2014an sortu zuen EIk Ekinez proiektu berria. Euskal Herriaren erronkak eta ‘gai transbertsal’ handienak identifikatu zituzten, galdezka. Zuhaitz irudian antolatu zituzten, bost eremutan. «Sustraiak dira gure printzipioak», dio Iñaki Dorronsoro lehendakariak.
Bost adar nagusi
Oinarrizko bost eremu definitu ditu EIk, euskal gizartearen etorkizuneko egitura lantzeko: euskararen etorkizuna; euskal kultura eta identitateak; egituraketa sozio-politikoa (Estatutuarena); eredu sozio-ekonomikoak eta enpresa; «eta goian, denen gainean, bonbilla: Euskal Herria etorkizunean nola ikusten dugu?», hausnarketa prospektiboa.
Historia, denaren lokailu
«Arbola hori osoa izateko, historia nahi dut enborrean. Lehengotik ikasi, gaurkoa ulertzeko, eta hortik etorkizuna ikusteko. Arlo guztietan historia dago. Hori orain ari naiz gure artean zabaltzen».
Epeak
2014an proiektua onartuta, lau urterako lanerako egitura eta dinamika zehaztu du EIk. Eremu bakoitza abian jarri du, adartxo gisa irudikatutako proiektuekin. Lau urteko proiektuak dira. 2014an hasi, 2015ean abiatu eta 2016an erritmoa hartu dute.
Antolaketan, jende iaioa
Proiektu bakoitzaren antolakuntza ere zehaztuta dago. Lantaldearen zuzendaria, 2016ko apiriletik, Iñaki Ibarra da. Beste 16 pertsona ari dira, lanean. Proiektu bakoitzean sustatzaile deritzona dago, alboan zuzendari akademiko bat eta zortzi pertsonako talde eragilea.
Denera, bost proiektuetan 300 bat lagun ari dira. «Proiektu guztiak ez daude dinamika berdinean. Egitura sozio-juridikoaren lantaldean, adibidez, bilerak larunbatetan dira, eta 50 pertsona baino gehiago etortzen ari dira. Oso gustura, entzun diedanez».
Unibertsitateko jende «potentea eta konprometitua» ari da lanean: Guillermo Dorronsoro, Juan Mari Uzkudun, Helena Franco, Jean Michel Larrasket…
Mintegiak
Azaroaren 17tik 19ra Zerainen egin bezala, mintegi edo jardunaldi sorta ari da burutzen EI. Haren jarraipen gisa, otsailaren 3an Barkoxen dute mintegia.
Kongresua, mendeurrenean
2018a «mugarria»?izango da Eusko Ikaskuntzarentzat. Sorreraren mendeurrena beteko du. «Lehenengo eszenaratze indartsua orduan egin nahi dugu». Bost euskal hiriburutan kongresu partzialak egingo dituzte, lan-eremu bakoitzeko bana: Iruñean identitateak; Gasteizen euskararen etorkizunaz; Bilbon eredu sozio-ekonomikoa; Baionan etorkizuna irudikatzekoa; eta Donostian artikulazio juridiko-politikoa.
«Ez dizut aurreratuko, baina Euskal Herriko artikulazioaren inguruan proposamen bat egon daiteke, Estatutuaren antzera, planteamendu bat egon daiteke».
Mendeurreneko kongresu nagusia Oñatin egingo dute, «sintesiko kongresua», sorrera lekuan.
Euskal Herri osoa sartuta
«Handira goaz, bestela ez daukagu zer eginik», dio Dorronsorok. Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektorean Hegoaldeko hiru foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua daude. «Ametsa zena, Ipar Euskal Herriko erakunde bat badaukagu, Euskal Elkargoa, eta horren ordezkaria sartzea oso ondo hartu du Jean-Rene Etxegaraik».