Inazio Usarralde
Zer, Joxepa, piztu al duzue beheko sua dagoeneko? Iritsi zaigula negua, alajaina! Garaian garaikoa, hau ere ederra dun eta. Natura lo zorroan sartzen den moduan sartu behar geniken guk ere soseguan, barnera so, geure baitara. Gogoan dinat behin irratian Nafarroako mendialdeko herri txiki bateko emakume bati entzun niona elurte bat tarteko zela. Irrati-esatariak, inguru guztia elurtuta egonda eta abelera eskasa izango zutenaren harriduraz, halakoetan zer egiten zuten galdetu zionan. Eta hark: «Zer eginen dugu ba!? Etxean gelditu su goxoaren ondoan. Elurte garaian natura isilik gelditzen den moduan geuk ere gauza bera egin behar genuke. Eguneroko zurrunbiloarekin eten eta etxe barruan gelditu, eguneroko martxan astirik hartzen ez dugun beste gauza horiek eginez: irakurri, solasean aritu garai bateko kontuak oroituz, irratia entzun…».
Eta gure ingurura begiratu eta zer? Bada, egun hauetan azaldu diren hainbat daturekin kezkatuta geratu naizela: etxeko argia edo berogailua ordaindu ezin dutenen kopuruak gora egin duela. EAE mailako datua dun: 237.000 biztanle bizi ditun gure ondo-ondoan pobreziaren atarian. Horien negua ere ez dun laburra izango, izango ez denez!
Bertolt Brecht-en hitzak geurera ekarriz ez ahal zaigu honelakorik gertatuko baldinbaitere: «Kontatu didate Lazkaon, Gurutze eta Hirigoien karriken kantoian, negu gorrian, pertsona batek, gauero jendeari otoi eskatzen, aterpea bilatzen duela biluzirik daudenentzat».
Joxepa Madariaga
Bai, Inaxio, sua piztu eta ekarri diagu goxotasuna geure etxe txokora. Sua, taloak, babarruna eta gaztainak, ze ederrak! Arrazoi duk, neguan, negu portatzen baduk behintzat, gustuko izaten diat epelean goxo egotea, oinak bero, burua hotz eta sabela aseta. Elurretan oinez ibiltzea atsegin diat; ez, ordea, autoan. Urtean bitan zapata handiak, eskiak, jantzi eta irristaka ibiltzen ere gozatzen diat. Irakurtzea, idaztea, kontu kontari aritzea… Adiskide onen aldamenean, telebista beharrik ez zagok. Zoriontasuna, Euskal Herri berdeko negu beltzean.
Baina, baina, baina… hik esan bezala, berotasuna, goxotasuna, jana, oinarrizko gauzak falta dituztenak eta eskean dabiltzanak inguruan dizkiagu. Diferentzia handiak zaudek gure artean, pobreak oso pobre, aberatsak oso aberats.
Elkartasunean hezitakoak gaituk euskaldunok, elkartasuna eta laguntza gure heziketan oinarrizkoak izan dizkiagu lehen eta, oraindik ere, maila apaldu badugu ere, uste diat, jarraitzen dugula ikasitako bidetik. Elkartasuna, laguntza. Horiei esker iristen gaituk munduko hainbat herritara eta herritarrengana (lurrikara non, eskola falta non, osasungintzan hutsunea non, gu han); eta gertuago, hemen bertan, zenbat proiektu ez dizkiagu sortzen, mantentzen eta indartzen, geure ahalegintxo, hondar aletxoei esker? Horra hor Ikastolak, euskaltegiak, egunkariak, presoak eta gaixoak dituzten familiak… Soldata dugunok, zorteko gu! Ohituta gaudek laguntzetara bideratzen jasotzen dugunetik zati bat. Gehiago egin beharko genikek, baina egiten duguna ez duk ahuntzaren gauerdiko eztula!