Durangoko Liburu eta Disko Azokan, estandaren atzean jarrita, liburuak gomendatzea suertatzen zait, haur eta gazteei zuzendutakoak askotan. «Liburu bat nahiko nuke, hainbat urte ditu eta neska (edo mutila) da» askotan entzun izan dut. Argi dago helduok zeren arabera hautatzen ditugun haur eta gaztetxoentzako liburuak. Ez da harritzekoa; liburuen edizioa, salmenta eta promozioa adinaren arabera dago antolatua, eta okerrenean, baita sexuaren arabera ere.
Perry Nodelman literatura-aditu eta idazle kanadarraren arabera, haur eta gazteentzako liburu hautatuek osatzen dituzten zerrendak zentsura mota bat besterik ez dira. Izan ere, balio handiegia ematen zaie adinen arabera, haurren gaitasunak sailkatzen dituzten tesiei.
Duela ehun urte ez zegoen haurrentzako liburu berezirik, ez zelako uste haurrak eta helduak elkarren artean horren ezberdinak zirenik. Haurrak, ahulagoak izanik, berariazko beharrak zituztela eta munduaren ezagutza kaltegarria zela erabaki zutenean, hasi ziren haurrentzako liburuak egiten. Eta nik gehituko nuke, literaturaren esparruan ez ezik, gizarteko esparru gehienetan ere, kontsumismoaren jomuga gorenena izatera igaro direla oso denbora gutxian; begi bistakoa da elikagaien, modaren edo aisialdiaren industriak zenbat behar sortu dituen haurren inguruan.
Askok pentsatzen dute haurrak tolesgabeak eta inozoak direla eta ez dituztela helduaroak dakartzan murrizteak eta baldintzak ezagutzen; beraz, guztiz xaloak direlarik, gaiztakeriara jotzen dutela berez. Beste batzuk, berriz, helduon gaiztakeriek kutsatu gabe daudela eta aratz-aratzak direlakoan daude. Ikuspuntua edozein dela ere, bietan haurrak isolatzera jotzen dugu. Eta ondorioz, Nodelmanen arabera, guztiok bihurtzen gara zentsore.
Haurrak haur izaten jarraituko dute helduek mundua ulertzeko modua zentsuratzen jarraitzen diegun bitartean. Eta irudipena daukat, gaur egun, haurtzaroa behar baino gehiago luzatzeko beharra duela sistemak.
Neronek, haurra nintzela, ia ez nuen haur literaturarik irakurri, akaso era horretako libururik eskura ez nuelako. Nire haurtzaroko libururik esanguratsuak hiru izan dira: Maravillas del saber entziklopedia, Biblia eta Le petit Prince. Lehenengoa etxeko egongelako altzarian zegoen, gurasoek atez ateko saltzaile bati erosita; bigarrena, izebak oparitu zidan jaunartze egunean; Saint-Exupery-ren frantses-gaztelera edizio elebiduna amak erosi zidan, frantsesa ikasten ari nintzen urteetan.
Bakar bat ere ulertzeko nahiko mailarik ez esperientziarik ez nuen; ez nituen guztiz ulertzen. Akaso, horregatik erakartzen ninduten, antzeman nuelako munduaren ezagutza, bizitzaren misterioa eta irudimenak sor zitzakeen istoriorik harrigarrienak orri inprimatu haietan ezkutatzen zirela. Eta ni jakin-minez irrikan nengoen.
Gauzak horrela, Durangoko azokan haurrek eskura izango dituzte era guztietako liburu andana, euskaraz gainera. Edozein estandaren parean jarri eta utzi beraiei erabakitzen, mugarik jarri gabe. Eta zuetako inork haurren batentzat libururen bat erosi nahi badu, haurrak espero ez duen eta harrituko duen libururen bat aukeratu, eta etxean harekin partekatu, haurra izateari utzi ez badio behintzat, jakinmina izango du eta.