Iker Rodriguez beasaindarra Suedian izan berria da. Lanbide Heziketaren arloan izaten diren Europako Olinpiar jokoetan, Espainiako selekzioarekin. Diseinu Industrialaren arloan lehiatu da Rodriguez Europako beste zortzi ikaslerekin batera. Seigarren lekuan gelditu da beasaindarra, eta esperientzia ahaztezina bizi izan du. «Txapelketa hauek Olinpiar jokoak bezala dira, Lanbide Heziketako goi mailako ikasleek hartzen dute parte», argitu du ikasle beasaindarrak. Lanbide Heziketarako alor ezberdinetako ikasleek parte hartzen dute?Skill lehiaketan.
2015az geroztik dabil Skill txapelketetan murgilduta. «Lehenengo Euskadikoa jokatzen da, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikasleena. Baina azkeneko urteetan ez da jokatu. Beraz, zuzenean Espainiako Txapelketa jokatu genuen,?Spainskill». Urrea irabazi zuen Rodriguezek Diseinu?Industrialaren arloan. Espezialitate bakoitzean urrea irabazi zutenekin Espainiako selekzioa osatu eta 2015eko udan Brasilen?Sao Paolon izan ziren WordSkillen, munduko txapelketan. Orain, berriz, abenduko lehenengo astean,?Europako txapelketa jokatu dute Suediako Gothenburgen.
Hiru egunetako probak izan dituzte: «Proba batean pieza fisiko bat eman zidaten, eta bi ordu neuzkan eskuz paper batean plano bat egiteko. Bi ordu pasatutakoan pieza kendu, eta guk egindako planoarekin eta gogoratzen ginen gauzekin ordenadorez egin behar izan genuen pieza berbera». Beste proba batean, ordenagailuz makina bat ematen zieten eginda, eta hiruzpalau pieza aldatuta diseinua birmoldatu egin behar zieten.
Esperientzia ona
Horrelako lehiaketetan asko ikasten dela dio: «Esperientzia oso-oso ona izan da, asko ikasten da. Emaitza ez genuen hain ona lortu, baina oso esperientzia ona izan da». Belgiarrak eta herberearrak gelditu ziren lehenengoak.
Ingelesa da skill lehiaketako hizkuntza. Mekanika munduan are gehiago da beharrezkoagoa ingelesa.
Orain unibertsitatean
Lanbide Heziketan goi mailako modulua bukatu ondoren, gaur egun Mondrago Unibertsitatean ari da ikasten. Beasaindarrarentzat «aukera ona» da Lanbide Heziketarena. «Jendeak ez du Lanbide Hezkuntzara joan nahi, bertara unibertsitatera joateko aukerarik ez dutenentzako, ikasketen maila baxua dutenentzat dela uste dutelako, baina ez da horrela. Gero eta aukera gehiago dago».?Lanbide Heziketan egiten dituzten lan praktikak gainera garrantzitsuak iruditzen zaizkio. «Enpresa askok lan praktikak edo esperientzia eskatzen dute, eta unibertsitateko ikasketek ez dute horretarako aukerarik ematen».