Lasai!! Ez nator eta, Trumpek irabazi izanaz azterketa politikoa egitera. Ez daukat horretarako gaitasunik, Jainkoak guarda!, gure amak esaten duen bezala. Nik beti aitortu dut nire ezjakintasuna Euskal Herritik kanpoko politikaz. Kasu honetan, Estatu Batuetakoez orokorrean ohi dudan bezala, Noam Chomsky jarraitu dut, adibidez. Edo esate baterako, Ekialde Hurbilekoa Mikel Aiestaranen bidez jakiten dut. Ez dut gehiagorako pretentsiorik. Nahiko lan izaten baitut geure hurbileko bizikidetza ulertzen.
Beraz, inongo pulpitura igotzeko nahirik gabe, baina bai esan dezakedala, zera: ni ez nau harritu Trumpek irabazi izanak; harritu nauena da, zenbat jendek aitortu duen ezustea!! Nire senak esaten zidan Trumpek irabaziko zuela. Erresuma Batuko Brexitak ustekabean harrapatu ez ninduen bezalaxe, eta Espainiako hauteskundeetan berriz ere PPk irabaztea eta gobernua PSOEren laguntzaz osatzea, publikoki aurreikusi nuen bezalaxe.
Bagatoz hurbiltzen geure zilborrera: EAEn PNVk irabaziko zuela eta gobernua PSEren laguntzaz bideratuko duela ere esana dut (hau idaztean oraindik zer gertatuko den ez bada ezagutzen ere). Espainiakoaz eta EAEkoaz diodana esateko laineza, hauteskunde horien aurretik kuadrillan egin genituen kinieletan nik aurreikusitakoak babesten dit: EAEko alderdi bakoitzaren ordezkaritza, ia-ia bete-betean asmatu nuen. Eta zergatik gertatzen da hori? Nik oso garbi daukat: zer entzun eta zer irakurri, horixe bera gara; edo gero eta gehiago, horixe bihurtzen ari gara. Brexit, Brexit, Brexit… Brexit gertatzen da. Trump, Trump, Trump… Trumpi botoa. PP, PP, PP… PPri botoa. Ez dago besterik.
Begira, nik ez dut batere jarraitzen, adibidez, futbola; batere ez (zero), baina ezinezkoa da nik ez ezagutzea Ronaldo eta Messi. Ezinezkoa den bezalaxe, higuina sortzeraino «armaginak» eta «babazorroak» entzun gabe bizitzea, Euskadi Irratia entzuten baduzu. Nik ez dut ikusten Telecinco, baina egunero aditzen ditut nire inguruan Belen Estebanen zerak… Eta horrela, adibidez josiz gainezka nuke iritzi-artikulua.
Tentel hutsak bihurtzen ari gara. Jaten duguna gara, nonbait, eta jaio berritan geure kabuz jateko gai ez ginenean bezalaxe, orain bestelako jana (informazioa) ere eman, eman diezagutela nahi dugu. Gaur egun inoiz baino errazagoa dugunean edozertaz ondo informatuta bizitzea, egiazko informazioa aurkitzeko ahalegin txikienik ere ez dugu egiten. Eta informazioa, dirua dutenen hedabideek ematen digute etengabe, uneoro, Trump, Trump, Trump… Eta tranpan tronpatuta gauzkate: libre zen pertsona, borreroak aukeratzen hasi da; alegia, bere buruaren esklabotza aldarrikatzen.
Zer datorkigun? Kataluniak independentzia gehiengo botoz aise lortu nahi badu, Errepublikako presidentetzarako hautagai Messi izendatu beharko dute; Euskal Herrian? Barkatu… Aurrena, Euskal Herria nork osatzen duten (dugun?), futbolaren Euskal Selekzioaren zuzendaritzak edo, erabakiko du, noizbait; azkenik, Madrilen, batzuen eta besteon burujabetza-asmoak galarazteko atakan gertatzen badira, Espainiako Erreinuko presidentetzarako Belen Esteban aurkeztuko dute eta akabo. Guztiok pozik.
Borondate eta kontzientzia gaiztoak dituztenek, menpean izan ditzaketenen ezjakintasunean izan dute beti bazka. Eta orain, ezjakinkerian! Hala, guztiok haien meneko, men, men, men, hemen nahiz Lepen. Le Pen, Le Pen, Le Pen…