Iraia Oiarzabal
Asmo onez betetzen dugu ahoa askok egun hauetan. Urte berria izango da akaso, edo inguruan gailentzen den izpiritu baikorra. Kontua da gertatzen dela batzuetan denbora pasa ahala urtarrilaren hasierako optimismo hori itzaltzen joaten dela, geure buruengan dugun konfiantza galtzeraino. Zer esanik ez besteenganako konfiantza, batzuekiko bereziki. Mundu hau hobea egin behar dutela dioten horiekiko. Aginte makila duten horiek. Konturatu orduko desbideratu naiz hasieran nekarren aura baikor horretatik… Baina azken asteetako albisteak ikusi besterik ez dago dekadentzia horren kontzientzia hartzeko. Ez gara urrunegi joan behar, aski da Euskal Herriaren iparraldera begiratzea. Askok ez genekien oso ongi Luhuso non kokatu ostiral gau batean Euskal Herritik kanpoko edonori surrealista irudituko litzaiokeen titular bat irakurri genuen arte: bost lagun atxilotu zituzten armak suntsitzen ari zirelako. Euskal Herritik kanpoko edonori esan dut, tamalez hemen asko konturatuak gaudelako zenbat traba jarri nahi zaizkion gatazkaren amaierari, bakearen eraikuntzari. Oztopo horien aurrean gizarte zibilaren ekimena esnatzen hasi dela iradokitzen du Luhuson gertatutakoak. Euskal Herritik hegoaldera ere ikusi dugu horren adibiderik Greziatik zortzi errefuxiatu erreskatatu nahi zituzten bi euskal herritar atxilotu zituztenean. Eskuak burura eramateari utzi eta gobernuen pasibotasunaren aurrean aktibatzea erabaki zuten. Luhusoko zein Greziako gertaerek erantzun eta babes herritar zabala jaso dute. Agian bada konfidantza berreskuratzeko arrazoirik, ezta?
Nagore Belastegi
Urte berriarekin berreskuratuko dugu konfidantza neguko haize hotzarekin batera. Nostalgiko xamar jarri ohi naiz Gabonetan eta kontrako sentimenduak izaten ditut. Alde batetik maite ditudan asko falta direlako bihotzean mina daukat, baina bestetik maite ditudan beste askorekin egoteko aukera dudalako pozik nago. Janariz betetako mahai baten inguruan pentsatzeko unea izaten da. Gelditu minutu batez, begiratu ingurura eta aztertu gertatzen ari dena. Beharbada laster gehiago izango gara, edo gutxiago, baina beti izango dira barreak, edozein gai inozorengatik haserreak, azken langostinoarengatik borrokak, magia trukoak eta txisteak. Eta orduan abenduak 31 iristen da. Atzera begiratzeko eguna. 2016a ez da oso urte ona izan, orokorrean. Mundua gero eta okerrago dagoela dirudi eta gauza batzuk soluziorik ez dutela ematen du. Baina gauza onak ere bizi izan ditugu, gutxi badira ere. Luhuso aipatu duzu, Iraia, baina gertaera ilun horren atzean badago bakearen norabidean pausoak emateko prestutasun ausart bat, nahiz eta beste batzuek zapuztu nahi izan duten. Eta errefuxiatuei buruz zer? Estatuen inmobilismoaren aurrean badago gelditu ezin daiteken elkartasun uholde bat, borondatez betetako milaka pertsona. Asmo onak dituztenen keinu horiek txalotu behar ditugu albiste txarrek ezkutatu ez ditzazten. 2017an ere irribarre egiteko aukerak faltako ez direlaz ziur nago.