Goierriko baserritarrak Debagoieneko herrietara joaten ziren, sagarrak ferian saltzera, Oñatira eta Bergarara. Oñatiarrek Kiputzen Bidea deitzen zutena erabiltzen zuten, goizean goiz abiatu, eta astoarekin bidea oinez osatzeko.
Goierri, 2016. Goierritarrek saltokietan erosten dituzten sagar motak Japoniatik, Italiatik, Zeelanda Berritik, Espainiatik edota Kanadatik ekarriak dira, bertakoez gain, jakina. Milaka kilometroko bidaia eginda iritsi dira, proportzioan merke.
Goierri, 1940. Goierritarrak sagar esportatzaile dira. Bertako azoketan ez ezik, inguruko eskualdeetara ere eramaten dituzte. Garraioa euren kontu dago: goizaldean jaiki, astoa hartu, eta kilometro ugari ibili ondoren, plazan saltzen dute.
Gizakiaren historian lagun izan da sagarra, Lurraren ipar hemisferio osoan. Goierriko baserritarrentzat ere diru iturri apartekoa zen, udazkenean. Uzta bildutakoan, bai sagardotarako, bai mahairako, lehentasunezko salgaia zen.
Eskualdeko merkatu nagusietan saltzeaz gain, Debagoienera ere jotzen zuten goierritarrek. Sagar ekoizle oparoa izan da Goierri, eta urriago zegoen edo biztanlez eskari handiago zuten Oñatira nahiz Bergarara joaten ziren, saltzera.
Oñatin, esate baterako, estimatua zen Goierriko sagarra. Errezil sagarra, gehiena. Gabirian eta Mutiloan asko ateratzen zutenez, Legazpin barrena eramaten zuten, errege-bide zaharretik.
Astoarekin, kilometrotan
Gabon inguruan, batik bat, sagar asko nahi izaten zuten, konpota edo postreak egiteko. «Etxetik oinez joaten ginen Oñatiko plazara, astoan bi saski hartuta. Atagoiti pasatu, Motxorrora jaitsi, eta Udanatik behera ataju batzuk eginda. Bidaia asko eginda nago ni», dio Gabiriako Nikolas Alustizak (Oñatibi Aundi, 1925). Amarekin joan ohi zen. Ormaiztegi-Oñati errepideak 21 kilometro ditu. Bergarara ere joaten ziren, bide luzeagoan.
Errezil sagarra geratzen zen udazkenean azkenera arte, iraupen luzea duelako. «Dirurik gehiena hark balio izaten zuen, 3 edo 4 duro. Guk beti dozenaka saltzen genuen. Saskian, azpian txiki samarrak jartzen genituen, gero handixeagoa, eta gainean handienak. Erosleak ikus zezala ona. Sagarra itxurazkoa nahi zuena, hura beti goizago joango zitzaizun». Saskia beheratu ahala, prezioa ere txikitzen zen.
Eguerdirako bukatzen zen feria, eta hala etxeratzen ziren.
‘Kiputzen bidea’ deitzen zioten oñatiarrek Goierritik zihoan bideari
Gaur egun anakronikoa dirudien arren, Oñatiko bizilagunek ez zuten beren burua gipuzkoartzat. 1846an batu zitzaion Gipuzkoari ordura arte konterri beregain zen udalerria.
Batasun administratiboari denboran irabazi zion, ordea, Kiputzen bidea deiturak, herri senean. Goierri aldetik, Udanatik behera —ataju batzuekin moztuta—, Oñatira zihoan errege-bideari deitzen zioten horrela oñatiarrek. Azken erabiltzaileak Mutiloako eta Gabiriako baserritar sagar saltzaileak izan ziren.