Jose Luis Arzuaga arotz legazpiarrak hiru metrotik gorako kareharrizko olagizon bat zizelkatu du. Hiru urte luzeko lana izan da. Legazpiko herriari oparitu dio, baina ez du udalaren aldetik espero zuen harrerarik jaso.
Olagizona da. Euskaldun peto-petoaren aurpegia du:?luzeka, sudur eta belarri handiekin, eta pentsakor ageri da. Kareharrizkoa da, zurizka, eta hiru metrotik gorako altuera du. Jose Luis Arzuagak zizelkatu du eta Legazpiko herriari oparitu eta gero, udal agintariekin noiz bildu zain dago, kokapena guztien artean adosteko. Bitartean, eta badira hiru urte, olagizona esperoan da Arzuagaren arotz tailerraren ondoan.
Izan ere, Jose Luis Arzuaga (Legazpi, 1940) arotza da, eta egurrarekin egin du lan 14 urte zituenetik. Baina arotz izanda ere, harriak erakarri du beti, eta barruan zuen arterako griña azaleratzeko material horixe aukeratu zuen.
Gaztetxoa zela Arantzazun Oteizaren apostoluak zizelkatzen zituzten harginak lanean ikustera joaten zen, eta askotan pentsatu ere haiekin «pintxe» gisa gustura geldituko zela. Aurrerago egin zuen, 28 bat urte zituenean, lehen harrizko eskultura:?bere ama Julianaren bustoa, marmol italiarrean.
Herriari uzteko
Jaiotzak eta herriko festetarako karrozak eginez asetu zuen tarte batean bere artista sena Arzuagak, arotz lanarekin batera. «Arotzeria oso kreatiboa da, oso lan kuriosoa, proportzioak eta trikimailuak bilatu behar zaiona» dio. Baina hori guztia nahiko ez nonbait, eta lan handiago bati heltzea erabaki zuen.
Handiagoa, tamainaz eta asmoz.?Legazpiko herriari uzteko zerbait egin nahi zuen, eta olagizona iruditu zitzaion aproposena, legazpiarren historiarekin lotura handia duelako.
Buruari makina bat buelta eman eta prestaketa lan ugari egin ondoren, jarri zuen martxan proiektua 2010ean. Mirandaolara joan zen lehenik bere eskulturarentzako modelo bila. Gaurko olagizonei argazkiak atera eta gero, egurrean landu zuen maketa txiki bat. Ideia handik harrira eramatea izan zen hurrengo pausoa.
Kareharria aukeratu zuen Arzuagak bere olagizonerako, baina ez edonolakoa, ez zuen hemengo kareharri grisa nahi, baizik eta zurizka, olagizonek erabiltzen duten tunikaren kolorekoa, eta beta marroiduna. Kataluniatik ekarri zuen 12 tona eta erdiko pieza, kamioia eta grua erabilita. Elbarrena auzoan duen aroztegian jarri zuen harri puska, etzanda lehenengo, alde batera eta bestera biratuta gero, eta zutik azkenik.
Arzuagak 2013ko abenduan amaitu zuen olagizona, pieza bakarreko 3,24 metroko eskultura –hankak erantsita, 3,36 metrokoa–. Herriko beste artista batek, Ricardo Mediavilla erremintariak egindako tenazak eramango ditu eskuetan.
Kokapen egokiaren bila
Ia hiru urteko lana izan da, eta bidean makina bat Rotaflex erre ditu Arzuagak, baita buruhauste ugari izan ere. Eta buruhauste handiena gutxien espero zuen aldetik iritsi zaio, udal agintariengandik.
Arzuagaren hasiera-hasierako asmoa izan da olagizona herriari ematea, eta asmo hori gauzatzeko udaletxera jo du azken hiru alkateekin hitz egitera, Sotero Plazaola, Kepa Urtzelai eta Koldobike Olabide. Mirandaola, Euskal Herria plaza industrialdeko errotonda, Latxartegi… kokapen bat baino gehiago proposatu dira alde batetik zein bestetik, elkarrizketa bat baino gehiago izan dira, baina agintariek ez dute aurrerapausorik ematen eta ez dute ezer erabaki oraindik. Bitartean, Arzuagak eta olagizonak zain jarraitzen dute.