Idiazabalgo areto futboleko hiru jokalari deitu ditu 21 urte azpiko euskal selekzioak; Olaia Aguilar (Idiazabal), Luzia Urkiola (Gabiria) eta Ane Altolagirre (Idiazabal). Orain dela hilabete gutxi jakin zuten euskal selekzioarekin jokatuko zutela eta «ilusio handiarekin» jaso zuten albistea, hiru jokalariek kontatutakoaren arabera.
Txikitan hasi ziren hiru neskak areto futbolean jokatzen. Eskola kirolean, kirol desberdinak probatzeko aukera izan zuten. «Saskibaloian, eskubaloian eta areto futbolean aritzen ginen eskola kirolean» argitu du Altolagirrek. Bataren edo bestearen aldeko aukeraketa, urte batzuen bueltan egin zuten, eta hiru neska gazteek oso garbi izan zuten areto futbola izango zela beraien aukera. «Probatutako kirol desberdinen artean areto futbola da gehien gustatzen zitzaidana», gehitu du Aguilarrek. Idiazabalen, gainera, nesken areto futboleko taldea zegoen eta horrek ere lagundu zion erabakia hartzerakoan. Entrenatzaileak gainera, lehenengo momentutik «oso harrera ona» egin ziela nabarmendu dute eta Idiabazabalgo taldean dagoen «giro politak ere» erakarri zituen.
Saiatzearen emaitza
Orain hiru urte deitu zituen areto futboleko 21 urte azpiko euskal selekzioak Urkiola eta Altolagirre. Hura izan zen, selekzioak deitzen zien lehenengo aldia. «Selekzioan sartzeko probak egin genituen, baina ez ginen aukeratuak izan» adierazi dute bi gazteek. «15 urte genituen orduan eta gainontzeko jokalariek guk baino urte gehiago zituzten», nabarmendu du Urkiolak. «21 urte arteko neskak zeuden eta adin tarte horretan urte batzuk gora edo behera, alde handia dago», aitortu du Altolagirrek.
Hurrengo urtean berriz ere selekzioan sartzeko probak egin zituzten . Deialdi hartan, Luzia Urkiolak bere lekua egin zuen Euskadiko taldean, eta 16 urterekin jokatu zuen lehenengo aldiz areto futboleko euskal selekzioarekin. Esperientzia «oso polita eta aberasgarria» izan zen hura beretzat.
2016an, Euskal selekzioak berriz ere deitu zituen Idiazabalgo jokalariak. Azkeneko deialdi hortan, hirugarren jokalari bat sartu zen, Olaia Aguilar. «Ilusio handiarekin» jaso zuen albistea. Hainbat proba egin ostean, hirurak aukeratuak izan direla adierazi zieten. Urte hauetan, «gogor lan egin» dute, eta azkenik saria iritsi zaie.
Talde berriarekin, Getxon hiru eguneko kontzentrazioa egin zuten urtarril hasieran «lehenengo entrenamenduak egiteko». Espainiako txapelketa izango dute laster, eta «lan handia» dute aurretik. Entrenamenduei dagokienez badago aldea herriko taldetik selekziora: «Metodologia oso desberdina erabiltzen da, baina saiatuz gero, asko atera daiteke esperientzia hontatik», aipatu du Urkiolak.
Beste talde batzuetan nola lan egiten duten ikusteko aukera eman die gainera. Areto futbolean «hobetu eta asko ikasteaz gain, lan egiteko beste modu batzuk eta jende berria ezagutzeko aukera eman» diela gehitzen du. Horretaz gain, esperientzia bezala, «oso aberasgarria eta oso ongi pasatzen» dutela erantsi dute.
Beste erkidegoetako taldeak direla eta, «talde beteranoak dira gehienak, adin gehiago duten neskek osatzen dute» eta horrek «indartsuagoak egiten» ditu. Hala ere, «lan gogorra» egingo dute, maila erakusteko.
Familiak eta lagunek «aukera aprobetxatu, baina batez ere ongi pasatzeko» esan diete, eta dudarik gabe, halaxe egingo dute Goierriko hiru neska gazte horiek.
Beste goierritar batzuk
Ordizian ere areto futboleko talde polita dago. 2014ean lehenengo mailara igotzeko pasea lortu zuten. Estanda Ordiziak hainbat urte eman zituen lehiaketako lehen postuetan jokatzen. Espainiako ligako bigarren mailan sei urte egin zituen eta igoerako play off-ean hiru aldiz jokatu zuten lehenengo mailara igoera lortu aurretik, eta azkenik, duela hiru urte, goraino iristea lortu zuten.
Baina ez zitzaien erraza egin maila mantentzea eta berriz ere bigarren mailara jaitsi ziren «Oso ongi jokatzen duen taldea da» eta sailkapen taulan goiko aldean kokatzen da azkeneko urteetan.
Idiazabalgo taldean ari diren hiru neskentzat ere «eredu» dira. «Haiek ikusita ikasteko aukera dugu eta beraiek ahal izan badute, guk zergatik ez?» dio Aguilarrek. «Norberaren buruari gehiago eskatzeko balio digu horrek» adierazi du Urkiolak. Ordiziako taldetik ere hiru jokalari deitu ditu euskal selekzioak; Irati Fuentes, Lide Aranzabe eta Nerea Pavo.