XIV. eta XV. mendean judutarrak bizi izan ziren Seguran; Gebaratarren babespean iritsi ziren, zergak biltzeko, eta merkataritza eta ekonomia sustatzeko asmoarekin. Garai hartan, sinagoga izan zen Torre Zarra.
Rafael Berasategi Segurako historia berreskuratzeko lanean ari da azkeneko urteetan. Historia aztertu, gertaerak elkarrekin josi eta transmisioa bermatu nahi du Berasategik. Ikerketa horretatik atera du bi mendez, Seguran judutarrak bizi izan zirenaren arrastoa eta 1971. urte ingurura arte zutik izan zen Torre Zarra jauregia judutarren sinagoga izan zela, XIV. mendetik XV. mende bukaera arte.
Berasategiren esanetan, gaur egun Kutxaren bulegoa dagoen etxean zegoen Torre Zarra edo sinagoga: «Judutarrak XIV. mendean iritsi ziren Segurara Gebaratarren babespean, zergak biltzeko eta Gebaratarren merkataritza eta ekonomia sustatzeko asmoarekin». Berasategik nabarmedu duenez, Seguran «izugarrizko «boterea zegoen, merkataritza handia zegoen eta. «Judutarrak ez ziren zerga biltzaileak bakarrik, medikuak eta prestamistak ere bai», gaineratu du.
Garai hartan Gipuzkoan, Arrasaten eta Seguran zeuden finkatuta judutarrak; Gasteizen, Orduñan eta Agurainen ere bai. Igor Santos Salazarrek egindako ikerketaren arabera, 1450 urtean 4.300 judutar egon ziren inguru horretan; 1453an 3.200, 1464an 4.000 eta 1479an 1.000. «1492an kanporatuak izan ziren».
Simancaseko agiriak
Segurako udaletxean ez dago garai hartako agiririk; «1936ko gerrako zenbait dokumentu desagertu diren bezala, garai hartakoak ere falta dira». Dena den, urte gehien dituzten segurarrek, «1960ra arte, erdiko kaleari judu kalea deitzen zioten». Erraztiolatza museora bisitan joandako Valladolideko (Espainia) bisitari batek pasa zizkion hainbat agiriren erreferentziak: «Pleitoetako informazioa ateratzen da bertan. Ez da azaltzen zer jende egon den bizitzen, izenak… hortik atera ditugu hainbat pista».
Maketan jasoa
Berasategik maketan eta marrazkian jaso du Torre Zarraren irudia, 1971koa eta XIV. mendekoa. Eraikinari buruzko informazioa, 1971ko irudi batetik atera du: «Argazki bat zegoen, San Joan bigarrenean aterata, eta handik atera genuen». Horretaz gain, XVII. mendeko Segurako grabatuan ere oinarritu da, baita segurar batek eraikina bota aurretik egindako koadroan ere. «Grabatuan ikusten da harresiaren ondoan dagoela eta lau aldeko teilatua duela. Koadroan, berriz, leihoak nolakoak zituen nabari daiteke».