Artilea da Aitor Zubillagak (Legazpi, 1977) Aña Andiazabalekin batera duela hiru urte sortu zuen Iletegia enpresaren lehengaia. Iletegia Saran (Lapurdi) kokatua dago eta bertako artilea balioan jartzea du helburu. Kalitatezko lehengaia da artilea eta ezaugarri bikainak ditu: hotz eta berotik isolatzen du, ez du elektrizitate estatikorik ia sortzen, hezetasuna xurgatzen du eta materia berriztagarria da.
Zubillagak azaldu duenez, «arazo batetik abiatuz» jarri zuten martxan proiektua. Baserritarrek artilea bota edo erre egiten zuten. Euskal Herrian artilea lantzeko makina egokirik ez zegoen, eta inork ez zuen biltzen. Hala, diru sarrera izan beharrean, arazo bat zen. Baina arazoa aukera bilakatu zuten:?«Ohartu ginen denak irabazi genezakeela: baserritarrak, diru gehigarri bat ateraz; gu geu, bizitzeko bide bat sortuz eta kontsumitzailea, bertan ekoiztzitako kalitatezko produktu bat aukeran izanez».
Oherako produktuak
Hasiera «aski zaila» izan zuten. Frantziako Ardeche, Auvernia, Alsazia eta Ariege herrietara jo zuten hango proiektuak ezagutzeko. Vasles herriko artile eskolara ere joan ziren formakuntza jasotzera eta Sarako garai bateko koltxoi egile artisauekin elkar lanean aritu ziren. Ikasitako guztia hemengo artileari egokitu behar izan zioten gero, artile guztiak desberdinak direlako. Froga ugari eta bilaketa lan handia egin eta gero, martxan jarri zuten azkenik Iletegia.
«Gure lana baserrietan hasten da. Ardi mozte garaian han izaten gara, eta moztu ahala sailkatzen dugu artilea. Xaboi biodegradablearekin garbitzeko lantegi espezializatu batera eramaten dugu eta gero gure makinetan landu (kardatu eta napatu) eta artisauki egiten ditugu produktuak».
Zubillagak azaldutako prozesu horren emaitza oherako produktuak dira gehienbat: koltxoiak, nordikoak eta burkoak. Baita dekorazioko lumatxak eta haria ere. Facebook orrian dituzte ikusgai. Harremanetarako iletegia@gmail.com helbidera eta 00 33 670 054 470 telefonora ere jo daiteke.
Goierrin ere posible da
Hegoaldean, orokorrean, artilea ez da profesionalki landu. «Etxean ahal zen bezela lantzen zen;?ahal zen bezela garbitu, harrotu eta egin. Beraz ospe txarra bildua du», dio Zubillagak. Baina beste lurralde batzuetan artilea lantzeko makinak garatu eta kalitatezko produktuak egin dituzte; «askozaz ere apreziatuagoa» da artilea.
Iletegia bezalako lantegi batek Goierrin ere merkatua izango lukeeka uste du, Karrantzako (Bizkaia) Mutur Beltz elkarteak bezalaxe. Artzainentzako diru iturri osagarria izango litzateke gainera:?«guk 1,10 euro pagatzen dugu ardika».
Bertakoari, naturalari eta osasungarriari geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio gizartean Zubillagaren ustez, eta «artileak hori uztartzen du ingurugiroa zainduz eta konfiantzazko kontsumoa sortuz».