Urte amaierarekin batera, urtarorik ilunena iristen da, negua. Aurten abenduaren 21ean etorri da, goizeko 11:44ean, astrologo eta bestelako adituek iragarritako orduan puntu-puntuan. Aurretik 88 egun eta 23 ordu ditu negu honek, 2017ko martxoaren 20ra artekoak. Atzetik, aldiz, 89 egun eta 20 ordu iraun duen udazken koloretsu, epel eta lehorra utzi du, irailaren 22an 16:21ean iritsitakoa.
Udazken eta neguaren arteko urtaro aldaketa goibela eta bustia izan da aurten, euri apur batekin joan baita. Abenduko lehen euriak izan dira horiek, alegia, lehen hamabostaldia batere tantorik gabe joan baita. Horixe izan da, lehortea, 2016ko udazkenaren balantze meteorologikoaren isla, tenperatura epelek ezarritako markarekin batera.
Eguraldiari errepaso
AEMET Espainiako meteorologia agentziarako Legazpiko datuak biltzeaz arduratzen den Alonso Francesek horrela laburbiltzen du urtaroa:?«Iraila berotsua eta euritsua;?urria epela eta lehorra, nahiz eta beste urteetan bezainbeste hegoaldeko haizerik ez duen jo;?azaroa ere epela eta lehenengo elurtea, normala denez;?eta abendua hotza, lehenago iluntzen duelako, eta euri eskasa hilabete horretarako».
Orokorrean urtaro lehorra izan da beraz aurtengo udazkena Francesen aburuz, batez ere urria eta abendua. Elurra ere ez da ia ikusi; egun bakarrean egin zuen, azaroaren 23an, asteazkena. Mara-mara egin zuen, ezustean, eta Goierri beheko kaleetaraino ere jaitsi zen, baina altuago dagoen Legazpi bakarrik jantzi zuen zuriz. Mendi puntak ere zuritu zituen, baina baita laster urtu ere.
Epela ere izan da udazkena. «Orain arte –abenduaren 23az ari da– ez gara jaitsi 0 gradutik, eta arraroa da», dio Alonsok harriduraz. Tenperatura minimoen aipamenaz gain, maximoena ere egin behar da, altutik ibili direlako urtaro osoan:?30 gradura iritsi ziren termometroak irailaren azken egunetan; ia 27 gradura urrian;?24ra azaroan eta abenduan, hilaren 21eko muga jarrita, 17 graduko irakurketak egin ziren, jai egunez betetako zubi hartan.
Urtegien egoera
Berez euritsuagoa eta hotzagoa izaten den urtaroan aurten euri gutxiago egiteak Goierriko urtegietan ere eragina izan du. Lareok, Arriaranek eta Barrendiolak ez dituzte ohiko ur mailak –beteta edo ia beteta egon beharko lukete garai honetan udako hornidura ziurtatzeko–. Hala, Lareo, %66,46ko betetze mailarekin alerta egoeran dago, Arriaran ere alertan dago (%47,04);?Barrendiolak, aldiz, %85,13ko maila du, eta aurre alerta egoeran dago.
Dena den, Francesek iragarri duenez, «negua negu izatea espero dugu, hau da, euri gehiago egitea eta hotza ere bai». Beraz, pronostikoak betetzen badira, urtegien egoera datozen asteetan konpontzeko bidean jarriko da.
Urteko prebisioak beteta
Neguaren etorrerak, bestalde, urte osoaren balantze meteorologikoa egiteko aukera ere ematen du. Goierriko batez besteko tenperatura (Legazpiko datuak kontuan hartuta), 12,99 gradukoa izan da;?aurreko bost urteetako parametroetan mugitu da termometroa (2013a izan da hotzena 12,13 gradurekin, eta 2014a epelena, 13,28 gradurekin).
Euriari dagokionez, urte lehorra izan dela iruditu arren, azken urteotako joera bera izan du 2016ak ere, eta 1.500 litro inguru jaso dira urte osoan zehar.