Gizonezkoek sarrien jasaten duten prostatako minbiziaren aurka kontzientzia piztu eta ikerkuntza laguntzeko, Ordizia MoTown ekimena abian da, Ordizian. Movember mugimenduaren barruan, atxikimenduak eta sosak jasoko dituzte.
Azaroa, bibotea hazten uzteko aroa da. Batik bat Ordizian, eta hedaduraz Goierri osoan. Movember mugimenduaren ikurra da bibotea, eta gizonezkoek jasaten duten minbizi mota ohikoena, prostatakoa, saihesteko ahalegina du itaurreko.
Azaroan zehar, bibotea uztea da kanpainarekin bat egiteko adierazle bat. Eta sosak biltzea, ikerkuntzan aurrera egiteko.
Ordizian hainbat pertsonak, eragilek eta elkartek bat egin dute . Errugbiko Ordiziaren lehen taldeko jokalariek, esaterako. Iker Irribarria pilotari aramarrak elastiko sinatua oparitu du, saldu eta dirua ateratzeko.
Ordiziako hainbat tokitan, gainera, bibotea txukuntzeko boluntarioak prest izango dira.
Iaz, estatuko 4. onena
Iaz, Ordizian 8.123 euro bildu zituzten Ordizia MoTown kanpainan, Nick Knight ingelesak mugitua. Espainiako estatuko laugarren onena izan zen, jasotako diru kopuruz. Palibex (16.092 euro), Coolmunication (15.364) eta Chemours (8.421) soilik geratu ziren aurretik.
Azaroaren 18an Kantubibotea egingo dute, Santa Zezilian, Larrun Arri koruarekin. Azaroaren 22-23an pintxopotea, eta 26an haur jolasak eta musika, 17:00etan, Plaza Nagusian.