Artikulu honek argia ikusterako Goierriko bazterrak ederki zurituak izango ditu egunotako izotzak. Eguberrietan ere izotz ederrak bota zituen –adineko askoren ahotan egon da horrenbeste izotz egunik segidan ez dutela ezagutu–, eta hamabost egunen jiran, atzera hotzaldia itzuli da. Handiena pasatua izango da nonbait, baina astebururako ere zeropeko tenperaturak daude iragarrita.
Eguna joan eta eguna etorri, izoztuta esnatu zen Goierri urte bukaerako nahiz hasierako egunetan –antizikloiak zerua oskarbi mantendu zuen 16 egunean–. Tenperatu minimo hotzena Urretxuko Aitzu estazio meteorologikoak neurtu zuen urtarrilaren 7an: -7,2 gradu zentigradu. Izotzak euriteari utzi zion tokia, eta bi egunean 95 litro euri bota zuen. Egunik urtsuena urtarrilaren 10a izan zen, 66 litrorekin. Joan den astebururako elurra zegoen iragarrita. Mendiak zuritu zituen, baina elur kota 600 metroren bueltan geratu zen.
Eta orain izotza atzera, eta arrisku galanta errepidera atera behar izanez gero. Gomendio orokor bat ematen dute urtero erakundeek eta automobilen munduarekin lotura duten elkarteek: gidariak garaiko baldintza klimatologikoetara egokitu behar duela, izotza, elurra, euria eta argi orduen murriztea etsai baitira errepidean. Hori bide nagusietan, eta baserri bide zein zoko laiotzetan, zer esanik ez.
Azti balazta sakatzean
Tenperatu baxuak eta hezetasuna dira gidari batek errepideak topatu dezakeen bikoterik arriskutsuenetako bat. Autoan batetik bestera ibiltzea erronka batean bihur daiteke, batez ere bigarren mailako errepideetan. Izan ere, izotzarekin galgatze-distantzia zoru lehorrarekin baino hamar aldiz handiagoa da, eta horregatik komeni da ibilgailuen arteko tartea bikoiztea. Gaua zein goizaldea, ibaien gaineko zubiak eta leku hozpel edo laiotzak dira izotzaren leku kutunak. Mantso gidatu behar da horrelakoetan, zakarkeria etxean utzita. Eta autoak aurreratzea ere saihestu behar da.
Izotz plaka batekin topo eginez gero, bi dira gomendioak: lasai hartu eta ahal dela balazta ez sakatu, bolantea kontu handiz mugituz. Frenatzea ezinbestekoa bada, autoak ABS balaztak dituen ala ez hartu behar da kontuan, bataren zein bestearen erreakzioa osoa bestelakoa baita. ABSak edukiz gero, topera zapaldu behar da balazta, eta eduki ezean, ahalik eta leunen.
Beira izoztuz gero
Autoa garajean gordetzeko aukera ez dutenek, ahalik eta lekurik babesean aparkatu behar dute autoa izotzezko gauetan. Hala ere, litekeena da autoaren beirak izoztuta izatea. Ur beroa erabiltzea ez da gomendagarria –beira zarta dezake–, eta gatza ere ez –beira urratu–. Autoaren berogailua piztu daiteke, eta eskura edukiz gero, izotzaren aurkako likidoa bota beirari. Baina izozte hori saihesteko modu onena prebentzioa da, autoaren beira nagusia kartoi edo manta batekin estaliz.
Apirilera arte egongo da indarrean Neguko Bidezaintza Plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 15ean jarri zuen martxan 206-2017 Neguko Bidezaintza Plana, eta apirilaren 15era arte egongo da indarrean. Aurtengo kanpainak bi berritasun nagusi ditu: eskualdekako aurreikuspen meteorologikorako Euskalmeten eguraldi iragarpena –errepideetan dauden estazio meteorologikotik ateratzen ditu datuak– eta gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat –Gipuzkoan 38 gatz biltegi daude–. Planak 2,5 milioi euroko aurrekontua du.
Neguko Bidezaintza Planak elurra kentzeko 80 kamioi, 4×4 motako 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz ditu. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak garabiak jarriko ditu N-1 eta A-15 errepideetan. Ahalmen handiko garabi horiek ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero erabiliko dira. Giza baliabideei dagokionez, langile kopurua elur kotaren araberakoa izango da. Elur kota itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru aktibatuko dira.