Lizarrustiko parketxean da hitzordua, Ataunen. Giroa fresko, eta jendea erruz. Denek helburu bera, urtean behin antolatzen den ibilbide mitologikoan parte hartzea: Jentilak eta Olentzero da goiburua. Bostehun lagun inguru Allekupeko basoa zeharkatzen hiru orduz, txandaka. Magia, misterioa eta ametsa, eta orbela hankapean.
Artean behelainoa altxatu ezinik dela abiatu da bisitari taldea. Lehen deiadarra entzun da, basoko izakiei abisu, kaletarrak basora bidean direla. Eta bidearen joanean hasi dira pertsonaiak azaltzen. Lehena Martinbeltz, ikatza urre bihurtzen duen ikazkina: «Gauza harrigarriak ikusiko dituzue, baina baita beldurgarriak ere», bota du.
Aker eta sorginak, lapur eta kontrabandistak, Pagomari Lizarrustiko neska artzaina, Lainomari neskatoa eta Torto, jentilak, Marimunduko eta sorginak, San Martin txiki, eta Olentzero eta Maridomingi azkenik. Horietxek Aralarko pagadi dotorean kondairaz betetako pasarteak kontatu dituztenak, euskara jatorrean kontatu ere. Jose Migel Barandiaranek burua altxatuko balu, irribarre txikia egingo luke Aralarren mitoak bizirik dirauela ikusita.