
Ez dago Urretxun eta Zumarragan Santa Lutzi azokako oroitzapenik ez duen inor. Feria Urretxun soilik egiten zeneko garaia akorduan izango du batek baino gehiagok. 1966tik geroztik Zumarragarekin batera antolatzen da.
Urretxura eta Zumarragara igo aurretik Santa Lutzi feria Ezkioko Anduaga auzoan egiten zen. Noiztik? Ez dago data zehatzik, baina feria Urretxun 1727. urtean egiten hasi zirela dokumentatuta dago. Iruñeko gotzainaren ekimenez azoka tokiz aldatu zuten. Izan ere, gizonek eta emakumeek elkarrekin ermitan ostatu hartzen zutela jakin omen zuen eta bekatu hori ekiditeko Urretxuri eman zioten feria antolatzeko eskumena.
Orduz geroztik Santa Lutzi feria Urretxun egin zen, baina Urretxuren eta Zumarragaren arteko muga lausoa da, eta 1966. urtetik, bi herriek hartzen dituzte salerosketa postuak. Hori da, hain zuzen, feriaren arima: zuzeneko salerosketa.
Garai batean tratanteak iristen ziren handik eta hemendik. Orain, tratanteak gutxiago dira baina zuzeneko salmenta azokaren muinean jarraitzen du. Aurtengoan ere bertako ekoizleek nahiz bisitariek bi herrietako kaleak beteko dituzte.