Imajinatu goizero jaiki eta egun berri bat hasten duzula zure bihotza parez pare irekiz, gogo betez, egun hori indar handienaz besarkatuz. Imajinatu atseginik beteenean ispiluaren aurrean zaudela eta zure larru-barruak goresten dituzula, diren moduan hartuz eta onartuz, errepikaezina zaren sorkari ederra bezala.
Imajinatu kanpora begiratzen duzula eta egokitu zaizun eguraldia hotza ala beroa bada ere, miresten duzula, opari gisa eskertuz eta goratuz. Imajinatu loreak, animaliak, zuhaitzak, mendiak, ura irrikatzen dituzula, estimu handiz berauek gurtzen, haien oparotasuna egokiro zainduz. Imajinatu kalera irten eta jendeak elkarri diosala eginez begirada alaia eta adeitsua jartzen duela, laguntzeko pronto egonez, elkarrekin bide eginez.
Imajinatu eskean daudenei begietara begiratuz hitzak eskaintzen dizkiozula, eskuzabaltasuna erakutsiz, epaitu gabe, elkarren poztasunean murgil eginez . Imajinatu entzuten dituzun elkarrizketetan hitz jarioen jardunek gizakiaren onbidea helburu dutela, eztabaida bakoitzean, konszienteki, jokabide eraikitzailea suspertuz. Imajinatu aitona-amonek etxekoen harrera gozoa jasotzen dutela, etxeko kideek elkarrekin denbora emanez, elkarren espazioak errespetatuz.
Imajinatu jendea aditzeko pronto dagoela, dionaren zukua ateratzeko prest, esaten duena behatuz, arreta guztia une horretantxe jarriz. Imajinatu telebistak hustuz, pertsona bakoitzak sormena lantzeari ekiten diola elkarren artean dakitena partekatuz, direnetik ikasiz eta irakatsiz. Imajinatu gelditzeko gai izanez zer garen, nora jo nahi dugun eta gure izate honetan asmorik nagusiena lantzeko ausardia dugula.
Imajinatu mugak, beldurrak urrunduz, biziaren egoera bakoitzean, une horretantxe ardura jartzeko gaitasuna dugula, batasunean jardunez, instant bakoitzaren asetasuna bere osotasunean dastatuz. Imajinatu haurrek espazio zabaletan ikasten dutela, elkarren dohainak eta talentuak aurkituz, proiektu erakargarri horretan komunitatea, herri osoa inplikatuz. Imajinatu osobeteta hezitzeko, jaiotzen diren haurrek, hasieratik, izaten ikasten dutela, sentiberatasuna eta samurtasuna ingurukoek emanez, haien pentsamenduak eta emozioak egoki begiratuz.
Imajinatu, bai… imajinatu haur baten antzera, une bakoitzean, Biziari begira, jakinminaren harian tenkatua, Biziarekin bat eginda, bat izanda, Biziaz betea eta maitemindua, ezustekoaren harridurak harrapatua. Imajinatu haur horren gisan, urte zahar baten zilbor-hestea moztu eta Urte Berrira munduratzeko aukera duzula… hor duzu zeure jaiotza, hor haur horren modura, inongo estuasunetan murgildu gabe, zure lehen urratsak emateko okasioa, beharbada, zalantzatsu, bai, baina ekiteko irrikaz. Imajinatu zure bihotza irekitzen duzula, biziaren egoera bakoitzean izanez, izanez eta…sortuz, eta huts eginda ere, jarraituz, sortzaile zarenez, akatsa irakasbide hartuz.
Imajinatu, bai, imajinatu, aurreiritzirik sortu gabe, imajinazioaren baitan ez baitago honentzat lekurik, norberaren unibertso aberatsa zapuzteko eta deusezteko baino ez da eta. Hargatik, irudimenak hegoak behar ditu, eta Urte BerriI honetan zureak, jakina. Askatu zure barrua, hegoak astindu, ametsaren zerua zeuk idazteko sortua da, zure urratsak han itsasteko pronto daude.
Badakizu aipu batek diona: «Ametsak helburuak dira, irudimena garraioa, eta errealitatea zure abiapuntua». Beraz, aditu zure ametsen taupak, utzi nora zaitzaten, sentitu beraien pilpira zeure barruan, zeurekiko gozatuz ekin bideari. Zalantzarik sortzen bazaizu, begiratu haurrei, ikasi haiengandik, irudimenaren lorea zugan berhazten erakutsiko dizute. Bizi oraina, irri egin haiekin, dantzatu, kantatu, gozatu… Imajinatuz aske izango zara!