Haurra zela, ezinezko ametsa iruditzen zitzaion Aitor Mantxolari (Legazpi, 1962) zineman lan egitea. Gaur egun, argazki zuzendari oso estimatua da sektorean. Pasioa lanbide bihurtzea lortu du.
Argazki zuzendaria zara. Zehazki zein da zuen lana?
Ikusleak pantailan zer eta nola ikusiko duen erabakitzen dugu: argia, kameren posizioa eta mugimenduak, plano motak, zein objektibo erabili… Prozesuaren hasiera-hasieratik amaieraraino parte hartzen dugu. Postprodukzioan, planoak banan-banan tratatzen ditugu, nahi dugun efektua edo testura lortzeko. Zuzendari batzuek oso argi izaten dute nola kontatu nahi duten istorioa, baina oso kasu gutxitan gertatzen da hori. Gehienetan, gure esku uzten dute.
Gaur egun sonatua zara zure lanbidean, eta pelikula askotarako hots egiten dizute. Baina, nola iritsi zara honaino?
Niretzat mirari baten antzekoa izan da. Oso urrun ikusten nuen zineman lan egitea. Legazpin, La Sallen ikasi nuen, eta astean behin zineforuma egiten genuen. Hamabi urterekin Ley de silencio filma ikusi genuen, eta orduan konturatu nintzen nolako indarra zuen zinemak istorio bat kontatzeko. Noizbehinka proiekzio gela barrura ere sartzen ginen, zinta jartzen laguntzera. Niretzat magia zen hori. Orduan sortu zitzaidan harra.
Hortaz, haurra zinenetik gustatu zaizu zinema. Zein pauso jarraitu zenituen zure ibilbidea osatzeko?
Ingeneritza ikasten hasi nintzen, eta lehenengo urtean pentsatu nuen: «Bizitza bakarra daukat, eta saiatu egin behar naiz nahi dudan hori lortzen». Orduan zinema eskoletara idazten hasi nintzen: Errusia, Polonia, Txekia, Amerika… Laguntasun gehien amerikarrek eskaintzen zizkidaten, eta San Franciscora joan nintzen ikastera. Ikasi bitartean, argazkilari bezala lan egiten nuen. Gero, American Film Institute-en hartu ninduten masterra egiteko, Los Angelesen. Han, elektrikari bezala lan egiten nuen errodaietan, dirua lortzeko, eta, aldi berean, besteek nola lan egiten zuten ikusteko. Oso esperientzia polita izan zen, eta zortea izan nuen, jendeak asko lagundu zidalako. Gainera American Film Institute-en sartzea izugarrizkoa da;?urtean bost ikasle baino ez dituzte hartzen espezialitate bakoitzeko.
Eta lan mundura nola salto egin zenuen?
Los Angelesen nengoela, Tailandiatik deitu zidaten, iragarki batean argazki zuzendari moduan lan egiteko. Hilabete egin nuen han. Beste bi urterako kontratua eskaini zidaten, iragarki oso potenteak egiteko:?Nivea, Danone, auto iragarkiak… Diru asko zen, baina pentsatu nuen ez nintzela hainbeste sakrifikatu gero iragarkiak egiteko. Nire nahia zineman lan egitea zen. Hortaz, hona bueltatzea eta zerotik hastea erabaki nuen.
‘Alas de mariposa’ filmean egindako lanak bultzada eman zizun.
Zorte handia izan nuen. Juanma Bajo Ulloak deitu zidan Alas de mariposa filma egiteko. Urrezko Maskorra irabazi zuen filmak. 28 urte nituen orduan, eta horrela sartu nintzen poliki -poliki zinemaren munduan. Dena den, oso zaila da zineman aurrera egitea. Oso poliki joan beharra dago.
«Oso urrun ikusten nuen zineman lan egitea. Mirari baten antzekoa izan da niretzat»
«Modak Europan baino gehiago agintzen du Amerikan; hona ere iristen ari da»
«Zorionez, jendeak ez du ezagutzen kamera atzeko lana. Horri esker lasai bizi gaitezke»
Zein da orain arte gehien markatu zaituen lana?
