Herri gehienetan dago bere historiaz sentsibilizatutako idazle, historialari, kazetari edo elkarteren bat. Legazpin ere badira kezka hori dutenak, eta azken urteetan Jose Mari Urzelai nabarmendu da horretan. Izan ere, XX. mendeko Legazpiri buruzko trilogia historikoa osatu du, eta azken liburua aurkeztu berri du: Legazpi siglo XX, 1975-2000. El final de un ciclo industrial. 2010ean argitaratutako Legazpi siglo XX. Hitos en el camino hacia la modernidad eta 2013an kaleratutako Legazpi siglo XX: 1945-1975. Vivencias de un cronista local dira trilogia osatzen duten beste liburuak.
Modernitatearen bidean
Legazpiko ikur bihurtu diren burdinolen gainbeheratik abiatu du Urzelaik aurreko mendearen errepaso historikoa, eta Patrizio Etxeberriaren lantegiarenarekin amaitu.
Burdinolen jardueraren amaierak –azkena 1880an itxi zen, Bengolea– 1.300 biztanleko herri bat utzi zuen XX. mendearen hasieran. Lehen bi hamarkadetan nekazal kutsukoa zen Legazpi eta oso industria gutxi zuen. Oñatitik etorritako Pedro Segurak bultzatu zuen industria jarduera txiki hura: kartutxo lantegia, teileria mekanizatua, erreminta tailerra, orrazi lantegia…martxan jarri zituen, besteak beste.
Garai hartan bertan, 1908an, erein zuten Legazpiko lantegirik nabarmenena izango zenaren hazia:?erreminta fabrika sortu zuten Patrizio Etxeberriak, Prudentzio Geretak eta Romualdo Etxeberriak Pedro Segurarekin batera. 1919an desegin zen elkartea eta Etxeberriak bakarrik hartu zuen lantegiaren kargua. 1928an 300 langile zituen dagoeneko.
Eragin handia izan zuen lantegiak herrian, eta urte gutxitan biztanle kopurua asko handitu zen. Baina transformaziorik handiena 1930eko hamarkadan gertatu zen, II. Errepublikaren garaian. Industria kutsuko herri bihurtu zen orduan Legazpi, eta aldaketa handiak izan zituen:?Kale Nagusia ireki zen, Renferen apeaderoa egin zen… 2.300 biztanlera iritsi zen (800 Patrizioko langileak ziren).
Politika (EAJ, batzokia, errepublikarrak, sindikatuak, lehenengo emakumezko alkatea, hauteskundeak…) eta kultur mugimenduak garrantzitsuak izan ziren garai hartan: Ilintxa elkartea orduan sortu zen eta dantzaldiak, antzerki emanaldiak, hitzaldiak… antolatzen zituzten.
Baina gerra etorri zen eta Legazpik ere jasan zituen ederki haren ondorioak: ondasunak bahitu ziren, funtzionarioak baztertu, herritik botatakoak izan ziren, hildakoak ere bai, gosea… Urte latzak izan ziren.
Gerra ondoko urteak
Gerrako urte ilunekin amaitzen da Urzelairen trilogiaren lehen zatia. Bigarrenean, gerra ondoko urteak aztertzen ditu, 1975era artekoak, berak ondo ezagututakoak: «Gerran egon ez baina bere ondorioak jasan zituen jendearen belaunaldiko urteak». Gosea, eskolara joan ezina, lanean gaztetxo hasi beharra, langileen kualifikazio falta… izan ziren garai hartako ezaugarrietako batzuk.
Gerra ondorengo urteak gogorrak izan ziren, baina Legazpin herriaren garapen handienarekin egin zuten bat. Bigarren iburuan aztertzen den epean 2.840 biztanle izatetik 10.205 izatera igaro zen, garapen industrialari esker. Lantegia handitzen joan zen, eta herria bere beharretara moldatzen joan zen. Kanpotik langile andanairitsi zen, eta orduan sortu ziren San Inazio edo Arantzazu auzoak eta ikastetxeak, besteak beste.
Bestetik, elizak garrantzia handia izan zuen –Oargi elkartea 1950eko hamarkadan sortu zen– eta kultur eta musika mugimendua oso emankorra izan zen. Euskararen aldeko aldarrikapenak ere entzuten hasi ziren, besteak beste bertsolaritzaren bidez.
