Abenduaren 11n Xabier Aranburu Guzta (Idiazabal, 1984) harri-jasotzaileak desafioa jokatuko du Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan Iban Ugartemendia hernialdearraren aurka. 200 kiloko harriarekin sei minutuko hiru tanda egingo dituzte. Aranburu Urrestillan bizi da eta Goenatxo II.aren eskolako kidea da. Goenatxoren aginduetara entrenatzen du, hark Azkoitiko Urrategi auzoan duen baserrian, Xabier Lizarralde, Martin Mendizabal eta Jon Unanue (Goenatxo II.aren semea) azkoitiarrekin eta Elias Perez hondurarrarekin. Astean bitan elkartzen dira.
Ze kirol probatu zenituen harriak jasotzen hasi aurretik?
Lastoa altxatzen hasi nintzen, herriarteko Xiba txapelketan. Ondoren, Mikel Garmendia zenarekin aizkoran hasi nintzen. Lagunarteko apustu bat ere egin nuen. Martin Mendizabalekin prestatu nintzen. Ondoren, harri mundura pasa nintzen. Familia izan nuenean herri kirol mundua utzi nuen, baina ondoren denbora librean harriak jasotzen hasi nintzen. Lagun giroan, ea nork gehiago jaso.
Herri kirol mundua betidanik gustatzen zaizu, beraz.
Bai, txiki-txikitatik gustatzen zait. Aizkora izan da beti gehien gustatu zaidana. Baina aizkoran aritzeko dohainik ez nuela ikusi nuen eta poliki-poliki, Martin Mendizabalekin, harriak jasotzen hasi nintzen. Berak zituen harri zahar batzuekin hasi nintzen. Hasieran lagunarteko jolas bat zen: ea jasoko genuen ala ez. Eta honaino iritsi gara.
Mendizabal oso garrantzitsua izan da zure kirol ibilbidean. Nola ezagutu zenuen?
Bera ere herri kirol munduan ibiltzen zen, apustu bat egin zuen aizkoran eta segan… Hala ezagutu genuen elkar eta ordutik makina bat erakustaldi egin ditugu elkarrekin. Egun biok harriak jasotzen ditugu eta elkarrekin entrenatzen dugu.
Urrestillan bizi zara. Goierrin gelditu izan bazina, beharbada ez zinen harri-jasotzailea izango.
Nik dakidala behintzat, han ez dago harri-jasotzaile eskolarik. Ezta harriak jasotzen dituen inor ere. Beharbada baserriren batean harriren bat edo beste egongo da, baina hori da dena. Han ez dago Azkoitia aldean dagoen zaletasuna.
Nolatan heldu zinen Goenatxoren eskolara?
Ezkontza batean 130 kiloko harri bat zegoen eta jasotzeari ekin genion. Trago batzuk jo ondoren, berotuta nengoen eta sanjoanetarako 200 kiloko harria altxatuko nuela esan nuen. 2011ko urria zen. Jendeak erotuta nengoela esan zidan. Mendizabalengana jo nuen eta lagunduko zidala esan zidan. Duela bi urte, berriz, poliki-poliki, Goenatxorengana etortzen hasi nintzen teknika hobetzeko asmoarekin. Hasieran hamabostean behin etortzen nintzen, gero astean behin eta egun hemen bakarrik entrenatzen dut.
200 kiloko harria altxatzea erabaki aurretik, ez zinen serio aritu, beraz.
Ez. Lagun giroan aritzen ginen: txabolara afaltzera joan eta harriak jaso.
Zenbat kilo altxatzen zenituen Goenatxorengana etorri aurretik?
2012ko saiakera hartan ez nuen 200 kilokoa altxatzea lortu. 2013ko otsailean jaso nuen, Idiazabalgo jaietan. Martxoan berriro altxatu nuen, Goenatxoren semearekin, eta ondoren hona etorri nintzen 213koa altxatzera. Jaso egin nuen. Ordutik hona etortzen naiz.
«Aizkoran aritzeko dohainik ez nuela ikusi nuen eta harriak jasotzen hasi nintzen»
«200 kiloko harria altxatzea erabaki aurretik, lagun giroan bakarrik aritzen nintzen»
«Gustura ari naiz entrenatzen, nahiz eta batzuetan egun txarrak tokatzen diren»
Ondo hartu al zintuzten Goenatxoren eskolan?
Oso ondo. Asko irakatsi didate eta heldu naizen tokira beraiei esker heldu naiz. Nik berezko pixka bat badudala uste dut eta beraiek, ordea, indarra hemen hartu dudala esaten didate, jaten ondo eman didatelako. Kilotan behintzat hobekuntza nabaritu dut! Hemen jateko afizio handia dago! Izerdi pixka bat atera ondoren, Urrategiko elkartean edo Martinen erretegian afaltzen dugu askotan. Normalean, entsalada eta txuleta jaten ditugu.
Plaza asko al dituzu?
Azken urteetan erakustaldi asko egin ditut. Iaz parte hartu nuen lehenengoz txapelketa batean: Igeldoko Harriaren txapelketan txapeldunorde izan nintzen. Ondoren, Idiazabalgo Baserritarren Egunean erakustaldi bat egin nuen eta ekitaldi haren ondoren alkateak festetan zer edo zer berezia egitea proposatu zidan. Harri handi bat altxatzea gustatuko litzaidakeela esan nion eta udalak horretarako bidea ireki zidan. 213koa altxatu nuen. Ondoren, 225ekoa altxatu nuen Urrestillan. Horren ondoren, Martinek-eta apustu bat egiteko garaia heldu zela esan zidaten. Ibani kontra egin diezaiokedala pentsatu genuen eta berari bota genion desafioa.
Nola ikusten duzu desafioa?
Desafio egunera ahalik eta ondoen heltzen saiatuko gara. Bide onetik goaz. Gustura ari naiz entrenatzen, nahiz eta batzuetan egun txarrak tokatzen diren. Ea desafioaren egunean gorputzaldi ona dudan. Etxean egindako lana egitea lortzen badut, konforme. Ez diot besterik eskatzen neure buruari. Galdu edo irabazi, beste kontu bat. Bestea gehiago bada…
Zuk bost minutuko hiru tanda nahi zenituen eta sei minutukoak egingo dituzue.
Hala da. Nik bost minutuko hiru tanda egin nahi nituen, sanmartinetan. Berak sei minutuko hiru tanda nahi zituen, urtarrilean, Aiako pilotalekuan. Azkenean, tokia guk aukeratu genuen eta tanden iraupena beraiek.
Non dago zure muga?
Ez dago jakiterik. Apustua pasatakoan ikusiko dugu.
Nolako harri-jasotzailea zara?
Zilindroarekin oso gaizki moldatzen naiz eta kubikoarekin ikasten ari naiz. Bola ere oso gutxi jaso dut. Plazan etxean baino hobeto ibiltzen naiz. Hori ona da. Bestalde, harri handi samarrekin txikiekin baino hobeto moldatzen naiz. Ez dut horrenbesteko hausporik.