Uste dut oraindik egiteko dagoela gehien markatuko nauen pelikula. Hala ere, lan guztietatik ikasten duzu zer edo zer. Nire ibilbidean gehien markatu nautenetako batzuk aipatzearren, Alas de mariposa, Todas hieren eta Arderás conmigo izango lirateke. Hiruak egin nituen argilunak erabilita. Bestalde, Lasa eta Zabala filmarekin ere oso gustura nago, ez soilik argiagatik, baizik eta horrelako istorio batean parte hartzeagatik. Eta, noski, nire alabarekin egindako laburmetraia. Bera aktore protagonista zen, eta Goya saria irabazi genuen. Oso esperientzia polita izan zen, desberdina. Harrituta geratu nintzen nire alabarekin.
Argazki zuzendaritzan ere modak aginduko du askotan, ezta?
Amerikan Europan baino gehiago agintzen du modak. Dena den, Europan ere hasi dira dagoeneko imitatzen. Pelikula arrakastatsu bat ateratzen denean, gero pelikula pila bat ikusten dituzu oso antzekoak. Niri hori ez zait batere gustatzen. Lan bat esku artean dudanean, zerotik hastea gustatzen zait. Behin eta berriz irakurtzen dut gidoia, eta poliki-poliki joaten naiz pentsatzen gauza bakoitza nola kontatu. Istorio bakoitzari egokitzen saiatzen naiz, gidoiak ematen didan sentsazioaren arabera. Bestela lan honek ez dauka graziarik.
Jendeak ezagutzen eta estimatzen al du kamera atzean egiten den lan guztia?
Zorionez, ez. Horri esker, lasai bizi gaitezke. Kamera aurrean egoteko balio egin behar da.
Aurten, besteak beste, ‘Igelak’ filmean parte hartu duzu. Nolako harrera izaten ari da?
Uste dut jendeari asko gustatu zaiola. Oso pelikula berezia da. Patxo Telleriak aukera oso ausarta egin du. Horrelako jendeari lagundu egin behar zaio. Gozamena da Patxorekin lan egitea.
Euskal pelikula gehiagotan ere parte hartu duzu, esaterako, ‘Bypass’ edota ‘Lasa eta Zabala’. Nola dago euskal zinemaren egoera?
Zinegileoi hobeto egotea gustatuko litzaiguke, baina egia da Euskal Herria oso merkatu txikia dela. Egiten diren pelikulak egitea ere asko da. Kalitatearen aldetik ere, oso pelikula onak eta zainduak egiten dira. Horrek asko pozten nau. Dagoeneko ez dago alderik pelikula euskaldun baten edo, adibidez, frantses baten artean. Gainera, ni gehienetan kanpoan ibiltzen naiz lanean, eta hemen lan egitea tokatzen zaidanean oso atsegina izaten da, luxu bat.
Argazki zuzendari modura, zein da zure bereizgarria?
Askok esaten didate nire lana erraz ezagutzen dela. Gustatzen zait jendeak hori esatea, horrek esan nahi duelako nire lanak baduela pertsonalitatea.
Momentu honetan zertan ari zara lanean?
Orain Bajo la piel del lobo filma prestatzen ari gara. Zuzendaria galiziarra da, eta Asturiasen bizi da; bere lehen lana da. Oso gidoi potentea idatzi du. Teknikoki oso filma zaila da. Elur artean errodatu behar dugu, eta azken ehun urteetako otsailik hotzena datorrela esan digute. Mario Casasek parte hartu nahi du, bere ibilbideari bira bat emateko. Dagoeneko pasa ditu egun batzuk artzain txabola batean, animaliei larrua nola kendu ikasten. Hau da, ez da guaperas papera egiten aterako.
Etorkizunari begira, baduzu zure lanari lotutako amets edo erronkaren bat?
Bai, noski. Lope de Agirreri buruzko film bat egin nahi dut. 1987an hasi nintzen prestatzen: dokumentazioa bildu, ikertu… Ez bakarrik nire lanean, nire bizitzan ere aportazio txiki bat egin nahi dut. Ea hemendik lau bat urtera egiteko modua dudan.
Anekdotaren bat ere izango zenuen urte hauetan guztietan.
Esan bezala, Los Angelesen ikasten ari nintzela, elektrikari modura lan egiten nuen dirua lortzeko. Klaseko bost ikasle joaten ginen, eta ekipo modura lan egiten genuen. Oso lagunak egin ginen;?barre pila bat egiten genuen elkarrekin. Bada, bost horietatik, batek bi Oscar jaso ditu, eta beste batek Oscar bat. Hori oso pozgarria da.