Ez genuen berehalakoan esango horrelakorik izango genuenik, ezta haren premia izan genezakeenik ere, baina iritsi da. Legazpiko Haztegi Ikastola ere KiVa ikastetxea da; alegia, beste 51 ikastolak bezalaxe, tokia egin dio bere curriculumean Eskola Jazarpenaren Aurkako Programari, ikastetxean izan litezkeen eta seguruenik badiren jazarpen kasuei irtenbidea bilatzeko.
Badirela…? Bai? Guraso gehienon harridura, irakasleek programaren berri emateko LHko ikasleen gurasoontzat antolatu zuten bileran. Ba, antza, bai, eta guk uste baino gehiago, gainera. Hamar ikasletik batek sufritzen omen du jazarpena eskolan. Hamarretik batek, alajaina! Ezinbestekoa, beraz, neurriak finkatzea. Hala, Turkuko Unibertsitateak (Finlandia) landutako programan parte hartzea erabaki dute, eskola jazarpena prebenitzeko eta murrizteko helburuarekin.
Eta ez alferrik, prebentzioa izan zen letra larriz bilerako termino ardatza, prebentzioa baita gakoa, hein handi batean, arazoak puzten eta puzten jarrai ez dezan. Hargatik, taldea zeinen garrantzitsua den azaldu ziguten, eta hainbat datu jarri zituzten mahai gainean: erasotzaileak, oro har, % 9 omen dira; biktimak, berriz,% 13; erasotzailea animatzen dutenak, % 23; eta haren laguntzaileak, % 8; biktima defendatzen dutenak, berriz, % 20.
Eta, bere txikian, gaztaren zatirik handiena biltzen duen taldetxoa geratzen zaigu hor: % 27, onartzaile isilak; esan nahi baita, gertatzen dena ikusiagatik, ez alde ez kontra agertzen ez direnak. Ustez, horietako gehienek ez dute begi onez ikusten biktimari gertatzen ari zaiona, baina euren burua salbu ikustearren, ez dute pausorik ematen, ez dira auzian sartzen.
Horien jarrera aldatzea funtsezkoa omen da, eta ez ikusiarena egitea nolabait biktimaren kalterako dela erakutsi behar omen zaie. Beharrezkoa da, horrenbestez, etxean horri buruzko azalpenak ematea gure seme-alabei. Erasotzaileari oldartu gabe, hura iraindu gabe edo tratu txarrik eman gabe, baina biktimaren alde daudela erakutsi behar dutela azaldu behar diegu. Biktimaren alboan jartzearekin nahikoa omen da. Isilik, keinurik egin gabe edo ezer esan gabe, baina jazarriaren eskuin-ezker, aurre-atzeak bete behar dituztela. Elkartasunez bete. «Lasai, hemen gaude», esanez bezala.
Hanka luzeak ditu jazarpenak, eta eskolara ez ezik, beste arlo ugaritara ere zabaltzen da haren hats likatsua: ikasle garaietako kimu nanoak ohitura eta ohikeria hezigabeetan iaio bihurtzen baitira urte batzuetara. Gainera, eragindako kalteak uste baino gogorragoak izaten dira maiz. Azken asteotan hamaikatxo albiste gogor iritsi dira gure begi-belarrietara: apaiz batek gehiegikeriak egin zizkien duela urte mordoxka bat bere arretapean zituen gazte batzuei; aita batek 2 urteko alaba egurtu du, hilzorian uzteraino; emakume bat hil eta haren gorpua errekara jaurti du bikotekideak…
Biktima horiek guztiek ez zuten izan, tamalez, inortxo ere alboan, elkartasunez euren ezker-eskuinak betetzeko, «lasai, hemen gaude» esateko eta patu krudeletik atera zitzakeen pauso erabakigarria emateko. Azken aldia izango al da!