Gure arteko eguneroko bizitzan zeri buruz ari garen ulertzen badugu ere, ez da erraza erakundeak eta gizarte mugimenduak nola bereizten ditugun hitz gutxitan adieraztea. Horretarako, adibideetara jo behar izaten dugu. Adibidez, Xabi Payak zera zioen elkarrizketa batean Donostia 2016 proiektuari buruz: «Erakundeen eta gizartearen arteko hibrido bat izan da».
Guztiok ulertzen dugu esaldi horretan erakundeak zein diren eta gizarte hitzaz zeini buruz ari den. Baina berdin ulertuko genioke «Instituzioen eta gizarte mugimenduen arteko hibrido bat izan da» esan izan balu. Proba dezakegu bi hitz horien ordezko hamaika aldaerekin ere, batez ere bigarrena izendatzeko: eragile sozial, mugimendu sozial, mugimendu zibil, herri dinamika… eta giza eskubideen arloan lanean ari diren hainbat taldek (euskararen aldekoak, feministak, ekologistak, bakezaleak, nazioarteko elkartasunezkoak…) beren buruak kokatzeko erabiltzen dituzten izenak gehituz.
Kontua da, hibrido hitza gustatu zitzaidala elkarrizketa horretan. Baina, nire ustez, euskaraz badugu kasu honetarako oso egokia den hitza: auzolana.
Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza bere liburuan auzolanaz diharduenean, auzokalte hitza erabiltzen du, juxtu auzolanaren kontrakoa adierazteko: «Auzokalteak, elkartasuna eta edozein proiektu kolektibo zikiratzen du», dio.
Hori ondo baino hobeto dakigu bizitza osoa era bateko nahiz besteko gizarte mugimendutan gabiltzan guztiok: luzaroan nozitu ditugu bakoitza bere aldetik ibiltzearen kalteak. Bai helburu amankomuneko gizarte mugimendu desberdinen artean, baita azken hauen eta instituzioen arteko elkarlana gauzatu ezinean ere.
Azken aldian, ordea, auzolanerako borondatea erruz ari da handitzen, zorionez, Euskal Herriko hainbat gizarte mugimendutan. Horietako lagin bat besterik ez da, euskalgintza alorrean urteak daramatzan Euskal Herrian Euskaraz taldearen jarrera. Arreta handiz irakurri dut «Euskal Herri euskaldunari ateak ireki!», izenburuz, Izan, Egin, Eragin barne-gogoetaren eztabaidarako idazkia: ezinbestekotzat jo du gizarte mugimendu honen eta instituzioen arteko elkarlana euskalgintzan. Instituzioen eta gizarte mugimenduen arteko hibridoa, kasu honetan euskalgintzarako.
Eguneko 24 ordutan euskaraz bizi nahian ari garen guztiontzat berri ona da: auzolanerako deia. Izango da bidean, noski, auzokaltean segi dezagun saiatuko denik, baina hauek geureganatzeko indar gehiago metatzeko ere balioko du EHEk eman nahi duen pausuak. Pausu bat gehiago; baina ez nolanahikoa. Ezinbestekoa, edozein eratako instituzio edo erakunde publiko nahiz pribatu guztiek, eta gizarte mugimendu guztiek, euren zereginetan euskarari berez dagokion lekua behin betiko ziurta diezaioten.
Euskal Herrian geure burua gobernatzeko, trenak fabrikatzeko, gizonezkoenganako emakumezkoen menpekotasuna akabatzeko, errepide bazterreko isunak jasotzeko, preso guztiak kaleratzeko… behar adina hitz egoki ditu gure hizkuntzak. Bi hitzetan esanda, demokraziazko elkarbizitzan, ordea, zeregin horiek guztiak euskaraz egiteko euskalgintza-hibrido asko eta auzolan gehiago behar dugu, estatu propioa noiz izan zain egon gabe. Areago, inoiz estaturik izango badugu.