Ion Muñoa
Goierrin udalerri bat gehiago gara urte hasieratik. Zorionak Itsaso eta itsasoarrok! Desio bat ere bai bihotz-bihotzez: berriro udalerri izateko egindako bide honetan erakutsi duzuen kemena, gogoa eta pazientzia zuekin izan ditzazuela urte luzez. Bejondeizuela!
Herri handiagoen betaurrekoetatik begiratuta, askok indiferentziaz edo anekdota gisara ikusiko dute Itsasoren tamainako herri bat udalerri izatera pasatzea. Askorentzat atzera pausoa izango da 2017an 200 biztanlera iristen ez den udalerria sortzea. Beste askok, etorkizuna erabakitzeko egindako ariketa demokratikoa eta itsasoarren gehiengoaren borondatea errespetatu izana balioetsiko dute. Eta egongo da jende dezente, baita Goierrin ere, Itsaso non dagoen ez dakienik edo udalerri bihurtu dela ere enteratu ez denik.
Edozein modutan, Itsasoren kasua aitzakia eta irakaspen moduan hartuta, geroari begira jartzen bagara, herri txikiek Goierrin eta Euskal Herrian duten eta izan behar duten papera ez dut uste tamainaren logikak bultzatzen duen bigarren planoan jartzerik dagoenik. Lehen lerroko etorkizuneko euskal gaia da herri txikien geroa ere. Azaroan Zerainen herri txikien etorkizunaz egin zen kongresuan ere aldarrikatu zen herri txikiek gure gizartearen ia arlo guztietan duten garrantzia: nortasunean, lehen sektorean, paisajean, hizkuntzan, kulturan, balioetan, ohituretan, ingurugiroan… Alabaina, egun, herri txikietan, inpresioa dugu gizarte-neurketa tamainaren balantzan bakarrik egiten dela; eta postaletarako herri politak ditugula, baina hortik aurrera ezer asko ez. Gabiritik begiratuta, nola ikusten da Itsaso eta herri txikien geroa?
Eneritz Gorrotxategi
Gabiriako gainetik begiratuta hantxe, begirada bakarrean ikusten dira bai Itsaso, baita Ezkio eta euren inguru guztia ere. Gure sustraiak eta oraindik adartxo batzuk ere hantxe kokatzen dira gainera, beraz, beti begiratu izan diot Itsasori, Ezkiori bezain besteko miresmenez. Hori bai, garai bateko iruditik hona, aldaketaren bat nabarmentzekotan, zera esango nuke, garai batean baino hormigoi eta tunel gehiago ikusten dela, barrenean batipat.
Itsasok orain eman duen urratsa dela eta, esan behar da bere garaian halabeharrez elkartuarazi zutela alboko herriarekin, eta orain egin duena, eskubideak berreskuratzea izan dela. Bere udal propioa izateko eskubidea aitortu zaio, garai batean izandako herri izaera berreskuratuz. Baina, Itsasok egin duen bezalaxe, atzera begiratu eta historia ezagutzea edota lehen gertatutakoa jakitea, egungo egoera aztertu eta geroa bideratzeko baliagarri izan behar zaigu gainerakoei ere. Bizitzako esparru guztietan gertatzen den gisan, orain hartzen diren erabakiek, gerora ondorioak izaten dituzte eta.
Horrexegatik zer daukagun ikusi eta ondorengoei zer etorkizun utzi nahi diegun ongi hausnartu behar dugu, bat edo beste egiteak etorkizuneko herri eredua, hizkuntza, paisaia, kultura, ohiturak, bizimodua… dena baldintza dezakeelako. Daukagunari ematen diogun erabilpenaren arabera baldintzatuko dugu etorkizuna, eta horren jakitun izan behar dugu. Ez litzateke bidezkoa herri handietako erabakiak txikiek pairatu beharra, edota baliabide guztiak handira bideratu eta txikiak garatu gabe uztea irudi bukolikoen bila. Herri txikiak zein handiak, guztiak dira beharrezkoak, noski, baina euren artean osagarri izatea da nire ustez gakoa, inork inor zigortu gabe.