantsesa eskolan ikasi genuen eta gutxi asko moldatzen naiz. Gure eskolako irakasle batek dezente landu zuen frantsesezko ahoskera; hainbesteraino, ezen pastela nola esaten den galdetuta, nik gâteau ingeles doinuarekin erantzun, eta ongi eginak laudatu baino nire azentua gutxietsi zuela. Latina ere, eskolan…
Eta euskara…
Bai, euskara niretzat hautu logiko bat izan zen. Euskaldun batekin bizi nintzen Euskal Herrian eta gainera hizkuntza isolatua, misteriotsua iruditu zitzaidan. Oso hizkuntza zaila da. Zailena. Nik, horrenbestez, presarik gabe ikasi nuen. Esaldi laburrekin hasi nintzen, eta gero, poliki-poliki, luzatu nituen. Zer edo zer esateko euskarazko hitzak banituen euskarazkoak erabiltzen nituen, eta aurrera egin ezinda geratzen banintzen, gaztelaniazko hitza erabiltzen nuen. Metodoak funtzionatu zidan.
Gogoan dut Iñakiren familiaren baserrian, 1980ko hamarkadan, telefonoa jarri zuteneko pasarte bat; oso berandu iritsi zen telefonoa baserrietara. Nik Inglaterratik deitu, eta bai hitza behin eta berriro errepikatzen ari nintzela, gure aitak harrituta begiratzen zidan. Ingelesez agur esateko hitzak euskarazko bai horren antzeko doinua dauka eta aita aho bete hortz zegoen horrenbeste aldiz agur esan, eta telefonoa eskegitzen ez nuelako.
Zein hizkuntzatan pentsatzen duzu?
Testuinguruaren arabera. Txikitako zerbait gogoratzen badut ingelesez, Alemaniako lagunarekin akordatzen banaiz alemanez, Iñakirekin bada euskaraz. Amestu, antzera.
Irakaslea ere izan zara luzaroan eta badaukazu hizkuntzak irakasteko moduen gaineko kezka.
Hemen haurrak hizkuntzak ikasten goiz jartzeko joera dago. Ni ez naiz aditua, baina 22 urtez ingelesa erakutsi dut eta ume-umetan hasitakoek, ahoskera hobea duten arren, bigarren hezkuntzara iristean ez dakite esaldi oso bat josten. Zerbaitek ez du funtzionatzen. Eskandinavian beranduago hasten dira, norberak ama hizkuntza barneratuta duenean.
Hemen asko aurreratu da, baina materiala egokitu beharra dago. Ikastolen Elkarteak material berria prestatu du, nik zuzenketak egin ditut. Materiala ona da, eskolara joateko gogoa sortzen dizuna. Irakasleentzat ere ongi prestatu dute.
Zer itzultzen duzu?
Dagoeneko ez ditut lan luzeak hartzen. Aukeratu egiten ditut lanak, eta hori pribilegioa da. Antzeko lanak direnean gorde egiten ditugu eta programa batek alferrikako lanik ez egiten laguntzen digu. Bestelako lan interesgarriak ere etortzen dira, espero gabe.
Adibidez, Nader Koochakirekin lankidetza sortu, eta bere proiektu batean parte hartu dugu. Astigarretan bizi da, aita kurdu-iraniarra du, eta ama donostiarra. Koochakik ardien txintxarriek egiten dituzten doinu ezberdinak jaso ditu eta bakoitzari buruz fitxa bat idatzi du. Fitxak ingelesera itzuli ditut.
Orain zer ari zara itzultzen?
David Azurzak eta Koldo Izagirrek Altzoko Handiari buruzko opera bat egin dute umeentzat. Izagirrek libretoa idatzi du eta Azurzak musika jarri dio. Ingelesera ekartzeko niregana jo zuten. Lan zaila da, ezin baitira testuak besterik gabe itzuli, musikari egokitu behar zaizkio. Azkenean gaia hartu eta ondoren datorrena asmatu egin dut neurri batean. Udan musikariekin elkartu ginen; Iñaki testuak zuzentzen ibili da eta gainean landu ditut. Emaitza ona izateko jatorrian ingelesez idatzita balego bezala irakurri behar da. Lan zaila da.
Ni ez naiz batere kreatiboa. Txikitan, eskolan, poemak-edo idatzi behar zirenean aitak idazten zizkidan. Orain konturatzen naiz horrekin, urteekin.
Nolakoa zen zure familia?
Lau anaia-arreben artean gazteena eta neska bakarra naiz. Aita kulturzalea eta ingeniaria. Ama administraria. Gure etxean 17 urte betetzean guztioi oparitu zizkiguten gida baimena ateratzeko klaseak. Gure etxean ez zen anaien eta nire arteko ezberdintasunik egon, berdintasuna egon zen eta garai hartan ez zen ohikoena. Zorte handia izan nuen.
Ezkio komunitate txiki bat da.
Aukera ematen dizu jendea ezagutzeko. Bizitza soziala egiten dugu elkartean eta abesbatzan. Kultur elkartearekin txangoak-eta egiten ditugu; ongi pasatzen dugu. Gure koruaren zuzendaria, Xabier Barriola, ikaragarri ona da, daukagun gutxia ateratzeko gauza da.
Ezkio eta Itsaso bananduko dira. Ba al duzu iritzirik?
Zaila da ulertzea. Eskoziak galdeketa egin behar zuela ulertu nuen, baina hemen ez diot zentzurik aurkitzen.
Nondik jasotzen duzu munduaren berri?
BBC ikusten dugu ingelesez entzuteko, han zer gertatzen den jakiteko eta hangoen gertaeren irakurketen berri izateko. Euskadi irratia entzuten dugu. Berria eta Goierriko Hitza irakurtzen ditugu.
Gustura bizi zara hemen?
Bai, hemen ondo bizi gara. Kanpotik etortzen direnak konturatzen dira, Inglaterrako toki batzuetan baino bizimodu hobea dago hemen.
Baina zu ingelesa zara.
Bai, jakina. Nik hizkuntzak ikasi nituenean banekien litekeena zela atzerrira bizitzera joatea. Bestela Inglaterran geratu, eta akaso hizkuntza atzerritarrak erakutsi? Gure familian natural hartu zuten ni joatea. Gure kulturan mugikortasuna hemen baino ohikoagoa izan da.
Brexita?
Apirilean Britainia Handian Europan geratzeari ezezkoa eman ziotenean desastrea izan zen; desastrea aurretik, bitartean eta ondoren. Kontua horrenbesteraino korapilatu da, hango politikariek ez dutela askatzen asmatuko. Prozesu luzea izango delakoan nago, agian nik ez dut amaituta ikusiko.
Euskara eta euskal kulturaren gaineko kezka ere baduzu.
Euskara eta euskal kultura desagertuko balira sekulako galera litzateke. Euskal Herria independente balitz ona litzateke, aukera gehiago leudeke bertakoa aukeratu eta erabakiak bertan hartzeko. Hala ere, globalizazioarekin ez da batere erraza izango.
Jubilatzekoa zara datorren urtean. Planik?
Lanean jarraituko dut, baina poliki-poliki lan gutxiago eginez. Abesbatzan arituko naiz eta Ezkioko zein Itsasoko hiletetan kantatuko dugu, zeinen jendetsuak diren hemengo hiletak! Igeri egingo dut, egunero berrogei minutuko pasioak, noizbehinka Inglaterrara joan…