Udaletxean diktadurapeko agintaldiak izan ziren: alkatea Gobernadore Zibilak aukeratzen zuen eta udalbatza hiru herenetan zegoen banatuta, familiarena, sindikala eta erakundeena. Atxilotuak, bataloietara bidalitakoak, makiak… Francoren agintaldiko ezaugarriak Legazpin errepikatu ziren.
Industria zikloa amaituz
Baina Franco hil eta trantsizioa iritsi zen, demokrazia garaia gero. XX. mendearen azken laurdenari eskaini dio Urzelaik trilogiaren azken liburua.
Urzelaik zuzenean jarraitu zituen trantsizioa eta demokraziaren lehen urratsak, eta epe hartako lekukotasuna jaso du bere azken liburuan:?lehen hauteskunde demokratikoak (EAJko Jose Ignazio Elorza izan zen lehen alkate demokratikoa), Herri Batasunaren eta Euskadiko Ezkerraren paperak udal gobernuetan, EAJ eta EAren arteko banaketa…
Politikaz gain, ekonomiak ere protagonismo berezia izan zuen mendearen amaieran. Hala, Patrizio Etxeberria lantegiaren zikloaren amaiera iritsiko da: 1930eko hamarkadan altzairu berezien ekoizpenarekin hasi zen zikloa, eta mende amaierako krisiarekin eta lantegiaren banaketarekin bukatu zen. Ziklo haren amaierak paper fabrikaren itxierarekin egin zuen bat 1999an.
Gero beste garai bat etorri zen: naturaren eta historiaren aldeko apostua egin zuen Lenbur fundazioarena, Legazpiko industrialdearen sorrera bultzatu zuen Legazkide elkartearena, gazteen langabeziarena, eskola tailerrena…
Industriaren gainbeherarekin batera, herriak fisikoki aldaketa nabarmenak izan zituen, garai hartan azpiegitura eta ekipamendu ugari egin baitzen, besteak beste osasun zentroa, Bikuñako kirol instalazioak, lehen aipatutako industrialdea, Mirandaola parkea edo etxez bete zen Plazaola ingurua.
Bestalde, Urzelaik mendearen azken laurdenean Legazpin kulturak izan zuen loratzea nabarmendu du. Liburutegiaren sorrera, kultur etxeko mugimendua (pintura, keramika, argazkigintza eta ehungintza tailerrak sortu ziren, besteak beste), gazteen musikak izan zuen indarra… Kultur jarduera oso bizia eta emankorra izan zen, baita euskararen ingurukoa ere. Bi Kilometroak festa egin ziren Legazpin, esaterako.
Kirolak, azkenik, eman zituen albiste onak Legazpin:?Ilintxa 3. mailara igo zen, La Salle eskubaloiak bigarren nazional mailan jokatu zuen, atletismoak sekulako gorakada izan zuen…
Urzelaik idatzitako aurreko mendearen kronika luzeak utzi dituen datu esanguratsuetako batzuk dira guztiak.
Legazpin XX. mendean zehar jazotakoaren lekuko pribilegiatua
Jose Mari Urzelai (Durango, 1933) ez da historialaria formazioz, baina gaztetan eskolara berak nahi adina joan ezin izanak –15 urterekin hasi zen lanean Patrizio Etxeberria lantegian– frustrazioa eragin zion eta, aldi berean, kulturarako grina piztu, baita idazteko zaletasuna ere. Eta kultura eta idaztea izan dira, hain zuzen, bere lan jardueraren ardatzetako bi, lantegiarekin batera kazetari eginkizunak eta kultur sustapena tartekatu dituelako urte askotan zehar. Urzelai Legazpiko berri emaile izan da Gipuzkoako hainbat egunkari eta irratitan 1960ko hamarkadatik 2000. urtera arte, eta udal zinegotzia eta kultur etxeko arduraduna ere bai tarte batean. Horrelako eginkizunekin, herrian azken hamarkadetan gertatutako guztiaren lekuko pribilegiatua izan da. Horrek, Legazpi gehiago ezagutzeko eta ezagutarazteko gogoarekin batera, aurreko mendearen historia osatzera eraman du.