Osasuna termometro batean bezala mugitzen da, 0tik 10era, gune txuritik (osasun ona) gune beltzera (osasunik gabe), gune grisetik igaroz (tarteko gunea). Mugimendua bi norabideetan izan daiteke. Baina nola jakin 0-10 eskala horretan non gauden?
Ondo sentitzen ez garenean medikuarengana joaten gara. Hainbat azterketa egin ondoren, ondo gaudela esaten digu, nahiz eta gu ez sentitu ondo. Gezurra esan digu? Ez, berak atera duen ondorioa bat dator osasunaren definizio zientifikoarekin.
Gaixotasuna gorputzaren hizkuntza da, fisikoki eta moralki zoritxarrekoa sentitzen dela esaten digu. Emozio/pentsamenduen eta gorputzaren arteko harremana oso estua da; sentitzen dugunak gaixotzera eraman gaitzake; adibidez, tristura handia minbiziaren jatorria izan daiteke. Gaixotasuna arazo fisiko, emozional, mental edo izpiritual baten manifestazioa da; gaixotasunak informazioa ematen digu, alarma seinalea da.
Gaixotasunaren aurrean bi gauza egin ditzakegu. Gure etsaia dela erabaki: madarikatu eta ixilarazi egiten dugu botikekin. Edo aliatua dela: helarazi nahi digun mezu hori dekodifikatzen saiatzen gara gertatzen ari denaren hondora heldu arte, benetako arrazoia aurkitu arte.
Gaixotasuna arimaren gorabehera da, eta onura lortzeko gure aliatutzat hartu behar dugu. Horrek esan nahi du:
- Gaixotasunaren arduradunak garela, gaixotasuna sortzeko bidea egin dugula; egoera horren jabeak gara, eta ez kanpoko egoera edo baldintzen biktimak.
- Nonbaiten galdu garela eta bidea aurkitu behar dugula, gure izatearen arrazoia, dimentsio honetan egotearen arrazoia. Osasunaren alderdi izpirituala da. Oso gutxitan hartzen dugu kontuan eta ezinbestekoa da.
Gorputz emozionala, mentala eta izpirituala ezin ditugu ikusi, eta horiek osasunean duten eraginaz jabetzea ezinbestekoa da gorputz ikustezinak eta arima bera sendatu ahal izateko.
Arimaren gaitz handiena sumisioa da. Sumisioa kontzientziaren kartzela da. Biktima ahul eta tristeak sortzen ditu, beste pertsona edo egoeren menpe daudenak; ekonomia, klima, guraso, nagusi, sistemaren biktimak. Gure kabuz pentsatzeari uzten diogu, beste batzuen erabakiak gure eginez. Autosuntsipeneko gaixotasunak elikatzen ditu: drogazaletasuna, alkoholismoa, gaixotasun degeneratiboak. Gure esentziatik deskonektatu eta kontzientzia eta borondatea lapurtzen dizkigu.
Gorputz ikustezinen gaitz handiena beldurra da. Daukaguna galtzekoa; nahi duguna ez lortzeak sortzen diguna. Beldurra ematen digu iraganak, orainak, etorkizunak. Beldurrak kontzientzia paralizatzen du, itsu eta indargabe bihurtzen gaitu.
Arima osasuntsu egiten duena subiranotasuna da. Pertsona burujabea bere bizitzako autoritate gorena da. Bere kabuz pentsatu, sentitu eta ekiten du, ez besteen arabera. Bere burua errespetatzen du, baita besteak ere. Bere buruan sinesten du eta besteengan fedea du. Bere pentsamendu eta emozioen kontrola du. Autonomoa eta arduratsua da.
Gorputz ikustezinen osasunerako maitasuna ezinbestekoa da. Segurtasun eta babes beharraz hitz egiteari utzitakoan, beldurrak indarra galtzen du. Gizakion artean loturak sortzean, elkar ezagutza, estimua eta elkar laguntza bultzatuz, maitasuna pizten dugu. Maitasuna beroa da, izozmendiak ere urtu ditzakeena. Maitasunari esker sintomak desagertuz doaz. Ez da harritzekoa Bernie Siegel medikuaren Amor, medicina milagrosa liburuak hainbesteko arrakasta izatea. Mezu eraldatzailea ematen du: guztiok dugu gure burua sendatzeko gaitasuna; baina gure buruarekiko eta ingurunearekiko maitasuna ezinbestekoa da. Gaixotasun larri baten diagnostikoa jasotzean, Siegelek dio lehenengo egin beharrekoa gure bizitzaren kontrola berreskuratzea dela, kontrol mentala eta izpirituala.
Izpiritua jainkotiarra da, eta beraz, gizakiak izaera jainkotiarra du. Izpiritua ahalguztiduna da, osasuna da, gaztetasuna, bizitza. Izpirituak ezin du gaixotu, osasun betierekoa da.