Euskal preso eta iheslari ohiek orain urtebete egindako hausnarketa baten ondotik sortutako dinamikaren azken erakusgarria izan da Usurbilen egin den Kaleragunea. Imanol Urbieta zenak –iaz hila– eta Josu Txapartegik, biak zarauztarrak, orain lau hamarkada hitzez eta doinuz ondutako Kalera, Kalera abestia izan dute lema eta ipar. Hainbat belaunalditako 60-70 preso eta iheslari ohi goierritarrek parte hartu dute hilabeteko mobilizazio sorta horretan. Goierri mailako mobilizazio nagusia abenduaren 28an Ordizian egindako manifestazioa izan zen.
«Gu kalera, presoak kalera» da lema horren altzoan dagoen hitz jokoa, Kai Saez de Egilaz beasaindarrak nabarmendu duenez: «Gu presoengatik atera gara kalera, uste dugulako presoek kalean egon behar dutela. Hori da gure aldarrikapena, etxean nahi eta behar ditugula, eta ahalik eta azkarren gainera». Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, abiatu zuten Kaleragunea eta urtarrilaren 8an bukatu dute, besteak beste, larunbat honetan Sarek deituta Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deituz.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko abenduan kaleratu zuen agiria izan zen hausnarketari bide eman ziona. «Dokumentu hori, hainbat arrazoi medio, ez zen iritsi hainbat eragileren agendatara eta gizartera orokorrean, eta orain urtebete, EPPKren dokumentu horren gizarteratzeaz arduratzeko agente aktibo bihurtzea erabaki genuen». Herriraren ilegalizazioa, kolektiboko bitartekarien eta abokatuen aurkako operazioak dira batik bat, Saez de Egilazen iritziz, presoen mezua gizartera ez iristearen arrazoi nagusi.
Presoen izaera politikoa
Iazko martxoaren 13an manifestu bat kaleratu zuten Usurbilen 700 preso eta iheslari ohi baino gehiagok –1.650ek sinatu zuten gerora–, eta presoen kolektiboa egiten ari zen urratsak babesteko konpromisoa hartu zuten, baita etorkizunean hartuko dituzten erabakiak babestekoa ere. Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera goiburupean manifestazioa egin zuten apirilaren 17an Bilbon, eta udan zehar mobilizazioak egin zituzten hiriburuetan. Irailaren 11n Donostian lema berarekin egin zen manifestazioa izan zen azkena, eta egun horretan bertan EPPK-k beste agiri bat kaleratu zuen, barne eztabaida bat prestatzen ari zela esanez.
Hori ikusita, kale dinamikarekin jarraitu beharra sentitu zuten. «Gure borondatea ez da agente politiko eta sozial batean bihurtzea. Guk beharra ikusten dugu presoen errekonozimendu politikoa gizarteratzeko. Preso politikoen iragana, oraina eta etorkizuna partekatzen dugu eta partekatzen jarraituko dugu. Hortaz, gure buruari autoritate morala eman diogu presoek erabakitakoa gizarteratzeko».
ETA erakundeak borroka armatua utziko zuela iragarri zuenetik bost urte baino gehiago pasa dira, «eta neurri batean, bost urte galdu izan dira», Saez de Egilazek dioenez: «Espainiako Gobernuaren itxikeriak Aieteko akordioan hartutako erabaki guztiak inbaditu ditu». Presoen auzia desblokeatzeko eta ziklo politiko berri batera pasatzeko «jauzi kualitatibo bat emateko garaia» dela uste dute preso ohiek. «Guk planteatzen duguna da ziklo hori itxi egin behar dela, eta Euskal Herriak etorkizun hurbilean preso politikorik gabeko herri bezala pentsatzen hasi behar duela».
Ziklo bat ixteko premia
Euskal Herriko alderdi eta eragileen gehiengoa euskal presoen eskubideen alde badago ere, Saez de Egilazek uste du presoen auzian ez dela aurrepausurik eman azken bost urteotan, ezta haiei dagozkien eskubideen alorrean ere. «Presoen bizi baldintzek okerrera egin dute, dispertsioa ez da amaitu, preso gaixoek kartzelan jarraitzen dute… Baina gu harantzago goaz, iruditzen zaigulako nahikoa denbora pasatu dela herri honek ziklo politiko hori ixteko, eta indarkeriazko enfrentamendu egoera batetik enfrentamendu demokratikora pasatzeko».
Eta ildo horretan kokatu du preso ohi beasaindarrak presooen kolektiboak abenduaren 27an kaleratu zuen azken agiria. «Hortik dator bide juridikoak esploratzeko eztabaida txostena. Presoen gehiengoak hori hala egitea onartzen badu, orain arte esploratu ez den terreno bat esploratzera eramango gaitu». Espainiako Gobernua, aldiz, «beldur handia» sortzen dion egoera bat oztopatu nahian sumatzen du. «Bahitu politiko gisa erabiltzen ditu presoak, eta gatazkaren eskeman kateatu nahi gaitu, bai baitaki behin presoen auzia konpontzen denean herri hau beste fase batean kokatuko dela».
Azken asteotan aldebiko bilerak egiten aritu da preso eta iheslari ohien ordezkaritza bat hainbat eragile politiko, sozial eta instituzionalekin. «Diskrezioz aritu gara, eta zubiak ireki ditugu. Askok guk diogun guztia partekatzen dute, beste batzuk ez horrenbeste, baina denek ikusi dute garai politiko berri batean gaudela, eta atzera baino aurrera begiratu behar dela. Eta denok garbi daukagu gertatu dena ezin dela errepikatu, eta horretarako oinarri sendoak jarri beharra dauzkagula, garaile-garaitu eskema alde batera utziz».
Gaur-gaurkoz 350 euskal preso daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta, eta horietatik 16 goierritarrak dira. Hiru espetxez aldatu dituzte 2016an zehar: Ismael Berasategi urretxuarra Moulins Yzeuretik (Frantzia) Villenara (Alacant); Rufino Arriaga ordiziarra Puerto Ietik (Cadiz) Sevilla IIra; eta Oskarbi Jauregi zaldibiarra Picassendik (Valentzia) Curtisera (Galizia).