Eneritz Gorrotxategi
Ate joka ditugu Gabonak. Ez naiz gaur, ordea, Gabonetako mahai bueltako solasez arituko edota egunero gogoratzen ditugun eta data hauetan nabarmenduko zaizkigun hutsuneez arituko. Akaso nire sentimentua da, baina aurten sekulako oihartzuna eskaini zaio Gabonetako erosketak egiten hasteko egunari: Black friday-ari. Eta horrek, zer pentsatua eman dit. Ingelesez egin behar al dugu guztia? Euskaraz esanda ez al du balio?
Hizkuntzaren kontua ez bada, zer ote, jatorri kontua? Estatu Batuetatik datozen ohiturak ote dira gurean oso denbora gutxian zabaldu eta barneratzen ditugunak? (Hor dugu Haloween, baita Gau baltza edota Arimen gaua ere, baina lehena entzunagoa da…). Ba ote datorkizu burura beste nonbaitetik jaso dugun ohitura hain zabaldurik?
Ingelesez, frantsesez, errumanieraz, gazteleraz, euskaraz, kitxuaz edota wolofez, azkenean maite duzun horri egin nahi diozun keinuak du esanahia, dena delako hizkuntzan eginda ere. Eskerrak oraindik badiren gure alboan, hizkuntza batean edo bestean hitz egin, gure intentzioa jaso eta irribarrea itzultzen dizuten pertsona txikiak. Hauek izango dira pixkanaka Gabonetako egun petraletan irribarrea ahoan zintzilikatzen lagunduko digutenak.
Ion Muñoa
Inpresioa dut, neurri handi batean, euskaltzaleok alerta eta agonia konstantean bizi garela. Kartel bat gaztelania hutsez ikusi dugula, egun, eraikin edo ekimen bati ingelesezko izena jarri diotela, euskaraz idatzitako aldrebeskeriaren bat irakurri dugula, eta abar. Konstanteki ditugu motiboak eta aukerak indignatzeko, mintzeko eta injustizia salatzeko. Bai! Argi dago tentsio-egoera hau zerbaitegatik bizi dugula, euskal hiztunok eskubide asko falta ditugula eta gure hizkuntza etengabe zapaltzen ikusten dugula. Hori dena horrela da, eta tentsio hori euskaltzaleen artean egon ez balitz, ziurrenik euskara desagertzear ere egongo litzateke. Alabaina, esango nuke alerta linguistiko konstante horrek neurri batean, gauza askorekin patxadan gozatzea eragozten digula.
Antzeko zerbait gertatzen da aipatzen dituzun beste bi gaiekin ere: inportatutako ohiturekin eta Gabonen bueltako kontsumo ohiturekin. Ikuspegi kritikoa eduki nahiak, kontsumismoa sustatzen duten joerak, egoerak eta ohiturak teorian baztertzera garamatzate. Are gehiago, ohitura horiek guztiz arrotzak badira. Baina gero nor ez erori %40ko deskontua duten kapritxo horiek erostera? Beti aurkituko dugu azalpen edo justifikazioren bat: «Urtarrileko merkealdiari itxaron ordez, behar nuen horren erosketa aurreratu eta Gaboneratarako gastu bat gutxiago!». Ondo asko dakigu gizakiok berezko dugula norbere burua eta ekintzak justifikatzeko gaitasun infinitua.
Alerta, tentsio eta kontraesan hauek beste egoera, irrifar txiki eta handi, giza-harreman oparo eta abar behar bezala patxadaz gozatzeko ez dira ziurrenik bidelagun onenak. Baina hauek gabe ere ezin bizi! Justizia-grina, euskaltzaletasuna eta ikuspegi kritikoa beharrezko ditugu, baina bakoitzak ahal duen modu eta neurrian, ondo pasatzea ere ez dezagula ahaztu! Eguberri on!