Gaur zortzi joan zitzaigun Fidel Castroren bizarra, eta harekin batera, baita Fidel bera ere. 90 urterekin esan zion adio lurtarron mundu ezdeus honi. Berehalakoak izan ziren sare sozialetan haren eginei eta ez eginei, lorpenei eta porrotei buruzko iritzi, irizpen eta epaiak. Izan ere, zerbait izatekotan, inor ez hotz ez bero utzi ez duen pertsona izan da komandantea. Maite zutenek izugarri maite zuten, eta gorroto zutenek ere, halaxe.
Komunista, iraultzailea, bere herriaren duintasuna erdiestearren arima galdu zuen politikaria. Haren irudia Ernesto Guevara Che gerrillariaren alboan irudika dezakegu duela urte mordoxka bat, eta bere anaia Raulen alboan, azken urteotan. Habano baten kearen baitan barreiatzen zituen amets anti-inperialistak, eta zalantzarik gabe, borrokalarietan borrokalariena izan zen: AEB boteretsuari galga jartzeko, hirugarren munduko herrialdeei elkartasuna erakusteko eta bere bihotzeko Kubaren ongizatea eta askatasuna bilatzeko borrokatu zen beti; zutik, uzten ziotenean, eta belauniko, hartara behartzen zutenean. Hark esana omen da jaio behin jaiotzen garela, beti amestu behar dugula, eta hil, inoiz ez. Bada, ameslariari ere iritsi zaio akabera. Joan da, baina mundu osoan geratuko dira hark egindako balentrien aztarnak. Asko egindakoa baita. Estatu Batuek ezarritako blokeoari aurre egiteko gai izan zen, hezkuntza zein osasun arloetan finkatu zituen neurri eraginkor batzuei esker; horregatik, zentzu askotan izan da munduko herrialde ugariren eredu. Okerrik ere egingo zuen inoiz, jakina, baina hark egindako gauza onekin geratuko naiz ni, behintzat. Bai horixe!
«Hark esana omen da jaio behin jaiotzen garela, beti amestu behar dugula, eta hil, inoiz ez. Bada, ameslariari ere iritsi zaio akabera»
2016ko azaroaren 25a zen, ilunabarra, Fidel Castrok bere azken hatsa bota zuenean. Beraz, indarkeria matxistaren aurkako egunean eta orain moda-modako dagoen Black Friday fenomenoaren erdian utzi zuen bere Kuba maitea. Indarkeriaren kontra aritzeaz bazekien zertxobait gizonak, baina zer iritzi ote zuen yankiek asmatutako Black Friday delakoaz? Nirearen antzekoa, seguru asko.
Urruneko lurraldeetatik Pa-pa Noel iritsi zitzaigun duela hamarkada batzuk. Atzetik etorri zen urriko azken egunean ospatzen den Halloween gaua ere. Eta oraintsu izan dugu Black Friday horren berri. Jatorrizko lurraldetik beti gure bitartekari lanetan jarduten duen Espainiara iristen dira horrelako fitxaketak, eta ez du denbora askorik behar izaten geurean ere errotzeko. Terminoak eta esamoldeak bezain erraz mailegatzen baititugu ohiturak eta ohikeriak ere. Badugu garaia etxean dugunari eta berezkoak ditugunei arreta jartzeko eta horiek zaintzeko. Kanpoaldeari so egotea ondo dago, baita ideiak hartzea eta gure ongizatea ekar dezaketen proiektuak abian jartzen ahalegintzea ere. Baina tradizio eta ohitura handiko herria da gurea. Onak diren bitartean, euts diezaiegun horiei! Bihar dugu Euskararen Eguna, eta Euskararen Eguna da Día Internacional del Vascuence edo International Day of Basque Language izendapenen gainetik. Jardun dezagun, beraz, geuk, geure artean eta geuretzat, Fidel Castrok Kuban, kubatarrekin eta Kubarentzat jardun zuen bezalaxe. Betira arte, kamarada!