Ormaiztegiko zubia bezain ospetsua izan zen Jose Francisco Berasategi Lasa, ‘Ormaiztegiko itsua’. Bidaiarien trenak iristen zirenean esku soinua jotzen zien, geltokian. 17 urterekin, kareak erre zion ikusmena; ez negoziorako bista.
Trenak hainbat aldaketa ekarri zituen, duela 150 urte, Ormaiztegira. Paisaiaren parte ezin banatuzko bihurtu den zubia, bat. Baina baita turismoa ere, herriko bainuetxea —zubi azpian zegoen— trenaren komunikazio ahalmenak indartu zuelako. Eta ormaiztegiarren negozio aukerak ere handitu zituen.
Jose Francisco Berasategi Lasa (Ormaiztegi, 1858 – 1931) da horren adibide. Ormaiztegiko itsua ospetsu izan zen XIX. eta XX. mendeen kulunkan. Esku soinua jotzen zuen tren geltokian, bidaiarien trenak ailegatu orduko. Entretenimendu bitxia zen, bidaia luze eta neketsuan aho gozagarri estimatua.
Bizia izan zen, txikitatik, Prantxisko —hala deitzen zioten—. Mekola baserrian jaioa, 14 urte zituela piztu zen III. Karlista gerra (1872-1876), eta aitaren ordezko soldadu joan behar izan zuen. Kapitain baten laguntzaile izendatu zuten.
Hargintzan bista galdua
Hargina zen Berasategiren aita, eta berak ere laguntzen zion. 17 urterekin, letxera prestatzen ari zela, kare biziari ura bota zionean, irakin eta aurpegia erdiz erdi harrapatu zion. Itsutu egin zen, eta ondoan zegoen arrebari ere kaltetu zion ikusmena.
Itsutasunak beste lan batzuetarako ezindu zuenean, musikari ekin zion. Ahoko soinua, flauta, txilibitua eta dultzaina jotzen ikasi zuen, eta erakusle ere aritu zen beste batzuentzat. Elizan jotzen zuen, egun seinalatuetan, eta apaizak eskupekoa ematen zion.
Geroxeago ireki zuten trenbide alboan Ormaiztegiko geltokia, 1889an. Soinua hartu, eta bidaiari trenen orduan igotzen zen itsua. 1890 aldera hasi zen.
Erreginaren eskupekoa
Garai hartan egunean bi edo hiru tren pasatzen ziren, bidaiarienak. Zubipeko Etxaluze etxean bizi zen Berasategi, Anastasia Telleria astigarretar andrearekin eta lau seme-alabarekin. Espartingileak ziren, apretak egiten zituzten. Baita aulkien zumezko estalkiak ere.
Zubi azpiko bidexkatik gora, edo 1922an errepidea zabaldu zutenean handik, geltokian ohiko irudi eta soinu bihurtu zen itsua. «Portugesak pasatzen baziren, beren martxa joko zien; frantsesei Marsellesa. Maria Cristina erregina bazen, berriz, Martxa Erreala. Erreginak, gainera, Donostiara etortzen zen bakoitzean, bost pezeta ematen omen zion. Diru asko garai hartarako», idatzi zuten Garbiñe eta Elisabet Ezkurdia ahizpek Goierritarra-n, 1990eko udan. Xabier Irizarrek eta Zeles Otamendik Ormaiztegi 1860-1970 lanean berritu dute.
Bidaiariek ere txanponak botatzen zizkioten, eta alaba batek jasotzen zizkion. Rafael Pikabea kazetariak Ormaiztegiko itsuaren aipamen zabala egin zuen 1914ko Album grafico-descriptivo del Pais vascongado lanean. Argazkitan ere jaso zuen, geltokiko kantinaren ondoan. 1915etik 1930era Antonio Antiak eduki zuen taberna.
Itxune taberna, Ormaiztegiko itsuaren oroimenean
Oraindik geratzen dira Ormaiztegin Jose Francisco Berasategi itsuari buruzko testigantzak. Berriki, Zumalakarregi Museoak ekitaldi batean gogoratu du. Soinu jotzailea bizi izan zen etxeak ere haren oroimen historikoa bizirik mantendu du.
Berasategik 1894an erosi zuen Etxaluze etxearen zati bat, eskuin aldekoa, bi mila pezetaren truke. Orduantxe hasi zen famatu egiten, geltokiko soinu joaldiekin. 1931n hil zen itsua, eta 1980an haren oinordekoei erosi zien etxea Agustin Galabidek. Bi urte geroago Itxune pub taberna zabaldu zuen (itsu-enetik eratorria), itsua oroituz.