Bertatik Bertara proiektuarekin sare bat josten ari dira. Sarean elkarrekin lanean ari dira dagoeneko Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso. Helburua bertako landa ekoizleen uztak ematen duena kontsumitzaileei hurbiltzea da; zer ekoizten duten eta non eskuratu dezaketen. Bertatik Bertara proiektuak, bidenabar, gizartearen beharrei erantzuteko antolatu nahi du baserrietako jarduna. Finean, bi norabide dituen proiektua da: gizartetik baserrira doana eta baserritik gizartera doana.
Udalez gain, saretuta daude jada baserritarrak, merkatariak, udal teknikariak, Uggasa garapen agentziako eta Goimen landa eremuaren alde lan egiten duen elkarteko teknikariak. Eta proiektuari itzala ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesak.
Orain hiru urte jarri zuten martxan proiektua eta, poliki-poliki, badoa bere tokia hartzen. Hasteko, lehen sektorearen egoera aztertu zuten. Sei herriotan zer ekoizten den, zenbat, nola… Baserritar talde bat proiektuarekin konprometitu zen ondoren. Gero, saltoki txikiekin elkarlana landu zuten eta Ezkio-Itsasoko Eskola Txikiko jangela bertako produktuekin hornitzen hasi ziren. Dorleta Ugartebururen alabak jangela horretan bazkaltzen du: «Gu gustura gaude. Badakigu zer jaten duen, badakigu produktuak gertukoak direla eta badakigu bertako sukaldean prestatzen direla. Gainera, bertako ekonomia indartzen du. Aurrera begira halako proiektu gehiago martxan jarriko balira itzela litzateke».
Eskola txikiaren pausoa emanda, Bertatik Bertara zigiluarekin gero eta produktu gehiago erakusten, eskaintzen eta saltzen ari dira. Hain zuzen, proiektuaren arima bertakoa ezagutzera emateko xedea izaki, teknologia berriak ere erabiltzen ari dira bertan ekoizten dena erakusteko. Teknologia berriez gain, saltokietan bertako produktuak txoko berezietan ipintzen ari dira, bertakoak direla nabarmenduz.
Dagoeneko 25 baserritarrek parte hartzen dute proiektuan. Produktuen zerrenda oparoa da: barazkiak, fruta, fruitu lehorrak, gazta, sagardoa, marmelada, jogurta, ogia, haragia, esnea eta eztia, besteak beste. Produktu horiek Ezkio-Itsasoko Eskola Txikira eramateaz gain, Urretxu-Zumarragako Ikastolara ere eramaten dituzte, baita Legazpiko Meazti Zaharren egoitzara ere. Guztira, 272 familiatara iristen dira.
272 familia
Montse Alkorta UZ Ikastolako zuzendaria da: «Aurretik Auzolagunekin gaia lantzen ari ginen bertako produktuak eta, ahal dela, ekologikoak kontsumitu nahi genituelako jangelan. Durangoko Ikastolak proiektua martxan zuela eta Auzolagunek kudeatzen zuela jakin genuenean lanean hasi ginen. Gero, Uggasaren bitartez Bertatik Bertara proiektura batu ginen». Ikastolan bertako ogia eta esnea kontsumitzen dituzte; oilaskoa eta sagarra urtarrilean sartuko dituzte jangelan.
Alkortak Bertatik Bertarak bertan ekoizten denaren zuzeneko informazioa izateko aukera eman diela nabarmendu du. Ez du erraza ikusten etorkizunean ikastolako jangela oso-osorik hala hornitzea, «oso handia delako». Dena dela, gaiari heldu diote eta gustura ari direla dio, «bertako ekoizleen esfortzua ere goraipatu nahiko nuke».
Bertatik Bertara proiektua saretuz doa. Poliki doa, baina geratu gabe eta gelditzeko etorri da. Gizartearen adar ezberdinak saretu eta elkarrekin lanean jarri, bertan ekoizten dena ezagutzera eman eta bertan kontsumitu dadin. Proiektuaren leloa ilusioa ereiten da. Erein, uzta eman eta jasotzeko.
