Nagore Belastegi
‘Thanks Giving Day’ atzean utzi dugu, alegia, «esker emateko eguna». Ez dugu ospatzen, baina ziur nago urte batzuren bueltan denok indioilar betea izango dugula plater gainean. Aurreko zutabean, Halloweeneri buruz aritu ginenean, hitz egin genuen ohituren internazionalismoaz eta, uste dut, horrekin ere hala gertatuko dela. Ohiturei pixka bat kostatzen zaie errotzea, hala ere. Baina kontsumoa tartean dagoenean, orduan bai ziztu bizian hedatzen direla beste herrialdeetako joerak. Adibide bat da Thanks Giving Day horrekin hasi zen Black Friday –ostiral beltza–. Egun horretan aparteko merkealdiak eskaintzen zaizkigu saltokietan eta oso zaila da zerbaitetan ez erortzea. Gabonak gertu daude baina neguko merkealdiak urrun, eta poza ematen du gustuko dugun zerbait prezio erdian lortzen dugunean. Herriko saltokietan erostearen aldekoa naiz baina ez dut hipokrita izan nahi horrelako kanpainetan erosi behar ez dela esanez. Ni neu izan nintzen bezero naizen dendek eskaintzak ote zituzten ikusteko emailak errepasatu zituen lehena. %20ko deskontua hemen, 2X1eko eskaintza han. Begiak dizdiratsu jarri zitzaizkidan eta erosteko beharra sortu zitzaidan. Behar hori asetuta, etxera aurpegirako hiru kremekin itzuli nintzen. Gaitzerdi, egunero erabiltzen dudan zerbait da! Donostian eguna emanda zaila da tentaldiari aurre egitea. Baina imajinatu ditzaket denda-kateetako saltzaileak eskuak igurtzen, euroaren sinboloa begietan dutela…
Iraia Oiarzabal
Bazkalorduko hizketa gai izan genuen lantokian, zenbat mezu jaso genituen azken orduetan Black Friday-aren aitzakiapean. Tentazioa badela ezin ukatu behintzat. Gabonen atarian, erosketa zerrenda opariz eta gutiziaz betetzen doakigun honetan, nork ez du erakusleihoko mauka aprobetxatu nahi? Eta hori pentsatzen dudan aldi berean agertu zaizkit lehenengo kontraesanak. Kontzientzian agertzen diren arrakala txiki eta deseroso horiek. Zenbatetan hitz egiten dugu lagunartean kontsumismoaz? Gizartearen gaitz guztiei izena jarri eta horien kontra hitz egiteko sortutako makulua ere bihurtu da kontsumismoa. Nahiago dut eguneroko praktikari begira jarri eta egun daramagun bizitza eta kontsumo erritmo eroari erreparatu. Aisialdia kontsumo bihurtu da, eta kontsumoa aisialdi. Baina tira, ez nadin zurikerietan erori. Nik ere tabernetan pasatzen dut denbora lagunekin, gustuko dut dendetan kapritxo bila ibiltzea, opariak jasotzea eta egitea… Korapilo horretan sartuta bizi naiz ni ere, askotan gustoz eta beste batzuetan kontzientzia txarrak dakarren pisuarekin. Orain gutxi egindako elkarrizketa batean, desberdintasunaz, pobreziaz eta sistema aldatu beharraz hainbeste hitz egiten dugun garaiotan aldaketa horrek, beste borroka batzuen artean, gure buruetan iraultza sakon samarra ez ote duen eskatzen galdetu nion elkarrizketatuari. Baita horretarako prest al gauden. Baiezkoa eman zidan, konbentzimenduz. Nik ere konbentzituta nahi nuke, baina zalantza handiak ditut.