Maider Sierra (Ibarra, 1978) Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa da. Goierrin elkarteak daukan egoitzan hartzen ditu minbizia duten gaixoak eta haien senideak. Bere jardunaren beste adar bat minbizia prebenitzeko bizi ohiturak sustatzea da; adibidez, erretzeari uzteko terapiak gidatuz. Minarekin eta heriotzarekin lan egiten du. Terapeutak bere burua zaindu behar duela dio eta terapia egitea beraientzat ezinbestekoa dela gehitu ere; «batik bat, pazientearen eta norberaren sentipenak bereizteko, bestela ezingo genieke lagundu».
Bularreko minbiziaren kanpaina urrian, azaroa Movember bilakatuta eta gizonezkoek eurek nozitzen dituzten minbiziak biboteen bidez ikustarazten… Gero eta gehiago hitz egiten al da minbiziaz?
Galderak ez dauka erantzun erraza. Gure apustua minbizia naturaltasunez bizi dadila da. Nik zortzi urte daramatzat Minbiziaren Aurkako Elkartean lanean eta naturaltasun hori ezinezkoa dela uste dut. Egia da kanpaina horiekin guztiekin kontzeptu batzuk gero eta argiago ditugula. Esaterako, badakigu minbizia bizitzaren gaixotasun bat dela eta minbizi gehienek gure zelulekin zerikusia dutela. Gaia mahai gainean jarrita norberak bere gorputzaren gainean duen arduraz jabetu gara. Orain, minbizia diagnostikatu, hala helduei nola haurrei, eta aurrez badakigu hurrengo urratsak, gutxi asko, nondik joango diren.
Baina…
Bai, beti dago baina bat… Zalantza egiten dut normaltasun hori kudeatzen ote dakigun. Izan ere, normaltasuna banalizazio bilakatu dezakegu. Movember kanpainarekin zenbait gizonezkok bibotea luze utzi dute. Baina, bibotearekin amaitzen al da kontua? Euren gorputzen kargu egingo al dira? Medikura joango al dira? Gorputza zainduko al dute?
Bularreko minbiziaren harira kaleratzen ari garen irudia erreala da? Begizta arrosa papar-hegalean daramaten pertsona famatuak nonahi agertzen dira. Ongi. Baina dena ez da horren polita, minbiziaren atzean sufrimendu asko dago. Egia da medikuntza mailan asko aurreratu dela eta bularreko minbiziaren pronostikoa hobetu egin dela; ez beti, ordea. Gurera pronostiko ez hain onak dituztenak etortzen dira gehien eta guk euren haserrea jasotzen dugu. «Begira nola nagoen ni», diote.
Izan ere, minbizia, pronostiko onena izanda ere, gogaikarria eta mingarria da.
Bai, baina gure gizarte honetan ez gaude hori entzuteko. Ezkutatzetik banalizatzera pasa gara. Mutur batetik bestera. Ziurrenik minbizi batetik zer edo zer ona atera daiteke, baina minbizia ez da polita.
Edonola ere, minbizia bizitzeko modu asko dago, ezta?
Bai, esango nuke erabakigarria dela bizitzako zein unetan nozitzen duzun. Nik gurera etortzen diren pazienteei entzundakoa hartzen dut aintzat eta, batez ere, gaixotu diren pertsonek haserrea transmititzen digute. Komunikabideek baikortasuna ezinbestekoa dela diote behin eta berriro. Ongi, baina baikortasunari ezin badiozu heldu? Gaixotasunak ez dira bakarrik etortzen. Ez dira etortzen emozionalki indartsu zauden unetan, orduan indarra nondik aterako duzu? Pertsona bezainbeste gaixotasun dago eta tratamenduak, gero eta gehiago, ildo horretatik doaz.
Zuen elkarteak Goierrin Zumarragan dauka egoitza. Zeintzuk dira, nagusiki, goierritarren beharrak?
Goierritar gehienak arreta psikologikoa eskatzera etortzen dira. Gure lana zerbitzu publikoetan eskaintzen ez diren bitartekoak jartzea da eta arreta psikologikoa horietako bat da. Material ortopediko eske ere etortzen zaizkigu, izan ere gaixotasunak beti bat-batean harrapatzen gaitu eta ohe artikulatuak edo gurpil-aulkiak ez dira etxean izaten ditugun gauzak. Aurreko udan, adibidez, dauzkagun ohe artikulatu guztiak utzita izan ditugu. Hori dena doan eskaintzen dugu.
Ez dira elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu bakarrak.
Ez, Goierrin beste toki askotan bezala diru-bilketak egiten dituzte gure boluntarioek. Goierrin eta Gipuzkoan egindako azken diru-bilketarekin ikerketa beka bat eman dugu. Ikerketa bularreko minbiziaren ingurukoa da. Hain zuzen, erradioterapia jasotzen ari den pazienteak tumorea ezkerreko edo eskuineko bularrean izan ez da gauza bera eta arnasa nola hartuko duen baldintzatuko du. Hori Goierrin jasotako diruarekin ikertzen ari dira.
Gure helburua elkarte bezala minbizia bere osotasunean lantzea da. Prebentzioa lantzen dugu erretzeari uzteko taldeekin, ikastetxeetan programak egiten ditugu haur zein nerabeekin, hitzaldiak ematen ditugu…
«Baikortasuna ezinbestekoa dela esaten diete gaixoei, baina ezin badiote heldu?»
«Pertsona bezainbeste gaixotasun dago, tratamenduak ildo horretatik doaz»
«Goierritar gehienak arreta psikologikoa eskatzera etortzen dira gurera»
«Euskal Herrian minbizi portzentajeak antzekoak dira lurralde guztietan»
Goierrin gaixotasunari lotutako arreta psikologikoa da gehien eskatzen dizuetena. Nolakoa?
Bakarkakoa edo taldekoa, pazienteari zuzendutakoa ala senideei, diagnostikoa jaso berritan edo prozesuan, baita doluan ere.
Senideak itzal artean ikusezin geratzen al dira?
Guk ematen dugun arreta psikologikoaren erdia senideei eskaintzen diegu. Lehenengo prozesuan gaixoek arreta handia jasotzen dute ospitalean. Familiak artatu gabe geratzen dira. Batzuetan senideek pentsatu ohi dute gaixorik dagoenak baino ez duela laguntzarik behar. Ez dute beti beraiek ere behar dutela onartzen. Minbiziaren kasuan, gaixotasunak familia egitura guztiari eragiten dio.
Doluan ere laguntzen duzue.
Dolu mota asko dago eta ez daude denak heriotzarekin zuzenean lotuta. Dolu bat aldaketa bat onartzea da.
Goierriko minbiziaren maparik ba al dago?
Berez ez dago. Donostiako Onkologikoan badago datuekin lan egiten duen arlo bat. Bertan minbizi motak eta pazienteen jatorriak aztertzen dituzte, besteak beste. Badaude teoriak zeintzuk dioten hainbat herritan, bertako industri jarduera dela-eta minbizi tasa altuagoak dituztela. Nik, Onkologikotik iristen zaigun informazioa baino ezin dut aintzat hartu eta bertatik Euskal Herrian minbizi portzentajeak lurralde guztietan antzekoak direla diote.