Dagoeneko ez du aurkezpen handirik behar. Orain de-la urte pare bat Donald Trump nor den galdetu izan bazenidate, erantzun zuzenik ez nuen asmatuko. Imajinatzen dut gehienoi gauza bera pasako zitzaigula. Dagoeneko munduko pertsonaia ezagunenetako bat –ezagunena ez bada– bihurtu da Queens-eko (New York) ilehoria. Enpresa-gizon eta telebistako celebrity izatetik Amerikako Estatu Batuetako presidente izatera. Ez da salto makala, gero.
Politologo eta kolore askotako adituren analisiak entzuten ari gara azkenaldian, tamaina horretako arrakastaren zergatiak aztertuz. Estatu Batuetako komunikabide nagusiak eta bere alderdikide asko kontran edukita ere, garaile traba guztien gainetik, pronostiko guztien kontra. Bere hizkuntza zuzena, tolesturarik gabea, kalekoa, probokatzailea, jotzen dute batzuk sekretu gisa. Komunikabideak eta sare sozialak titular deigarriz betetzeko abilezia nabarmentzen dute askok. Herrikideek entzun nahi duten hori itzulingururik gabe esateko gaitasuna ere bai.
AEBetako kanpainan utzi dizkigun perlak ere entzute-koak izan dira. Mexikarrez hitz egiteko garaian drogazale eta biolatzaile adjetiboak erantsi dizkie, immigrazioa kontrolatzeko neurri zorrotzak hartzeko mehatxu egin zuen, emaku-meen aurkako hizkuntza lotsagabe eta zeharo matxista erabili zuen, kazetari elbarri bati jendaurrean iseka egin zion, zergak ez ordaintzeaz harro agertu zen… Zerrenda luzea benetan. Amaigabea.
Inork zalantzarik bazuen, hauteskundeak irabazi eta presidente izatera iritsi bezain pronto hasi da bere zigilua uzten. Estatu Batuetan eta mundu osoan. Musulmanak gizartearen gehiengoa osatzen duten zazpi herrialdetako herritarrei ez die Estatu Batuetara sartzen utziko aurrerantzean. Horixe erabaki du joan den astean. Mexikori ere jakinarazi dio dagoeneko bere iparraldeko muga osoan horma bat altxatuko duela eta dolorosa gero mexikarrek eurek ordaindu beharko dutela gainera.
Eta, hala ere, Trumpen neurri eta jokabide populista eta zitalek baino, beste gauza batek kezkatzen nau. Trumpek berak baino, gure buruari egiten dizkiogun tranpek, alegia.
Utzidazue azaltzen. Badaukat susmoa tranpa egiten diogula gure buruari Estatu Batuetako presidentearen kirtenkeriei aurre egiten diogunean, kritikatzen ditugunean –arrazoizko kritikak izan arren–, baina gure inguruko hainbat jokabide autokritikarik gabe onartzen ditugunean.
Donald Trumpen fenomenoa, hain zuzen ere, gaur egungo gizarteak bizi duen egoera baten isla dela esan nahi dut. Gure gizartearen karikatura erakusten digun ispilua. Sare sozialetan hitzen biolentzia eguneroko gauza da eta gezurra egia bilakatzen da, adibidez, hamaika aldiz errepikatzean; Etxe Zurira begiratu beharrik ez dago, baita ere, jarrera arrazista eta xenofoboak entzuteko. Kendu bestela artikulu honetako hirugarren parrafoko mexikarrak hitza eta jarri magrebiarrak, esate baterako. Antzeko esaldiak entzungo zenituen tabernaren batean eta lagun arteko solasaldiren batean. Berdin gertatzen da hormekin. Ceuta eta Melillan jarritako hesiei begiratu eta antzekotasunak bilatzea ez zaigu zaila egingo.
Donald Trumpen imintzioak eta erabaki doilorrak entzun eta ikusi, eta beldur naiz ez ote den hori datorkiguna. Eta pentsatu nahi nuke honetan ere euskaldunok ezberdin jokatzen jakingo dugula. Gure gizarteari historian zehar eutsi dioten elkartasuna eta auzolana bezalako balioei esker. Baina horrek gure artean zabaltzen ari diren balio eta ideia asko errebisatzea eskatzen du. Trumpen ereduari uko egin nahi badiogu, haren diskurtsoa baliogabetzen duten balioei eutsi beharko diegu: demokrazia, elkartasuna eta askatasuna, esate baterako.
Hori da nire itxaropena, Trumpengan gure buruaren karikatura ikusiz gero, norabide horri uko egiten jakingo duguna.