Orain sei hilabete atera zen Kubatik Jorge Antonio Rodriguez (La Habana, 1986) Urretxura bizitzera etortzeko. Kubako egoerak «behartuta» utzi du jaioterria, bestela, ez litzatekeela inoiz handik aterako dio. Hemen lana aurkitu eta bizimodua ahalik eta duinen ateratzea da orain bere helburua eta ametsa.
Nolatan utzi zenuen Kuba, Urretxura etortzeko?
Ama orain 9 urtetik bizi da Urretxun, bertan ezkonduta dago. Kuban gauzak oso gaizki daude. Estatuarentzat lan egitera behartuta gaude, baina ordaintzen dituzten soldatekin ezinezkoa da duintasunez bizitzea. Ez dago janaririk, ez dago non bizitzerik… Munduan Kubari buruz dagoen irudiak ez dauka errealitatearekin zerikusirik. Gobernuak zentsura praktikatzen du, eta bertako egoeraz hitz egiten duten kubatarrak zigortu egiten ditu. Orain gutxi arte, adibidez, ez dugu Interneterako sarbiderik izan.
Nolakoa da gazteen egoera bertan?
Gazteentzat ikasketak derrigorrezkoak dira Kuban, batxilergora artekoak behintzat. Unibertsitatera joatea hautazkoa da. Baina ikasketak izateak ez du lan eta soldata duin bat izatea bermatzen. Mediku batek, adibidez, aparteko lanak egin behar ditu hil amaierara iritsi ahal izateko. Gazte kubatarrek dirua irabaz daitekeen zerbaitetan lan egin nahi dute.
Zerk ematen du dirua Kuban?
Turismotik bizi daiteke, propinak jasotzen dira eta soldata borobiltzeko balio dute. Farmazia-industriak ere dirua ematen du. Baina Kubako jende gehiena kanpotik senitartekoek bidaltzen dutenari esker bizi da. Aitari hilero 50 euro bidaliko banizkio, errege bat bezala biziko litzateke han.
Zer da Urretxura iritsi zinenean atentzioa eman zizuna?
Ni ez naiz Kubatik inoiz atera. Bizitza maila oso bestelakoa da, eta hemengo jendea oso bertakoa dela konturatu naiz. Hasieran baztertuta sentitu nintzen, hasierako harremanak egitea asko kostatzen zaizue euskaldunei. Urretxuko Udalak Urretxun bizi gara ikastaroan parte hartzeko gonbitea egin zidan, eta ordutik ikuspegia erabat aldatu zait.
Zer da ikastaroan irakatsi dizuetena?
Bertako historia, eskualdea, kultura… ezagutzeko aukera izan dut ikastaroaren bitartez. Baina ez hori bakarrik, herrian gure eskura dauden zerbitzuak zeintzuk diren irakatsi digute eta kudeaketa administratiboarekin lagundu. Lagunak ere egin ditugu bertan.
Zein da zure jomuga?
Lana aurkitu nahi dut, Kuban utzitako senideei laguntzeko eta bizimodua atera ahal izateko. Euskaltegian euskara ikasten ere hasi naiz. Bertara egokitzen saiatzen ari naiz.