Zegamak egurrarekin lotura estua du. Aizkorri magalean dagoen herria izanik, zegamar askok basoan lan egin dute eta herriko interpretazio zentroa egurrari eskainia da. Egurrarekin lan egiten duten artistak ere badaude. Ramon Arrizabalaga, adibidez. Mendian txabola bat du eta txabola baino gehiago egurraren tenplua dirudi. Barruan egurrarekin egindako hamaika gauza daude: armairuak, ohea, mahaia, aulkiak, ispilua… baita mahai-tresnak ere! Gainera, txabola bat egiten ari da borda ondoko zuhaitzetan.
Arrizabalagak zerrategi batean lan egin zuen gaztetan eta ondoren gutun-azal lantegira joan zen. Baserrian ere lan egin zuen, ganaduarekin. Egur zaletasuna odolean zekarrela uste du. «Zerrategian zerra erabiltzen bakarrik ikasi nuen. Egurrarekin lan egiten ikasi nahi nuen, baina amak etxean norbait behar zela esan zuen eta behiekin gelditu nintzen».
Hala, ikasi duen guztia bere kasa ikasi du. «Konplejo apur bat dut. Batzuk tailerretan ikasi dute eta niri, ordea, ez dit inork irakatsi. Besteak baino gutxiago naizela iruditzen zait».
Bere txabola ikusteko ohorea izan dutenek, ordea, ez dute halakorik uste. «Oteitza bezalakoa zara. Zuen arteko alde bakarra, zuk berak baino gutxiago irabazi duzula da», bota dio Angel Irigorasek. Berak proposatu zuen Arrizabalagari buruzko erreportajea egitea.
Zegamarrak bizitza osoa darama egurrarekin lanean. Hasieran aizkorarekin lan egiten zuen eta ondoren makinak erosi zituen. Bere lehen lan handia etxerako pertsianak izan ziren. Makina erosi eta pertsianak egiten bazituen, pertsianak erosteko behar zuen diruarekin etxerako pertsianak egingo zituela eta, gainera, makina bat izango zuela pentsatu zuen.
Enkarguak
Ordutik, denbora pixka bat zuen bakoitzean zer edo zer egiten du. Jendeak bere abilidadearen berri izan zuen eta enkarguak hartzen hasi zen: aulkiak, pertsianak, armairuak, eskailerak… Poliki-poliki aroztegi tailerra osatu zuen. Abere artean baino askoz ere gusturago ibiltzen zen egur artean. «Abeltzaintza ez zait sekula gustatu. Lanak bukatzen irrikatzen egoten nintzen, aroztegira joateko. Hala ez dago ganaduarekin taxuz lan egiterik. Behiak kendu nituenetik, aske sentitzen naiz».
Ez zituen kapritxoz kendu, ordea, Jainkoaren zerbitzari batek aginduta baizik. «Zerbikaletatik gaizki nenbilen eta petrikiloarengana joan nintzen. Itxaron-gelan apaiz bat suertatu zitzaidan ondoan. Sermoia bota zidan suabe-suabe: ‘Pertsonak, behin adin batera heldu ondoren, lan gogorrak alde batera utzi behar ditu’, esan zidan. Haren hitzari gustura heldu nion!».
Ordutik, egur mota guztiekin lan egin du. Berari gehien gustatzen zaiona gaztainondoarena da. «Egur gozoa eta polita da. Haritza, ordea, altzaria egin ondoren ere mugitu egiten da».
Zuhaitza noiz bota
Egurrak bere onena eman dezan, zartatu ez dadin, zuhaitza dagokion garaian bota behar da. «Zuhaitz batzuk ilbeheran bota behar dira eta beste batzuk ilberrian. Koskadun hostoa dutenak ilbeherakoak dira eta borobila dutenak ilberrikoak. Bestalde, zuhaitzak hostoa erori aurretik bota behar dira. Hala, hostoak arbolari sabia txupatzen dio eta lehortu egiten du. Bota eta hilabetera edo zerratu behar dira zuhaitzak», azaldu du.
Egurra ez zaio sekula falta izan eta ideiak ere ez: lanparatxoak eta bodegarako egurrezko sarraila ere egin ditu, besteak beste. Orain, txabola bat egiten ari da bi zuhaitzen artean. Zorionez, bere semearen laguntza du. Indar enpresan lan egiten du, baina arotz ikasketak egin zituen eta beti aitari laguntzeko prest dago. Abizena aldatu beharko dute… Egurzabalaga ez ote da egokiagoa?
Arturo erregearen mahai borobila, aulkiak… eta errezeldun ohea
Ramon Arrizabalagaren irudimenak ez du mugarik. Bere txabolarekin egurrarekin egin daitekeen ia guztia aurki daiteke. Egurrarekin lan egitea bere pasioa da eta lan oso baliotsuak egin ditu. Hala, txabolaren erdian duen mahai borobilaren balioa 18.000 euro ingurukoa da. Lagun batek emandako gereziondo egurrarekin egin zuen. Arturo erregeak berak gustura hartuko lituzke mahai hau, bere aulkiak eta txabolako logelan duen errezldun ohea! Orain bi zuhaitzen artean etxola bat egiten ari da. Discovery telebista kateko saio batean halako bat egiten nola egiten zuten ikusi zuen eta hasieran tentazioari uko egitea lortu zuen. Baina ezin izan zion egurraren deiari luzaroan ezentzunarena egin. Txabolak 12 metro koadro ditu, lau luze eta hiru zabal, eta barruan altzariak jarriko ditu. Igotzeko, arrapala bat ipiniko du. Egurrezkoa, noski.