Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egingo die datorren asteartean, hilaren 20an, frankismoak errepresaliatutako Urolako treneko langileei. Aitortza egin nahi die 1936ko garbiketa prozesuan enplegua galdu eta jazarriak izan zirelako.
Donostiako Tabakaleran bilduko ditu aldundiak 1936ko gerran errepresaliatuak izan ziren Urolako burdinbideko langileak eta senideak datorren asteartean, 19:00etan. Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen trenbide hartako 123 langilek jasan zituzten errepresioaren ondorioak eta garbiketa prozesuan enplegua galdu eta jazarriak izan ziren.
Langile haiek trenak zeharkatzen zituen herrietakoak ziren batez ere. Hala, Zumarragakoak 19 ziren eta Urretxukoa zen beste bat. Gainerakoetatik, 40 azpeitiarrak ziren, 30 zumaiarrak, 18 azkoitiarrak eta 13 zestoarrak. Bi donostiar ere baziren. Aldundiak aitortza egin nahi die langile haiei eta bere senitartekoei, eta ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu.
Urolako trena 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Espainiako Alfonso XIII.ak. 1986ko udazkenean zerbitzua eten egin zuen, eta 1988an behin betiko itxi zuten.