Iñaki Sasieta, esne-ekoizlea: «Garrantzitsua da kontsumitzaileek gurean ekoizten dena ezagutzea»
Iñaki Sasietaren (Urretxu, 1969) aurpegian irribarre bat marrazten da Agerre baserria aipatzen eta begiztatzen duen bakoitzean. Esne-ekoizlea da, Bertatik Bertara proiektuaren barruan Urretxu-Zumarraga Ikastolako jangelara jogurtak zein esnea eramaten ditu, baita Ezkio-Itsasoko Eskola Txikiko jangelara ere. Legazpiko Meazti zahar etxera jogurtak eramateko eskaera egin diote elkarrizketa hau eman duen egunean bertan.Bertatik Bertara proiektutik harago, urretxuarrek eta zumarragarrek tabernetan edaten dituzten ebaki nahiz kafesne gehienetako esnea Agerretik dator, Sasietaren baserritik.
Baserrian egin duzu lan betidanik eta Bertatik Bertara proiektua sortu baino lehen zuk filosofia horrekin bat egiten zenuen jada.
Nik gurasoengandik jaso nuen gure produktua geuk zuzenean saldu behar geniola bezeroari eta hala egin dugu. Lehenengo esnea marmitatan jaitsi, eta bezeroei banatzen genien. 1992an zorroratzen hasi ginen eta 2004an pasteurizatzen. Urratsok bezero berriak lortzeko ezinbestekotzat jo genituen, izan ere, esnea egosi beharra muga zen tabernetan saltzeko, baita egosteko ohiturarik ez zuten bezero berriei saltzeko ere.
Urretxuko Baserritarrak taldeko kidea zara. Bertatik Bertara proiektuak badu zuekin harreman zuzenik, ezta?
Urretxuko baserritarrak udaletxeko ordezkariekin elkartzen garela 30 urte baino gehiago dira honezkero. Zinegotziekin bilerak egiten ditugu beharrak eta hutsuneak zeintzuk diren aztertzeko. Antolatuta gaude.
Bertatik Bertararen ideia gure taldean sortu zen. Guretzat garrantzitsua zen kontsumitzaileak gurean ekoizten diren produktuak ezagutzea eta non saltzen diren jakitea. Geuk bakarrik ezin genuela eta inguruko herrietako baserritarrekin elkarlanean aritu behar ginela jakin genuen hasieratik. Bertatik Bertararen kudeaketa Uggasa garapen agentziak egiten du.
Saltokietan produktuak identifikatu, jangelatara eraman, kontsumo taldeak ere hor daude… Begiak itxi eta bertako produktuez hornitutako guneak ikus ditzakezu etorkizunean?
Ideala litzateke, baina zaila ikusten dut. Esate baterako, jangelak hornitzeko barazki ekoizle nahikorik ez dago. Gaur-gaurkoz hiruzpalau dira eta hiruen produkzioak ez du gehiagorako ematen.
Ez al dago erreleborik?
Gure sektorea gainbeheran dago. Gazte batzuk animatu dira, baina faktore gehiago badago. Bertatik Bertara proiektua benetan martxan jartzeko barazki ekoizleak behar dira. Aztertzen ari gara etxerako baino pixka bat gehiago produzitzen duten baserritarren soberakinari probetxua nola atera, ikuskizun dago.
Zein faktore gehiago eragiten diote gainbehera horri?
Baserria bizitzeko era bat da. Lurrarekin lan egiteko eskarmentu ikaragarria behar da eta belaunaldi bateko etena egon da, ez da jakintza transmititu eta galdutako hori berreskuratzeko faktura ordaindu beharko dugu orain. Baserria gustatu egin behar zaizu. Edonola ere, baserrian ez zara ezer bakarrik, horrelako bizi-proiektu batean ingurukoak zeurekin behar dituzu.