Sekula erreparatu gabeko gauza bat, xehetasun linguistiko eder bat, erakutsi berri dit gertuko lagun batek. Euskara ikasten dabil azken zortzi urteotan eta gogotik saiatzen da –dakienarekin– bereganatzen ari den hizkuntza erabiltzen. Bide horretan xehetasun txiki baina eder askoak deskubritzen ditu. Kontatzera noan hauxe da kontatu didan azkena.
«Aizu, nola esango zenuke mi abuela euskaraz?», bota dit, eta segituan konturatu naiz galderak baduela tranparen bat, lagunaren begitarte jolastiari erreparatuta. Izan ere, aspaldi ikasi zuen euskaltegian nire amona dela bi hitz horien itzulpen hitzez-hitzezkoa. Galderaren zentzuaz jabetu naizela ikusita, aurre hartu dit zera kontatzeko: «Euskaldunzahar batek kontatu dit gure amona, gure anaia edo gure jaiotetxea erabiltzen dela euskaraz, eta gaztelaniaz esaldi horiek lehen pertsona singularrean esaten direla, aldiz. Oso polita iruditu zait!».
Polita eta adierazgarria, bai horixe!
Ez daukat jakinduria handirik antropologian, ezta soziologian ere, baina imajinatzen dut euskaldunok hainbestetan erabiltzen dugun gure horrek izango duela esanahi historikoren bat. Euskal kulturari egotzi izan zaion izaera kolektibistaren sintoma linguistikoren bat izango dela, ziur asko.
Pentsatzen jarrita, gizarte bizitzako eremu askotara zabaltzen da, modu natural askoan eta ia-ia oharkabean, gure hitza erabiltzeko ohitura. Gure herria, gure hizkuntza, Gure Aita, gure ekonomia, gure kultura, gure fabrika, gure elkartea, gure eskola… eta beste hainbat eta hainbat gure gauza. Norberaren interesaren gainetik guztionak –edo gutxienez kolektibo batenak– direla sentitzen ditugun errealitateak izendatzeko erabili ohi dugu.
Ez gara azaleko kontu batez ari. Jarrera indibidualistak alor guztietan gailentzen diren garai hauetan, zeinetan bizilagunen zorionarekin poztea hainbeste kostatzen zaigun, borroka politikoak eta biolentziak hainbeste min eta ezinikusi sortu dituen gizarte honetan, izugarrizko garrantzia du konpartitutako jomuga eta balioei eusteak. Denon onerako positiboak diren errealitateak identifikatu eta gure egitea, alegia. Momentuko eztabaida eta xestren gainetik egongo diren helburuak finkatu eta horiek gauzatzeko elkarrekin lan egiteak batzen eta aberasten baitu giza-talde bat, azken finean. Hori da diferentzia; norbanako edo indibiduo sorta bat izatetik gizarte bat izatera dagoen salto ikustezina.
Adibide batzuk lehenago aipatu ditugu, baina Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu berria dugun honetan, gure hizkuntzaren errealitateari begiratzea tokatzen da. Kasu horretan, beldur naiz ez ote dagoen gure gizartean oraindik ere jende askotxo euskal hizkuntzarengandik urrun bizi dena. Euskararen geroak batere kezkatzen ez duena. Bere egin beharrean, oraindik elementu arrotz gisara ikusten duena.
Ez naiz euskara jakin edo ez jakiteaz ari. Iruditzen zait okerragoa dela euskarara gerturatzeko esfortzu zipitzik ere ez egitea. Horretan ere aurrerapausoak ematea komeni zaigula iruditzen zait. Orain arte euskal hizkuntzaren erabilera besteen gauza dela sentitu duten horiek erakarri eta gizarte osoaren ardura dela jabearaztea. Hortxe diferentzia, euskara gure izatetik denona izatera.